Eguerdiko pausan topatu duBERRIAk Patrice Lagisquet (Arcachon, Frantzia, 1962), beti bezala, lan saioa arduratsu prestatzen. Hogei minutu eskatu, eta ordulariari kezkati begiratu ondoren ordu laurden. Hori bai, gero galdera guztiei patxadaz erantzun die.
Hiru aste dira dagoeneko Miarritze lanera itzuli zenetik. Nola doa denboraldi-aurrea?
Ongi, arazo handirik gabe. Lan fisiko azkarra egin dugu, baina inor ez daukagu min hartuta. Bat edo bestek kolpetxo bat-edo dauka, baina deus ez larririk. Jokalariak lanerako gogoz daude, eta hasierako korrika saioak protesta handirik gabe hartu dituzte.
Oraindik denbora gelditzen da Top14a hasteko —abuztuaren 26an hasiko du Toulonen kontra—, baita lehen lagunarteko partida jokatzeko —abuztuaren 5ean, Agenen aurka—. Prestaketaren zein fasetan zaudete?
Orain arte, lan fisikoa egin dugu gehienbat. Aste honetan hasi gara errugbi pixka bat egiten, eta denbora gelditzen zaigunez, pixkanaka gure joko proiektua plantan emanen dugu.
Entrenatzaile berriak zarete zu zeu eta Serge Milhas aitzinekoen entrenatzailea. Aurreko denboraldiko joko proiektuari aldaketa anitz egin dizkiozue?
Bakoitzak bere ideiak ekartzen ditu, eta, normala denez, Serge Milhasek eta biok berrikuntza batzuk ekarri ditugu. Hala ere, orain arteko oinarria ez dugu ezarriko hankaz gora. Jean Mixel Gonzalezek lan handia egin zuen aitzinean sendotasuna topatzeko, eta horretan oinarrituko gara gure harritxoa ekartzeko.
Milhas aipatu duzu. Hura entrenatzaile soila da, Jack Isaacekin batera. Zu, berriz, errugbi zuzendaria zara, eta Laurent Rodriguez managerra. Nola banatzen duzue lana?
Bakoitzaren karguak edo hierarkiak ez digu askorik axola. Taldean lan egiten dugu. Beti trukean ari gara, gure iritzia emanez. Denek daukagu zerbait ekartzeko, eta ez dago batere arazorik.
Orain hiru urte, taldea utzi zenuen, akituta. Orain, beste kargu batekin zatoz. Zein asmorekin?
Gaurkoa beste orrialde bat dela oso garbi daukat. Iraganean, nire burua akitu nuen etengabe zelaian egonez, gaiztoaren rola jokatuz. Itzuli banaiz, beste zerbait egiteko itzuli naiz. Zelaia ez dut erabat bazterrean utziko, baina urruneko begi bat ukanen dut. Errugbi politikaz arduratuko naiz. Nik koordinatuko dut, adibidez, harrobia eta lehen taldearen arteko harremana. Joko proiektuan lan teorikoagoa ere egin dut, eta egunerokoan Serge eta Jack egonen dira gehiago.
Orain hiru urte akituta utzi zizuten hainbat jokalari beti hor dira. Egoera horrek ez zaitu kezkatzen?
Hori egia da, baina jokalari berri asko dago, gazte anitz. Eta hemen gelditu diren jokalariak ezagutzen ditut, eta badakit konfiantza eman ahal diedala.
Gazteak aipatu dituzu. Sasoi honetan ere gazteei eman diezue konfiantza, eta jokalari gutxi fitxatu.
Politika horrekin jarraitzea erabaki du taldeak, eta pozik nago, hori baitzen nik nahi nuena. Jokalari gutxi ekarri ditugu, baina eskarmentudunak dira. Babyk esperientzia ekarriko du, eta Dunning harroin australiarraren zain gaude. Caprice ingelesa zazpinakako errugbitik heldu da, eta bizitasuna ekarriko digu.
Horien ondoan gazteak egokitzen jarraituko duzue?
Denboraldi-aurrean bigarren taldeko hamar gazte ari dira nagusiekin lanean. Gure borondatea da, eta betebeharra ere bai. Top14a gora eta gora doa. Lehia handia dago, eta aurrekontu handiekin taldeek jokalari onak fitxatzen dituzte. Goian lehiatzen jarraitzeko, ezinbestekoa da gazteengan oinarritzea. Lauret, Guyot, Lakafiak haien lekua egin dute. Anitz espero dugu Lesgourgues, Couet-Lannes edo Barraquengandik.
Denboraldi honetan, Munduko Kopa dela eta, Top14ko hamar partida selekzioan dauden jokalaririk gabe kudeatu beharra izanen dute taldeek. Gazteek ardura handia izanen dute orduan.
Horrela da. Badakigu anitzek talentua dutela eta Traille, Hariñordoki edo Yachvili eskas izanen direlarik taldea bide onean utzi beharko dutela. Baina, ez naiz anitz kezkatzen, erronkari erantzuteko prest ikusten ditudalako gehienak.
Entrenatzaile izan zinenean, esperientzia handiagoko jokalariak zenituen. Gazteekin lan egiteak beste kudeaketa bat eskatuko du, ezta?
Ez pentsa hain egoera desberdina izanen denik. Egia da azken hiruzpalau urteetan gazteak bazterrean utzi genituela. Baina, ongi ikusten baduzu, goian ibili ginenean, 2004, 2005 edo 2006an, esperientziazko liderren eta jokalari gazteen arteko nahasketa egin genuen. Hor zeuden Lacroix, Malonga, Tillous-Borde, Dupuy... Pixkanaka, berriz politika horretara itzuli da taldea, eta Yachvili, Traille edo Hariñordokiren ondoan jokalari gazteek zer errana izanen dute.
Badira hiru urte taldeari kritika bera egiten zaiola. Goi mailako partidak egiteko gai da, Heineken kopako finalera iritsiz, baina erregular aritzea kostatu zaio. Nola zuzenduko duzue hori?
Arazo hori gainditzeko gazteek goi mailan egonkor jokatzen ikasi beharko dute. Ez dago beste aterabiderik. Egia da tarteka esperantza handia pizten duten partidak egin dituela Miarritzek eta gero pot egin duela. Beste gako bat liga ongi hastea izanen da. Azken bi urteetan larri hasi izan gara, eta dinamika txar hori iraultzen kostatu zaigu. Hori konpondu beharko dugu.
Zein izanen da helburua?
Helburu jakinik ez dugu. Erran dezakedana da iragan sasoian baino hobeki egin nahi dugula [Miarritze Heineken kopako final-laurdenetara iritsi zen, eta Top14an ez zen sailkatu finalerdietarako]. Horrela bada, zerbait irabazteko lehian izanen gara.
Patrice Lagisquet. Miarritzeko kirol arduraduna
«Gazteek goi mailan egonkor aritu behar dute»
Hiru urteren ondotik, ilusioz beterik itzuli da taldera Patrice Lagisquet. «Lan berria» duela dio, eta elkarlanean ariko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu