Asier Puertas. Hondarribia taldeko arraunlaria

«Gazteekin pazientzia izan du klubak, eta orain ditugu emaitzak»

Etxean bezala dago Puertas Hondarribian, 2003az geroztik baita bertako arraunlari. Beteranoa, ofizioa ondo baino hobeto dakiena, eta gazteentzat maisu. Aurtengo emaitzez ez ezik, taldean bertan dituen lanei buruz ere jardun du.

Aitor Manterola Garate.
Hondarribia
2016ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Ez da oso elkarrizketa zalea Asier Puertas (Orio, Gipuzkoa, 1975), baina ezinbestean jarri behar zaio grabagailua aurrean. Gauza asko ditu kontatzeko. Arrauna berak bezala bizi duen bati eman egin behar zaio bizitza horren berri emateko aukera.

San Miguel ligan zortzi bandera, eta hiru txapelketetan garaile, historian aurrenekoz. Ezta ametsik onenean ere...

Ligan iaz bezala gabiltza, baina, orduan, Urdaibaik irabazi zituen Euskadiko eta Espainiako txapelketak. Aurten, guretzat izan dira, eta oso pozik gaude. Ondo etorri dira txapelketako emaitzak taldearen konfiantzarentzat.

Ligan ia bikain ibili arren, Urdaibai lau puntura bakarrik duzue. Nolako bukaera izango da?

Estu dago gauza. Ondoen ibiltzen denak eta zortea alde duenak irabaziko du liga. Uste dut lau puntu badela alde pixka bat, ia estropada guztietan gabiltzalako Urdaibai eta gu aurrena eta bigarren egiten. Ezin dugu okerrik egin; lanean berdin jarraitu behar dugu.

Molde eta era guztietako estropadak irabazi dituzue aurten. Zein da baldintza guztietan ondo moldatzeko sekretua?

Taldea edukitzea da gakoa; denok arraunean berdin-berdin egitea. Gero, akatsak gehiago landu behar dira, zuzendu ahal izateko. Hogei arraunlari gara, eta traineru barruan elkarrekin primeran moldatzen gara arraunean.

Zuek bakarrik zarete hogei arraunlariko multzoari etekina ateratzen diozuenak?

Aukera talde guztiek daukate, baina beste kontu bat da maila ona ematea. Hondarribian, klubak urteetan egindako lan ona dago horren oinarrian. Arraunlari gazte asko dauzkagu, eta klubak pazientzia izan du horien zain egoteko. Ezin dira denak kolpetik sartu eta emaitza onak lortu. Denbora behar izaten da, eta Hondarribiak jakin izan du lan hori egiten. Urte batzuetan, ibili izan gara laugarren, zazpigarren... Baina lanean segi izan dugu, eta oraingoa da lan on horren fruitua. Beteranoak gaude taldean, gazteak, lehen ibili eta orain itzuli direnak, eta nahasketa hori oso emaitza ona ari da ematen.

Beteranoetako bat zara taldean;gazteak oso maila onean datozela ikusteak zer esan nahi du beterano batentzat?

Bete egiten nau. Gurea bukatzen ari da, eta atzetik zer datorren ikustea gauza handia da. Ikusten dut erreferentea naizela beraientzat, eta pozgarria da. Arrauna utzi behar dudanean, gazte on hauek ikustean, zer esango dut, bada, nik? «Hartu taldea, eta eraman; dena zuentzat da».

Zer erakusten diezu gazteei?

Filosofia bat dago erakusteko, guri erakutsi digutena. Irabazten eta galtzen jakitea, adibidez, errespetua edukitzea aurkari guztiei. Gero, lanean jarraitzen duenari saria etortzen zaiola ere erakutsi egin behar da. Pazientzia edukitzen jakin behar da, langileak izaten.

Mikel Orbañanosek zehaztu egiten dizue beteranoen lana estropadetan?

Hark esaten digu nola egin behar dugun arraunean, eta Ioseba ere [Amunarriz, patroia] horren gainean egoten da. Gero, estropadan, nik zerbait ikusten edo sentitzen badut, Iosebari esaten diot taldeari esateko.

Zer da zerbait sentitzea?

Arraunean presaka ari garela, olatuari gehiago jo behar zaiola, hobeto bukatu behar dela, luzeago egin behar dela arraunean... Horrelako gauza teknikoak. Eta, gero, animoak ematea.

Ikasi egiten da trainerua sentitzen, ala berezko zerbait da?

Ikasi egiten da hainbeste urteren poderioz.

Ikusten duzu zeure burua entrenatzaile?

Aztertu izan dut, baina unean datorrenarekin bizi naiz. Etortzen bada aukera, ikusi egin beharko dut nola nagoen une horretan.

Zarauzko estropadak dira asteburuan. Zer du hain erakargarria izateko?

Eremua da zoragarria. Olatua nola sartzen den ikusgarria da.

Lehen, Kontxarako erreferentzia izaten zen Zarauzkoa. Orain?

Hiru aste geratzen dira oraindik,baina ohikoa da Zarauzko lehen laurak Kontxako lehen laurak izatea; hori bai, ordena alda daiteke.

Arraunlariak Kontxa buruan izaten du garai honetan?

Urte guztian izaten dugu buruan,baina orain, gehiago. Izan ere, Zarauzko olatua Donostian bezala sartzen da, eta brankaz eta poparean ibiltzen orain hasten gara entrenamenduetan.

Kontxarako grina berezia duzue taldearen barruan, azken bi urteetan ez duzuelako irabazi?

Iazkoa pena izan zen, bigarren igandean zorte handirik ez genuelako eduki, baina Urdaibaik ere sekulako lana egin zuen. Berriz saiatzea da gure lana, eta, gero, ea zorteak laguntzen digun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.