Wimbledon Torneoa

Gaztearen oldarraldia

Simona Halepek aise hartu du mendean Serena Williams Wimbledoneko finalean: 6-2 eta 6-2. Bigarren Grand Slama du

Simona Halep, Wimbledon irabazten duen tenislariari ematen dioten garaikurrarekin, atzo. LAURENCE GRIFFITHS / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Finaletan, eskarmentua erabakigarria izaten da maiz; beste batzuetan, ordea, gehiago balio izaten du esperientziarik ezaren freskotasunak eta lotsagabekeriak. Bigarrena gertatu zen atzo Wimbledoneko finalean, eta, ikusgarri eta bizi jokatuz, Simona Halep nagusitasunez gailendu zitzaion Serena Williamsi: 6-2 eta 6-2. Hala, bere ibilbideko bigarren Grand Slam-a lortu du. Denboraldiko lehen torneoa du, eta Errumaniako lehen emakumezkoa da Wimbledon irabazten.

Hamar urteren aldea dago bi tenislarien artean. 27 ditu Halepek, eta 37 Williamsek. Baina aldea handiagoa da garaipen zerrendari begiratuz gero. Finala hasi aurretik, 23 Grand Slam zituen Williamsek, eta bakarra Halepek —iaz Roland Garros irabazi zuen—. Williamsek erronka bat zuen: behingoz 24.a lortzea, eta Margaret Courten marka berdintzea.

Ez zen horrela izan, ordea.Oharkabean, 4-0 jarri zen atzetik lehen setean, eta hori zama handia izan zen. Lotuta jokatu zuen, eta marrara zuzendu ohi dituen kolpeak jo gabe. Pilotari ez zion nahi zuen indarra eman. Gainera, sakean ere ez zen fin aritu. Puntuak luzatu zirenean, halaber, Halep hobeto aritu zen, abiadura gehiago izan baitzuen. Lehen seta 6-2 irabazi zuen.

Halep eroso ari zen, eta konfiantzaz. Bigarren setaren hasieran, Williamsek haren joko emariari eustea lortu zuen; baina, 2-2 zirela, Halepek sakea hautsi zion, eta finala are erabakiago geratu zen. Williams kontrakarrean aritu zen, eta aurkariaren defentsan zulorik topatu ezinik. Une batzuetan noraezean ibili zen, eta puntu inozoak galduz. Irabazleak, berriz, finala ikustera bildutako ikusleak gozarazi zituen, hainbat kolpe ikusgarrirekin. Aurreneko setaren antzera, 6-2 amaitu zen bigarrena ere.

Belaunikatuta ospatu zuen garaipena Halepek. Hunkituta mintzatu zen irabazlearen garaikurra jaso eta gero. «Aurten nire jokoa aldatu dut apurt bat, belarretan lehia gehiago irabazteko. Garaipen hau oso garrantzitsua da niretzat. Torneoko partidarik onena jokatu dut». Amari eskaini zion balentria. «Bere ametsa zen nik Wimbledon irabaztea. Txikitatik esaten zidan tenisean norbait izateko Wimbledoneko finala jokatu behar nuela». Williamsek, berriz, Halepen nagusitasuna onartu zuen:«Norbaitek hain ondo jokatzen duenean, zoriondu besterik ezin da egin».

Gaur jokatuko dute gizonezkoen finala Roger Federrek eta Novak Djokovicek (15:00). 21. Grand Slama lortu nahi du suitzarrak, eta Wimbledonen duen nagusitasuna berretsi, bederatzigarren aldiz irabaziz. Serbiarra, berriz, bost aldiz nagusitu da, eta hamaseigarren Grand Slama luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.