Berea zuen errekorra, eta bereago du orain. Larunbatean, zazpigarren aldiz jantzi zuen Euskal Herriko segalaririk onenaren txapela Julen Gabirondo Izetak (Urnieta, Gipuzkoa, 1989). 2015ean irabazi zuen lehen aldiz, eta, ordutik, bitan baino ez dute garaitu —2020an ez zen txapelketa egin—. Bixente Mitxelenak zeukan bost garaipeneko marka gainditu zuen iaz; eta, aurten, zazpira igo du langa. Aizkoran «buru-belarri» hasi nahi du orain. Ezin du irribarrea ezkutatu, «ilusio handiarekin» ari da aizkoran.
Bi egun igaro dira txapelketatik [elkarrizketa astelehenean egindakoa da], dagoeneko indarberrituta?
Bueno... Oraindik gerrialdea-eta gogortuta dauzkat.
Proba gogorra izan zen.
Bai. Hasieratik jo eta su ekin genion probari biok [Jokin Etxeberriak eta Gabirondo berak]. Mentalki borroka gogorra izaten da. Lehen koadroa nik amaitu nuen aurrena; bigarrena, berak. Estu-estu gindoazen. Halako batean ikusi nuen bera atzera geratzen hasi zela. Orduan, gehixeago estutu nuen, eta abantaila lortzen hasi nintzen.
Belarra zer moduzkoa zegoen?
Tamainaz, polita; txiki antzerakoa agian. Goxo-goxoa zegoela zirudien, baina barnean engainu handia zeukan. Guk amukoa deitzen diogun belar klasea zen. Ile fina du, eta horrek asko eusten dio segari, asko frenatzen du.
Uztailaren hasieran Etxeberriak garaitu zintuen Gipuzkoako Txapelketan. Larunbatean arantza hori atera zenuen?
Egia esan, bai. Dezenteko amorraziorekin gelditu nintzen Gipuzkoakoan. Ondo aritu nintzen, baina ez nintzen erabat gustura geratu. Baneukan arantza hori ateratzeko gogoa. Larunbatean oso gustura geratu nintzen egindako lanarekin, eta lan horrek eman zuen bere fruitua.
Errekorra zurea zen lehen ere, sei txapelketa irabazita. Larunbatekoarekin zazpi dituzu, eta 2015etik bitan baino ez zaituzte garaitu.
Bai, hori da. Pandemiagatik urte batean ez zen lehiatu; beste urte batean, Igorrek [Esnaola] irabazi zuen, eta, beste batean, Iban Pardok. Konturatzerako etorri dira. Lehenengo txapela sorpresa izan zen, urruti ikusten nuen, eta nahiko azkar iritsi zen. Geroztik konfiantza hartu nuen, ikusi nuen gai nintzela txapela irabazteko. Eta konfiantza horri esker lortu ditut gainerakoak.
«Euriarekin baserritarrek ez dute belarra moztu nahi. Normala da, baina nik entrenatu egin behar nuen. Beti fabore eske ibili behar izaten nuen»
Urte horietan guztietan entrenatzeko moduan aldaketarik egin al duzu?
Hasieran, sega saio asko sartzen nituen aste barruan: hiru edo, hasieran, lau saio ere bai. Gero, behin ikasten joan naizenean, saio gutxiago egin izan ditut.
Soilik segan aritzen zara edo gimnasioko lana ere egiten duzu?
Bai, ni gimnasioan ere aritzen naiz. Lehen, korrika ere egiten nuen, baina, orain aizkoran ere lehiatzen naizenez, aizkoran aritzen naiz. Astean pare bat egunetan aritzen naiz segan, beste bi aizkoran eta behin edo bitan joaten naiz gimnasiora.
Inguruko belardi guztiak soilduta edukiko dituzu.
Orain, astean bi saio baino egiten ez ditudanez, ez dut horrenbeste belar behar. Lehen gehiago behar izaten nuen. Lasartera [Oria, Gipuzkoa] bidean dagoen Elkezabal baserrian aritzen naiz normalean. Ondo moldatzen naiz bertakoekin. Osterantzean, arazo bihurtu daiteke.
Hasi nintzenean, segan asko egin behar izaten nuen. Euriarekin baserritarrek ez dute belarra moztu nahi. Normala da, baina nik entrenatu egin behar nuen. Beti fabore eske ibili behar izaten nuen. Hementxe, Urnietan, beste baserri batzuk ere badaude; portatzen ziren eta uzten zidaten, baina endredoa izan daiteke. Ez da nire kasua, baina neguan zenbaitek hondartzan entrenatzen du, hondarretan sega sartuta.
