Gazteenek eman dute ezustea

Elordi eta Peña sailkatu dira lau eta erdiko final-zortzirenetarako. Jaka eta Urrutikoetxea utzi dituzte kanpoan, hurrenez hurren. Bizi jokatuz, bikain aritu dira biak ala biak

Aitor Elordi eta Jon Ander Peña, lau eta erdikoan aurrera egin izana ospatzen, atzo, Zallako pilotalekuan. BERRIA.
ainara arratibel gascon
2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Ez ziren faborito. Baina lau eta erdiko final-laurdenetako ligaxkan dira Aitor Elordi eta Jon Ander Peña. Lehenbizikoak 22-16 irabazi zion Erik Jakari, eta bigarrenak, 22-18 Mikel Urrutikoetxeari. Elordik oso partida ona jokatu zuen, sakea helduleku hartuta. Ezinean aritu zen Jaka. Estiloen arteko buruz burukoa izan zen Peñaren eta Urrutikoetxearen artekoa. Parekatua joan zen neurketaren lehen zatia. Baina, pixkanaka, Peñaren bizitasuna nagusitu zen. Lehia bikaina jokatu zuen Tolosakoak.

Etxeko lanak egiten aurrenaElordi izan zen. Mallabikoa1-0ekoarekin baino ez zen egon atzetik. Partida bikaina jokatu zuen. Hasierako 2-2koaren ostean, norgehiagokaren aginte makila hartu zuen. Bi izan ziren horretarako gakoak:komeni zitzaion erritmoa jarri zion neurketari, eta sakean min handia egin zion Jakari. Lehen zuloa 7-2koarekin lortu zuen. Ondo sakatzeak jokoaren ekimena eman zion, eta trebetasun handiz amaitu zituen tantoak.

Jakak ez zuen asmatzen horri nola aurren egin. Beteta eta deseroso aritu zen Lizartzakoa, amaieran aitortu zuen bezala «itzalita». Lehen atsedenaldira 11-5 iritsi zen aurretik Elordi, eta bueltan beste lau tanto egin zituen segidan: 15-5. Fresko eta kolpearekin ikusi zitzaion une oro.

Zerbait aldatzeko asmoz, Jakak pauso bat eman zuen aurrera, eta airez gehiago jokatzen ahalegindu zen. Horri esker, hiru tanto egin zituen segidan. Aurkariari partidan sartzea eragozteko asmoz, Elordiren botilero Jokin Etxanizek atsedena eskatu zuen. Komeni zitzaion tanto bat egitea Elordiri, eta lortu zuen. Angelu on bat zabaldu zuen, eta, horri esker, defentsan aritzeari utzi, eta erasoari ekin zion. Kantxaren erdigunea ondo hartu, eta, bi paretaz, tanto bikaina egin zuen. Lau eta erdikoan funtsezkoa da kantxaren erdigunea ondo hartzea, eta horretan ere Elordi hobea izan zen.

Jaka apur bat hobetuz joan zen partidaren bigarren zatian. Ez zuen amore eman. Nahiz eta oraindik ere lotuta eta kontrakarrean ikusi zitzaion tanto batzuetan. Elordi zertxobait estuago zebilen. Urduritasunaren eta nekearen ondorioz zen, ziurrenik. Halakoetan tanto on batek ematen dio pilotariari patxada, eta erremate batekin eta zabalean botatako pilotako batekin 20-11 jarri zen aurretik Mallabiakoa azkenerako.

Partida ia galdua zuenean ikusi zitzaizkion Jakari egin ohi duen jokoaren zertzelada batzuk, eta lau tantora ere jarri zen:20-16. Elordiri zailena falta zitzaion: partida amaitzea. Eta lortu zuen. Izan ere, 20-16koarekin Jakak kanpora bidali zuen, zabalera bota zuen aukerako pilota bat. Hala, Elordiri ez zion ihes egin garaipenak: 22-16.

Amaieran pozik zen Elordi. «Partidan oso sartuta egon naiz, eta, sufritu dudan arren, gozatu ere asko egin dut. Fresko egon naiz. Gutxienez beste hiru partida jokatzeko aukera izango dut, eta helburua gozatzea izango da».

Estiloen arteko talka

Segidan jokatu zenUrrutikoetxearen eta Peñaren artekoa. Urrutikoetxeak hasieratik erakutsi zuen zein zen bere asmoa: partida gogortzea. Izan ere, erritmoa bizia izanez gero, Peñak aukera gehiago zituen irabazteko. Horretan saiatu zen Tolosakoa.

Urrutikoetxeari partidan oso sartuta ikusi zitzaion hasieratik, eta 4-2 hartu zuen aurre. Ondo mugitu zuen Peña lehen tanto horietan. Lehiatua izan zen hasiera. Baina, taktikoki, Urrutikoetxea hobeto aritu zen, eta horrek ahalbidetu zion lau tantoren aldea lortzea: 7-3. Hori bai, sakean ez zen nahi bezain fin aritu, eta bat luzeegi joan zitzaion, eta beste bat laburregi.

Baina Peña pilotari langilea eta borrokalaria da.Atzo beste behin erakutsi zuen. Arriskuak hartuz eta hortzak ondo estutuz norgehiagokan sartuta jarraitu zuen. Bost tanto egin zituen segidan, eta aurretik jarri zen: 8-7 Partida gogortzen ari zen.

Bakoitza bere estiloan bikainari ziren bi pilotariak: 10-10. Urrutikoetxearen ordenak eta Peñaren txinpartak bete-betean jardun zuten. Baina pixkanaka Peña nagusituz joan zen: 14-10. Horrek tantoetan aurrerago jartzea ahalbidetu zion, eta aurkariari presio handiagoa egitea. Neurketako lehen une zailean zegoen Urrutikoetxea. Ordu arteko estrategiak ez zion balio. Ausartago jokatu behar zuen, Peñak hain aurrean ez jokatzeko.

Hala egin zituen bi tanto. Hamabigarrena ederra izan zen, boleaz bizi jokatuz. Baina Tolosakoak berean jarraitu zuen, ausart jokatuz eta aurrera joanez pilotaren bila. Sei tantoren zuloa ireki zuen: 18-12. Baina ausardiak hutsak ere ekartzen ditu. Peñak aukerako pilotaren bat galdu zuen, eta bi tantora jarri zen Urrutikoetxea: 20-18. Baina azken bi tantoak Peñak egin zituen.

Amaieran, Peñak nabarmendu zuen beste urteetan baino «lasaiago» aritu zela. «Mikel deseroso aritzea lortu dut. Sakean eta sake errestoan oso ondo aritu naiz. Ilusio handia egiten dit final-laurdenetan egotea».

Gaur jokatu da final-zortzirenetako azken partida, Lekunberrin, Asier Agirreren eta Dario Gomezen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.