Zesta punta

Mikel Manzisidor 'Manzi': «Gazteok kontuan hartzen gaituzte, eta horrek motibazioa sortzen digu»

Zesta-puntako zirkuituan dagoen txapelketaren garrantzitsuenetako bat irabazi du mutrikuarrak asteburuan: Gernikako Grand Slam-a. 25 urterekin konfiantzaz sentitzen da, eta final gehiago jokatzea du helburu. Hots, hobetzeko tarte handia duela aitortu du.

Mikel Manzisidor 'Manzi' finalaren egunean. ERAMAN JAI ALAI
Mikel Manzisidor 'Manzi' finalaren egunean. ERAMAN JAI ALAI
jon eskudero
2024ko abuztuaren 21a
05:05
Entzun

Biharamun gozoak izaten ari da egunotan Mikel Manzisidor ‘Manzi’ (Mutriku, Gipuzkoa, 1999). Besteak beste, joan den larunbatean bere kirol ibilbideko txapelketarik garrantzitsuena irabazi baitzuen: Gernikako Gran Slam txapelketa. Final ona eta gogorra jokatu ondoren, Aritz Erkiagak eta biek 2-1 menderatu zituzten Johan eta Lopez (9-15, 15-8 eta 5-3). Gaztea izanagatik, onenen artean tokia egiten hasia da mutrikuarra, eta txapel gehiagoren bila joatea du helburu. Bada, datorren asteburuan hasita izango du beste aukera bat, Lekeitioko Master Seriesean parte hartuko baitu.

Gernikan txapela jantzi ondotik, zer moduzko egunak ari zara bizitzen?

Oso politak eta atseginak. Gernikako pilotalekua da zesta-puntaren katedrala, eta harmailak gainezka zirela bertan jokatzea eta irabaztea izugarria izan zen. Kantxatik harmailetara begiratzeak inpresioa eragiten zuen, jende ugari zegoelako. Mutrikutik jende pila bat bildu zen ni ikustera, familiakoak eta lagunak han ziren, eta txapela janztean poz latza sentitu nuen.

Zer oroitzapen duzu finalaz?

Kantxan tentsioa egon arren, kontzentratuta aritu nintzen. Tentsioa izugarria zen. Lehen jokoa galdu ondoren, bigarrena irabazteak konfiantza eman zigun azken joko erabakigarrirako, eta dena ondo atera zen. Erkiagak horma bikoz egin zuen azken tantoa, baina partida osoan ere pisua berak eraman zuen, eta nik lasai jokatu ahal izan nuen. Pilotaririk onenarekin jokatzeak hori du, lanik zailenak berak egiten dituela. Uste dut nik ongi konplitu nuela.

Lehen jokoa nahiko erraz galdu ondoren, ez da askotan gertatzen finalari buelta ematea.

Erabaki taktiko okerrak hartu genituen lehen jokoan. Pilota bizia ateratzen genuen saskitik Lopez deseroso senti zedin kantxan, baina ez genuen asmatu. Bigarren jokoan pilota motela atera genuen, eta askoz hobeto moldatu ginen, Erkiaga ere gehiago sartu baitzen jokoan. Azken jokoan ongi eutsi genion urduritasunari.

A zer-nolako izenak zenituen alboan podiumean: Johan, Erkiaga eta Lopez.

Johan etorkizuneko izarretako bat da, eta beste biak historikoak dira. Bata egungo aurrelaririk onena, eta bestea atzelaririk onena. Iñaki Osa Goikoetxearekin batera, Erkiagak eta Lopezek zestaren historian arrasto galanta utziko dute. Podiumean nengoela banekien zer-nolako ohorea zen haiekin bertan egotea, eta argazki hori gorde beharko dut etxean.

Gernikako txapela izan al da orain arte lortu duzun garaipenik handiena?

Bai, dudarik gabe. Lehenago ere banituen bizpahiru txapelketa handi jokatuak, Gernikako Winter Series txapelketa, esate baterako. Baina txapelketa hau aurkeztu zutenean ilusio izugarria egin zidan Erkiagarekin bikotea osatzeak, eta banekien lanak ongi egiten banituen txapela irabazteko aukera genuela. Ametsa bete dut, eta orain gehiagoren bila joan nahi dut.

Pixkanaka tokia egiten ari zara onenen artean. Gernikan ez ezik, Bilboko Irun Cup txapelketa ere jokatu duzu, bizpahiru Mastersetan ere bai. Kexatzeko motiborik ez duzu, ezta?

Aukerak iristen ari dira pixkanaka, eta esango nuke denboraldi polita osatzen ari naizela. Bilbon finalerdiak jokatu nituen, Lekeition txapela jantzi nuen… Baina emaitzen gainetik, jokoari erreparatzen diot, eta uste dut goranzko bidean noala. Ikasteko baliatzen ari naiz ikasturtea, eta pozik nago egiten ari naizen lanarekin. Beste abiadura batean ibiltzen dute pilota izar horiek, tantoa egiteko ere lan izugarri egin behar da, eta eroso sentitu naiz orain arte.

Zer duzu hobetzeko?

Dena daukat hobetu beharra, baina kantxan egoten ikasi behar da gehienbat maila handiko partidei aurre egiteko. Fisikoki prestatzaile batekin ari naiz lanean duela bi urtetik, eta arlo horrek ez nau kezkatzen. Teknika aldetik dauzkat detaile batzuk hobetu beharrak. Mutrikun 49 metroko pilotaleku batean ohituta nago ni, eta Gernikakoak 56 dauzka. Horregatik, frontoi batean edota besteak erabiltzen diren posturak ez dira berdinak. Egokitzen ikasi behar dut pilotaleku luzeetara.

Belaunaldi aldaketa bizitzen ari al da zesta-punta? Hor zaudete zu zeu, Ibarluzea, Laduche, Basque, Gorka…

Azken txapelketetan jende gazte mordoa eta izen berri asko ari dira agertzen, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zait etorkizunera begira. Egungo izarrak ez dira betiko izango, eta bermatu beharra dago geroa. Gazteok kontuan hartzen gaituzte, eta horrek motibazioa ematen digu entrenatzeko. Txapelketak jokatzeak ilusioa pizten du, eta atzetik datorren jendearentzat ere ezinbestekoa da hori.

Orain baino tristeago egon izan da zesta-punta, ezta?

Gernikako Winter Series txapelketa izugarrizko olatua izan da modalitatearentzat, eta asmatu dute urte osoan olatuari eusten. Frontoietan harmailak gainezka ikusten dira sarritan Ipar Euskal Herrian zein Hegoaldean, eta gustua ematen du jokatzeak. Gernikako olatuari esker, pilota eskoletan ere gora egin du haurren izen emateak, eta albiste bikaina da hori.

Ze helburu dituzu orain?

Luze gabe, Lekeitioko Mastersa jokatuko dut asteburuan, eta ea berriz ere txapela lortzeko aukerarik dugun. Erkiagak eta biok osatuko dugu bikotea berriro, eta lehengoan elkarri esan genion ederra litzatekeela berriro txapeldun izatea. Aurrerago begira, berriz, Gernikako Winter Seriesa daukat begiz jota. Ilusio latza egingo lidake berriro jokatzeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.