«Partida hau ona izango da konfiantza handitzeko. Segitzeko gogoz nago». Ez hasi Xala etxera bidaltzen. Lau t'erdiko Txapelketako azken partida izan zezakeela; fisikoki ezinak jota zebilela; ilusioa baretuta zeukala... «Ondo lan egin dut azken hilabetean, eta partida ona jokatu dut». Astean zehar mikrofonoen aurrean esandakoak berretsi zituen atzo lapurtarrak, Miarritzen Ezkurdia 22-18 mendean hartuta. Entrenamendu onak egin zituela-eta, abisu argia bidali zuen atzoko partidarako pilotak aukeratu berritan. Eta edonor estu hartzeko moduan dagoela erakutsi zuen kantxan. Ez dauka garai bateko bizitasunik eta fisikorik, eta Ezkurdiak opari dezente egin zizkion atzo. Baina, gorabeheraren bat salbu, Lekuineko aurrelariak asko jokatu zuen atzo pilotan.
Boladaka hasi zen partida. Hasterako, 3-0 aurretik Xala, ezker gantxoei sake ona gehituta; 3-5 iraulia Ezkurdiak jarraian, aurkaria asko mugitu ondoren tantoak ondo amaituta; 9-5 Xala aurretik, berriz ere, pilota txokoan goxo-goxo utzita... Arbizuarra hotz aritu zen partidaren lehen zatian, berezkoa duen bolea jokoa baliatu ezinik bezala. Xala ezker-eskuin mugitzea zen nafarrak tantoa egiteko biderik azkarrena, eta lapurtarrak behin baino gehiagotan erakutsi zuen ezina mugimendu horietan. Baina saketik lau tanto eginda eta lehen kolpeari defentsako lan txukuna gehituta, 14-8 ihes egin zuen irabazleak. Erabat kontzentratuta ari zen jokatzen Xala.
Arrisku bakarra zeukan partidak: hauspoa berotu, hankak makaldu, eta ezinak Lekuinekoa baretzea. Erritmo bizi-bizian, oso tanto gogorrak jokatu zituzten bi aurrelariek, eta 18-11koarekin ere dezenteko arriskua nabari zen. Hain zuzen ere, den-dena galduta zeukala ikusi zuenean hazi zen Ezkurdia, jokoan arrisku pixka bat hartu eta asmatzen hasi zenean. Xalaren hutsa (18-12); bi pareta indartsua (18-13); zabalean tantoa (18-14); bolea ona (18-15); txapagaineko neurtua (18-16); txokoan are ederragoa (18-17)...
Zailena eginda zeukan arbizuarrak, ordurako nekea pilatuta baitzegoen Xala. Baina elkarri opari asko egin zizkioten hurrengo tantoan, eta lapurtarrak ondo baliatu zuen aukera txokoan luze tantoa amaitzeko (19-17). Bi ezker gantxorekin 21-17 aurreratu ondoren, sakea berreskuratzeko gai izan zen, berriz ere, Ezkurdia, baina, burua hotz, lau t'erdian gozatzen jarraitzea erabaki zuen Xalak (22-18). Gutxien-gutxienik, beste hiru partida jokatuko ditu aurrelariak, eta ez da gutxi. Irujo, Urrutikoetxea eta Retegi Bi izango ditu aurkari final-laurdenetako ligaxkan, hurrengo hiru asteburuetan.
Retegi, uste baino errazago
Retegi Bik eta Jaunarenak Bartzelonaraino joan behar izan zuten lehen partida jokatzeko, baina jokoan ez zuten pilatu neke handirik, 22-5 nagusitu baitzen Eratsungo aurrelaria. Irabazleak hamar tanto egin zituen saketik. Aritz Lasa eta Jokin Altuna arituko dira gaur, Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan (17:00).
Gaztetuta agertu da
Lau t'erdiko Txapelketako final-laurdenetan sartu da Xala, Ezkurdiari 22-18 irabazita.Retegi Bik aise hartu du mendean Jaunarena (22-5)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu