SOKATIRA

Gazteak eta nagusiak, egurrean

Euskal Herriko sokatiralariek bederatzi domina eskuratu dituzte Lur Gaineko Munduko Txapelketan, Mannheimen, Alemanian: bost, taldeen arteko lehian, eta lau, selekzioen artekoan. Azpimarratu dutenez, «lan handia dago horren atzean».

Gizonezkoen 560 kiloko euskal selekzioko sokatiralariak, podiumaren koskarik gorenean. BERRIA
Gizonezkoen 560 kiloko euskal selekzioko sokatiralariak, podiumaren koskarik gorenean. BERRIA
inigo lasa fresneda
2024ko irailaren 11
05:00
Entzun

Emakume, gizon, nagusi, gazte, elkarrekin... Guztira bederatzi domina eskuratu dituzte Euskal Herriko sokatiralariek Lur Gaineko Munduko Txapelketan, Mannheimen (Alemania): urrezko, zilarrezko eta brontzezko hiruna. Jauzia egin dute azkeneko ekitaldiarekin alderatuta, iaz sei lortu baitzituzten Surseen (Suitza).

«Lana, lana eta lana. Honek ez du misteriorik». Jon Iñaki Mardaras Laukizko (Bizkaia) Gaztedi taldearen eta euskal selekzioaren entrenatzailearen hitzetan, hori da arrakastaren gakoa. «Oso gustura» dago, eta «pozik», bertatik bertara bizi baititu euskal sokatiralariek irabazitako hiru urretatik bi: biak 560 kilokoan, Gaztedirekin eta euskal selekzioarekin. Hala, iazko arantza atera du, Suitzan zilarrarekin konformatu behar izan baitzuten.

Ez dira horiek euskal sokatiralariek irabazitako urre bakarrak. Gazteen mailan, 23 urtez azpiko mistoan, Goiherri ere podiumaren gorenera igo zen. Ez da harritzekoa Erandioko (Bizkaia) taldearen entrenatzaile Txelis Orozkok oso balorazio ona egin izana: «Oso pozik nago. Neska-mutilak oso ondo prestatuta iritsi dira txapelketara, eta lan handia egin dute. Ikaragarriak dira ditugun gazteak». Izan ere, lortutako bederatzi dominetatik lautan hartu dute parte Goiherriko gazteek. Urreaz gain, nesketan zilarra erdietsi zuten taldeka, eta brontzea Euskal Herria ordezkatuz. Nazioen arteko txapelketan, maila mistoan, brontzezkoarekin konformatu behar izan zuten, epailearen zalantzazko erabaki batzuk tarteko.

«Oso pozik nago. Neska-mutilak oso ondo prestatuta iritsi dira, eta lan handia egin dute. Ikaragarriak dira»

TXELIS OROZKOGoiherriren entrenatzailea

Maila nagusian ere ondo baino hobeto aritu dira emakumezkoak. Gaztedi txapeldunorde izan zen 500 kilokoan, eta, maila horretan bertan, podiumaren hirugarren koskara igo ziren euskal selekzioarekin. Pixkanaka-pixkanaka, gero eta emakumezko sokatiralari gehiago ari dira. Horren adibide argia da Mutrikuko taldea (Gipuzkoa): aurten, estreinakoz aritu dira talde horretako emakumeak Munduko Txapelketa batean lehiatzen.

Jabi Urresti taldeko ordezkaria gustura dago alor horretan izaten ari den hazkundearekin: «Emaitzak alde batera utzita, esperientzia ona da. Gainera, uste dut munduko txapelketa bat barrutik bizitzea garrantzitsua dela, kanpoan dagoen maila eta giroa zein den ikusteko. Urteak behar dira lehiakorrak izateko».

Euskal finala

Txapelketako lehen goizean euskal sokatiralariak protagonista izan ziren, taldekako gizonezkoen 560 kilokoan bi euskal talde iritsi baitziren finalera. Mundu zabaletik etorritako 36 talderen artean Goiherrik eta Gaztedik lortu zuten urrearen borrokan egotea. Hala, Euskal Herriko Txapelketako final berbera jokatu zuten Alemanian. Urte dezente ziren ez zirela aritu bi euskal talde final batean. Bizkaiko bi taldeek oso goian utzi dute langa. Gaztedik txapelketako tiraldi guztiak irabazi zituen. Goiherri, berriz, Suitzako Sins taldea, azken bi ekitaldietako txapelduna, kanporatu ostean iritsi ziren finalera. Beraz, urre zaporeko zilarra lortu zuten Erandiokoek.

Pisu arinetan moldatzen dira ondoen euskal sokatiralariak, baina pisu guztietan egiten dute prestaketa gogorra. «Gerta litezkeen egoera guztietarako entrenatzen gara: zulo handiak, zapaldu gabeko lurra… pozgarria da asmatu eta gauzak ondo ateratzen direla ikustea», esan du Mardarasek.

«Gerta litezkeen egoera guztiak entrenatzen ditugu. Pozgarria da asmatu eta gauzak ondo ateratzen direla ikustea»

JON IÑAKI MARDARASGaztediren eta euskal selekzioaren entrenatzailea

Nekea ez da aitzakia izan Gaztediko zortzikotearentzat: lehen urrea irabazi eta 48 ordu eskasera erdietsi zuten bigarrena, selekzioen artekoan. Suitza eta Alemania menderatu zituzten bi lehia luze eta gogorren ostean. «Biak izan dira guretzat zoragarriak. Selekzioen arteko lehian taldeak jende berriarekin indartuta etortzen dira, eta gurea berbera izan zen. Horrek, akaso, meritu apur bat gehiago du, baina biek dute balio handia», gaineratu du Mardarasek.

Hondar-lurra

Bestalde, sokatiralariek hasieratik sumatu zuten txapelketaren berezitasuna. Batzuk joan aurretik ere bazuten horren berri. Soropila hondarrez beteta zegoen, eta horrek tiraldiak ohi baino gehiago luzarazi zituen. Oso erraz altxatzen zen lurra. «Ez da beste lur motak baino eskasagoa, ezberdina da. Gaztedikoek eta Goiherrikoek, esaterako, aurrez aurretik zekiten tiralekuan zein lur mota izango genuen. Herbehereetan ere horrelako lur asko dago, hareeduna. Hemen ikusten da zeinek eusten duen gehiago, eta nork prestatu duen hori».

Mannheimgo lanak amaituta, sokatiralari gehienak goma gaineko denboraldian eta datorren urtean Nottinghamen (Ingalaterra) jokatuko den lur gaineko munduko txapelketari begira daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.