Larunbateko txapelketan hiru parte hartzaile izan zineten. Hori ere aldatuz joan da hasi zinenetik?
Bai. 2013an hasi ginen. Mikel Garaialde lagunak eta biok eman genuen izena. Orduan, zortzi edo bederatzi partaide izan ginen. Eta, hurrengo urtean, beste pare bat gazte ere apuntatu zen. Oso garai oparoak izan ziren, hamaika edo hamabi segalariko txapelketekin. Gero, pixkanaka, jendea uzten joan da. Urtean proba gutxi dira, baina ondo prestatu behar da. Ordubeteko proba gogorra da, eta pizgarri gutxi du. Proba gutxi, eta irabazten ez baduzu... Liga bat edo egongo balitz, errazagoa litzake. Egun batean gaizki ibiliagatik, hurrengoan hobeto aritu zaitezke.
Gazterik ba al dabil segan?
Gazte mordoxka dabil Almitza Sega Elkarteak antolatzen dituen probetan. Motzagoak dira, 10x10 metroko koadro bat izaten da, hiru minutu inguruko lana. Hor badabiltza 17-18 urte arteko hamar bat gazte, segan txukun egiten dutenak. Baina saltoa handia da hortik ordubeteko saiora. Eta gazte horiek erakarri behar dira, nolabait. Bidea erraztu behar zaie, proba motzagoak edo jarrita, erdibideko zerbait. Egin beharra dago, jende berriak mugitzen ditu zaleak. Gu aspalditik ezagutzen gaituzte, bazter guztiak nazkatuta ditugu.
«[Proba motzagoetan] badabiltza 17-18 urteko hamar bat gazte. Baina saltoa handia da hortik ordubeteko saiora»
Gipuzkoako Sega Sail Txapelketa antolatzen hasi ziren duela lau urte. Ez da belar biltzailerik behar. Proba 1.000 metro karratu moztean datza, zenek lehenago amaitu. Ez da moztutako belarra pisatzen. Hori gazteak erakartzeko pentsatu zen. Ez da biltzaile talderik behar, baina 1.000 metro karratu mozteko, azkenean, 30-40 minutu behar dira. Hori zertxobait moztu liteke, edo 23 urtez azpiko probak ere egin daitezke. Euren artean lan luzeagoak egiteko, 20-30 minutuko probaren bat. Pixkanaka iraupen luzeagoetara ohitzeko eta euren artean irabaziz zein galduz motibatzen joateko. Horrelako zerbait egin behar da.
Aurten emakumezkoen txapelketarik ere ez da egin.
Ez, aurten ez da osatu. Almitzak antolatutakoan, lan motzago horretan, bai; baina Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetan, ez. Pena da, baina kirol gogorra da, eta irabazteko gutxi du.
Aizkoran ere aritu zara beste urte batzuetan. Aurten zein da zure asmoa?
Aizkoran ari naiz entrenatzen orain ere. Sega sasoi betean gutxiago aritu naiz, baina ilusio handiarekin nabil aizkoran. Aste hau pixka bat lasaiago hartuko dut, eta, gero, buru-belarri hasiko naiz aizkoran.
Zein ligatan arituko zara?
Euskal Herrian, lehenengo mailan eta, Gipuzkoan, bigarrengoan. Biak liga independenteak dira. Bietan igotzen joan zaitezke, baina, askotan, Gipuzkoakoan igotzea zailagoa izan daiteke. Aizkolari bakarra igotzen da urtero lehen mailara; Euskal Herrikoan, bi. Nik bigarren egin nuen Euskal Herrikoan, eta igo egin nintzen, baina, Gipuzkoan, irabazi beharra dago, eta beti baten bat izaten da aurretik.
Euskal pentatloian ere parte hartu izan duzu.
Bai, hiruzpalau urte egin nituen. Oso kirol polita da, baina, lehengo urtean, gerrialdetik nahiko justu amaitu nuen, eta pixka bat nekatuta ere bai. Sega, aizkora eta pentatloia hiru kirol dira, eta pentatloiak kirol gehiago ditu barnean.
Beraz, aurten, aizkora eta sega.
Bai, hori da. Ez dut baztertzen egunen batean itzultzea, ikusiko da.