Final aurreratu gisa ikusten zuten zale askok atzoko lehia. Batez ere, lau pilotarien sasoia ikusita, eta txapelketan zuten joera nolakoa zen ikusita. Garaipen honekin, lidergoan berdinduta geratuko dira bi bikoteak, bosgarren jardunaldiaren ostean.
Jaka eta Mariezkurrena izan ziren lehen tantoetan dena egiten ari zirenak: joko zuzenagoa eskaintzeko gai ziren, inertzia euren aldekoa izanik Baina hutsak ere egin zituzten. Peio Etxeberria eta Jabier Zabaleta, berriz, ez ziren kikildu, eta, batzuetan defentsa lanetan aritu arren, ez ziren urduri jarri.
Elkar ulertze bikaina erakutsi zuten gorriek. Jaka, ausart aurreko koadroetan, eta Mariezkurrena, txinpartarekin. Baina ez zuten urruntzea lortu. Urdinen aldetik, Zabaleta lasai zegoen, eta Etxeberriaren jokoa hobetzen ari da jardunaldiz jardunaldi. Ez zen bere arratsalderik onena izango, baina partidan sartuta izan zen une oro.
Hatza odoletan
Urdinak 12-11ra iritsi ziren lehen atsedenaldia aurretik. Jarraian, Peiok eraman ezin izan zuen pilota batean, kontrakantxako pareta jo eta behatz batean min hartu zuen. Hatz txikia odoletan zeukan. Hautsita egon zitekeela pentsatu zuten, baina aldagelan minutu batzuk eman ondoren, Zenozkoa kantxara itzuli zen. Hori gutxi balitz bezala, hurrengo tantoan Mariezkurrenak pilotakada bat eman zion buruan. Zorionez, Etxeberria jarraitzeko moduan izan zen.
Lehiaren azken zatia tentsioz beteta egon zen. Bakoitzak bere pilotarekin min egiten zuen, baina bikoteetako batek ere ez zuen ihes egiten. Ikuskizuna atzelariek eman zuten, aparteko pilotakadak emanez errebotera iristeko. Zabaletak denbora asko eman zuen zazpiaren atzetik, baina lan horretan ere bikain aritu zen.
Gorriak 20-19 jarri ziren lehia gogorra izan zuen tanto batean. Menderatu zuten, baina eraginkortasunik gabe urdinen defentsa bikainaren aurrean. Peiok ezkerrez gaizki jotako pilotakada batek 20-20koa jarri zuen, eta, jarraian, Erikek ez zuen nafarraren sake bat boleaz eramatea lortu. Azkenean, urdinek aurreko koadroetan partida amaitzeko tantoa egin, eta lidergoa partekatzeko garaipena lortu zuten.