Javier Ruiz de Larrinaga. Bertako Igogailuak-Spiukeko burua

«Gazteek ziklo-krosean aurrera egiteko aukerak izatea da helburua»

Ziklo-kroseko proiektua martxan jarri berri du Ruiz de Larrinagak. «Pozik eta ilusioz» dago, nahiz eta onartu duen azpiegitura aldetik halako egitasmoak konplexuagoak direla errepidekoak baino.

BERRIA.
inigo lasa fresneda
2023ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Ziklista profesionala, Euskadiko hautatzailea eta, orain, taldeburua eta bultzatzailea da Javier Ruiz de Larrinaga (Ametzaga, Araba, 1979). Ziklo-krosa ardatz duten proiektuen «aitzindari» izan nahi du Bertako Igogailuak-Spiuk taldeak. Gazte eta 23 urtez azpiko sei neska-mutilek osatzen dute taldea. Errepideaz gain, beste modalitateetan ere profesional izateko aukerak daudela erakutsarazi nahi die gazteei Larrinagak. «Niri dena eman zidan ziklo-krosak», nabarmendu du.

Ikusi gehiago:Lokatza badago

Dagoeneko martxan duzu proiektu berria. Nola joan dira lehen lasterketak?

Balorazioa positiboa da. Mailaz aldatu diren ziklistak ditugu taldean. 23 urtez azpikoetara igaro dira batzuk [Gorka Corres eta Beñat Fernandez De la Peña], eta aldaketa hori gogorra izaten da. Gainera, gure junior batek Europako Txapelketara joateko aukerak izan ditu.

Gogorra izan al da zuretzat lehen pausoak ematea?

Denboraldia hasi denetik lasaiago nago. Hasiera gogorra izan zen niretzat, abuztu amaiera eta iraila bereziki. Ziklo-krosean urte asko egin arren, talde bat izatea ezberdina da. Pozik eta ilusio handiz nago.

Abentura berri bat, baina ziklo-krosetik atera gabe. Lokatzetan berriro…

Modalitate hau oso garrantzitsua izan da tradizioz Euskal Herrian, eta ni ziklo-krosa laguntzen saiatzen naiz. Dena eman dit. Errepidean talderik gabe gelditu nintzenean hasi nintzen, eta urte luzez profesional izateko bidea eman zidan. Gazteek ziklo-krosean aurrera egiteko aukerak izatea du helburu proiektu honek. Ez dakigu noiz arte segitu ahalko duten, edota noraino irits daitezkeen, baina argi dagoena da adin tarte honetan behar dutela laguntza. Azpiegitura aldetik ziklo-krosa errepidea baino zailagoa da. Bestean, bizikleta bat eraman eta listo; hemen, berriz, bi bizikleta behar dituzu, aldatzeko gurpilak... Oso zaila da.

Hiru urterako sinatu duzue. Denbora izateak lagunduko dizue zuen helburuak betetzen, ezta?

Bai. Esan bezala, hasieran kosta egin zitzaidan, eta denboraldia amaitzean berriro ere hutsetik hasi beharko genuke: babesleak berritu, beste batzuk lortu... Hiru urtetarako sinatzeak lasaitasuna ematen digu, bai guri, baita gazteei ere. Gazteetatik gora egitea zaila da, eta hiru urte bermatuta izateak behar duten lasaitasun hori emango die.

Sei ziklista dituzu aurten: lau mutil eta bi neska. Datozen urteetan taldea handitzeko asmoa al duzue?

Ikusiko dugu nola doazen gauzak denboraldi honetan. Gure ideia pausoak ematen jarraitzea da, baina oso zaila da. Azpiegitura handia behar duzu, jende asko... Taldea handitzea gustatuko litzaidake, edo beste azpiegitura batzuen aitzindari izan dadila hau, gureaz gain ziklo-krosa oinarri duten beste talde batzuk egotea. Egia da gastu handia egin beharra dagoela handitzeko, baina proiektua hedatzea gustatuko litzaidake. Aurten Arabako sei ziklista ditugu; polita izango zen Euskal Herri osora zabaltzea. Zailena egin dugu: hastea. Jendeari hau egitea posible dela erakustea da garrantzitsua, eta ea proiektu honekin ziklistak hemen bidea egin dezaketela konturatzen diren. Denen artean gora egin ahal izateko.

Zein uste duzu dela horrelako proiektu gehiago ez egotearen arrazoia?

Hemen errepidean dugu jarrita arreta. 23 urtez azpiko mailako proiektu garrantzitsu guztiak errepidekoak dira. Azken urteotan ikusi dugu ziklo-krosa eginda errepideko sasoi on bat egin daitekeela, eta nik ikusarazi nahi dietena da biak uztartu daitezkeela. Ea errepideko taldeek euren ziklistei ziklo-krosa egitea baimentzen dieten, eta horrela profesionaletara heltzeko beste bide eta modalitate bat ezagutu dezakete gazteek.

Gazteen artean ba al dago gai hori?

Bai, kadete eta gazteetan beti izan ditugu ziklista onak. Iazko Espainiako Txapelketan aurreneko biak euskaldunak izan ziren, eta aurtengo UCI sailkapenean Hodei Muñoz aurreneko postuetan dago. Baina 23 urtez azpiko mailatik aurrera jarraipenik ez du ziklo-krosak. Mundu guztia errepidean zentratzen da, eta horrek ematen dit pena niri. Alde batetik normala da, hor baitaude irteera gehien profesionala izatera iristeko, baina ea proiektu honek ziklo-kroseko ateak irekitzeko balio duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.