Kazetariek Oier Lazkanorekin alderatzen dute, baina oker dabiltzala uste du Jon Barrenetxeak (Gamiz-Fika, Bizkaia, 2000). Movistarren bat egingo du Lazkanorekin, baita Alex Aranbururekin ere. «Ispilu egokiagoa» iruditzen zaio hura. Pello Bilbao da (Bahrain), dena den, Barrenetxearen eredu nagusia: «Aurrean dabiltzanek robotak dirudite ia; Pello, ordea, bizimodu normala izanik iritsi da gorenera. Esperantza ematen dit».
Irail hasieran bukatu zenuen sasoia. Zer moduz oporrak?
Nahiko gustura ibili naiz. Aurten ez dut unibertsitatera joan behar izan; beraz, denbora eduki dut gustatzen zaizkidan beste gauza batzuk egiteko. Bizikleta alde batera utzi dut. Beste kirol batzuk egiteko aprobetxatzen ditut oporrak: mendira joaten naiz, eta igeri egitea ere asko gustatzen zait. Klaserik izan ez dudanez, batzuetan aspertu eta guzti egin naiz. Bizikleta hartzeko gogoz nintzen, eta hasia naiz entrenatzen. Sasoia ohi baino lehenago hasiko dut, Australian; beraz, abenduan intentsitate handiagoko saioak egin beharko ditut.
Soudalen eta Jumbo Vismaren arteko bat egite posibleak kolokan jarri zuen zure fitxaketa. Izan ere, libre gera zitezkeen maila handiko zenbait ziklista, eta zain zegoen Movistar. Egoera hori nola bizi izan duzu?
Ez neukan lasterketarik, eta etxean lasai nengoen. Baina, egia esan, urduritasun momentu batzuk ere izan nituen. Azkenera arte ez dut jakin zein izango zen nire etorkizuna, eta oporretako lehen asteetan ezin izan nuen guztiz deskonektatu. Hala ere, banekien tokia nuela Caja Ruralen. Ez nengoen talderik gabe gelditzeko arriskuan.
Caja Ruralekin kontratua berritzear zinela harrapatu zintuen Movistarren eskaintzak.
Hala da. Egoera ez nekien noiz arte luzatuko zen, eta Caja Ruralen jarraitzeko erabakia hartu nuen. Azkenean, ordea, ez zen fusiorik izan, eta ireki egin zitzaidan Movistarreko atea.
Astanaren aukera ere mahai gainean izan duzu. Zergatik aukeratu duzu Movistar?
Talde sendoagoa dela iruditzen zait, eta etxeko taldetzat jotzen dut. Jende ezagunarekin egingo dut lan. Bertan seguruago ikusten dut neure burua. Aldaketa ez da horren handia.
Zeure burua prest ikusten duzu World Tour mailan aritzeko?
Bai. Hiru urte eman ditut Caja Ruralen, eta eskarmentua hartuz joan naiz. Gorputza aldatu egin zait, eta fisikoki oso ongi sentitzen naiz. Esfortzuei errazago hartzen diet neurria orain. Eta alor mentala ere indartu egin dut urte hauetan. Ohitu egin behar duzu goi mailako txirrindularitzak berezkoa duen gogortasunera. Erronka ederra da Movistar bezalako talde handi batean aritzea, eta gogotsu nago.
Oier Lazkano asko hazi da Caja Ruraletik Movistarrera joan zenetik. Haren arrastoari jarraitu nahi diozu?
Maila ematen dute Caja Ruraletik World Tourrera igarotzen diren ziklista gehienek, eta horrek lasaitasuna ematen dit. Oier asko hazi da, baina ezaugarri aldetik ezberdinak gara. Hark motor handia du, eta astakeriak egiten ditu. Ispilu egokiagoa da niretzat Alex Aranburu.
Beste erreferenterik baduzu ziklismoan?
Pello Bilbaorekin ia egunero entrenatzen naiz, eta hari asko begiratzen diot. Oso eredu ona da. Izan ere, gaur egun ziklista asko etxetik kanpo izaten dira urte osoan. Ez badira lehiatzen ari, altuerako egonaldiren batean daude. Aurrean dabiltzanek robotak dirudite ia; Pello, ordea, bizimodu normala izanik iritsi da gorenera. Esperantza ematen dit. Hura ere Caja Ruralen hasi zen.
Zer aholku ematen dizu?
Egunero aholku berri bat ematen dit. Baina aholkurik ohikoena bizikletaz gozatzea izaten da.
Taldeak zer eskatuko dizu?
Hasieran, taldekideentzako lan egitea. Pixkanaka tokia eginez joango naiz, eta, aukera ematen didatenean, emaitza onak lortzen saiatuko naiz. Klasikoetan agian tartea izan dezaket distira egiteko, baina ikusi beharko da, egutegia aldatu egiten baita ematen duzun mailaren arabera. Printzipioz, asmoa hori da. Polita da klasikoak helburu edukitzea. Bestela, taldeak oso lider indartsuak dauzka, eta gogotsu nago haientzat lan egiteko.
Gazteen artean presioa nabaritzen duzu World Tourrera ahalik eta lasterren iristeko?
Nik ez dut sumatu. Egia da aurten 18 urteko gazte asko pasatu direla World Tourrera, baina bakoitzak bere garapena du. Ni asko hazi naiz aurten, eta erakusteko asko dut oraindik. Prozesua lasai ari naiz bizitzen. Hala ere, egia da gazteok presioa dugula elitera ahalik eta arinen iristeko. Asko zuzenean gazte mailatik ari dira igotzen, eta, hori ikusita, jendeak ez du nahi amateur mailan hiruzpalau urtez aritu. Askok utzi egiten dute bizikleta. Pazientzia izan behar da, baina zaila da amateurretan lau urte soldatarik gabe egitea.
Garai gozoan utzi duzu Caja Rural: hamasei garaipen lortu dituzue, eta zuk zeresana eman duzu Itzulian eta Vueltan.
Urte hasieran kosta egin zitzaigun erritmoa hartzea, baina sasoia oso pozik bukatu dugu. Vuelta betiko gogoratuko dut, asko gozatu baitut taldean eta bakarka. Ederra izan zen niretzat etapa batean bosgarren izatea. Itzuliko mendiko maillota lortzeak ere asko poztu ninduen.
Amateur gisa oso garaipen onak lortu zenituen. Profesionaletan irabaztea, ordea, beste hariko ezpala da.
Bai. Profesionaletan nabilenetik, irabaztea urrun ikusi dut beti. Orain gertuago nago, esan bezala, fisikoki asko hobetu bainaiz. Noizbait iritsiko da lehen garaipena. Baina pazientzia eduki behar dut.
Zer garaipen lortu nahiko zenuke etorkizunean?
Edozein garaipen izango litzateke ongi etorria, baina epe laburrean Itzuliko etapa bat edo Getxoko zirkuitua irabaztea gustatuko litzaidake. Txikitatik ikusi ditut lasterketa horiek.
Jon Barrenetxea. Txirrindularia
«Gazteok presioa dugu elitera ahalik eta arinen iristeko»
Espero baino beranduago, baina garaiz jaso zuen Movistarren eskaintza Barrenetxeak. Hala, goreneko mailan izango da datorren urtetik aurrera. Bi urterako kontratua sinatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu