Azken urteotako ibilbidearen «azken helmuga» izan da Malmoko (Suedia) Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan euskal selekzioak lortutako urrezko domina. Jose Antonio Goirigolzarri Litri (Gatika, Bizkaia, 1960) 16 urterekin hasi zen sokatiran, Gaztedin, eta sasoian jarraitzen du oraindik ere. 2020ko Getxoko Lur Gaineko Munduko Txapelketari begira dago jada, baina penatuta dago etxean sokatirak duen egoerarekin.
Etxeratu berritan, hasi al zarete egindakoa barneratzen?
Oso pozik gaude. Azken urteotan saiatu eta saiatu ibili gara, eta lortu dugu, behingoz, urrezko domina preziatu hori.
Zein esanahi dauka nazioka lortu duzuen urrezko dominak?
Beti ibili izan gara gertu; iaz, Europako Txapelketan, bigarren amaitu genuen mistoan, hirugarren 560 kilokoan... Orain, urrea lortuta, izugarrizko poza daukagu. Ederra da ikurrina podiumeko goiko koskan ikustea.
Gaztedik lortu zituen brontzezko lehen bi dominak, gizonezkoen 580 kilokoan eta emakumezkoen 500 kilokoan. Azken horrek dauka, bereziki, indarra?
Garrantzi izugarria dauka domina horrek. Emakumezkoek Euskal Herrian ez daukate lehiaketarik, eta irailean Europako edo Munduko Txapelketan lehiatzeko prestatzen aritzen dira urte osoan. Oso pozgarria da baldintza horiekin klub mailan brontzezko domina lortzea.
Klub gisa bakarrik ez, nazioka ere beste lau domina kolkoratu dituzue asteburuan.
Klub gisa eta nazioka talde berberarekin aritu ginen gu. Gizonezkoen 700 kilokoan selekzio gisakoa osatu genuen Mutrikuko, Gaztediko eta Goiherriko tiralariek, eta maila polita eman genuen. Baina 580 kilokoan Gaztedik osatu zuen Basque Country selekzioa. Klub mailan multzo gogorra egokitu zitzaigun eta finalerdietan ezin izan genion irabazi Suitzari. Baina nazioka hobeto jardun genuen, eta ondo irabazi genion Ingalaterrari.
Gainerakoek onartu al dute jada Euskal Herria nazio gisa?
Urte batzuetan lehiatu gabe egon izan gara, hainbat arazo tarteko, eta beste herrialdeetako tiralari gehienek beti eskatu izan digute ahalegina egiteko, gu ere han egotea nahi zutelako. Azkenean lortu dugu Basque Country gisa parte hartzea, eta dominen borrokan gabiltza, gainera. Nazio indartsuak dira Suitza, Herbehereak eta Suedia, baina, Suitza salbu, nahiko parean gabiltza gainerakoak.
Ipar Euskal Herriko tiralariek, oraindik ere, ezin dute parte hartu Basque Country izenarekin...
Hala da, baina pixkanaka egin beharko ditugu gauzak. Zaila izango da, baina, oraingoz, horrela dago egoera.
Podiumera igo, eta Ikusi mendizaleak kantari denak. Ereserkiarekin ere nahikoa lan badu euskal selekzioak.
Bat-batean sortu zen hori, geneukan pozaren seinale izan zen, baina Gora ta Gora ereserkia jarri zuten podiumean. Zein jarri beharko luketen? Berdin zait niri. Lehiatzea dagokigu guri; erabaki horiek ez daude gure esku.
Kritika asko jaso du Malmoko zoruak, zuloa egiten zelako eta tiraldi luzeak izan zenituztelako.
Hondar askokoa zen lurra, eta tiraldiak luzatu egiten dira horrelakoetan. Gaztedirekin, ia 35 minutukoa izan zen tiraldi bat, 23 minutukoa beste bat, hamabiko bat ere bai... Ilundu egin zuen askotan. Pasiboak markatzen hasi ziren epaileak gero, lur berrira mugitzen gintuzten... Baina, bai, luzeegiak izan dira tiraldi batzuk.
Joan zineten 2014an AEBetara eta joan zarete orain Suediara. Ofizialtasunaren bidean pausorik eman al da bi urte hauetan?
Egoera ez da askorik aldatu, eta penagarria da Euskal Herrian, lur gainean, hiru talde bakarrik aritzea lehian. Ez dakit nola, baina indarra eman behar zaio horri.
Askotan salatu izan duzue presio handia egiten dela kanpotik Euskal Herriak nazioartean lehiatu ez dezan. Harremanik izan da arlo horretan?
Oraingoz ez dugu izan harremanik, baina TWIF [Nazioarteko Sokatira Federazioa] oso gustura dago gurekin, maila ona ematen dugulako. Kirolari asko mugitzen dugu, ez dugu arazorik sortzen... Ez dut uste honek atzera egingo duenik, baina auskalo zer gertatuko den presioa areagotuz gero. TWIFen, oraingoz, nahiko konforme daude gurekin.
Munduko Txapelketak pizten du, nolabait, sokatiraren sua, baina jarraipena falta du, ezta?
Zalantzarik gabe. Ez dakit egoera honek zenbat denboran jarrai dezakeen horrela. Gazteak atzetik gogotsu etorri ezean, akabo. Taldeak behar dira. Etxean 10-12 taldeko liga edukiz gero, nazioartean ere askoz maila hobea edukiko genuke, baina hiru besterik ez gaude, eta oso laburra da liga. Ea gazteak animatzen diren.
Arlo fisikoan, pisuarekin borrokan ibiltzen zarete beti. Suhiltzaile lanerako giharra behar, baina sokatirarako pisu jakin batean sartu behar...
[Barrez] Ez da erraza. Beti nahi izaten dugu ahalik eta talderik indartsuena ahalik eta pisurik arinenean lehiatzeko. Denboraldi-aurrean 15-16 kilo goitik ibiltzen gara beti, eta oso zaila izaten da indarra galdu gabe pisua jaistea.
2020an Euskal Herrira iritsiko da txapelketa. Beste erronka handi bat izango da hori...
Oso handia, eta ea ordurako Euskal Herrian 10-15 talde dauzkagun lehian, beste herrialde askotan bezala. Taldeekin soilik mila lagun inguru mugitzen ditu Munduko Txapelketak, eta asko da hori. Azpiegitura ona behar da; kiroldegia, hotelak, garajeak... Ez da erraza, baina 2012an Appenzellek, Suitzako herri txiki batek, erakutsi zigun gauzak nola egin behar diren. Sarrera kobratzen zuten, eta 8.000 ikusle ere elkartzen ziren tarteka. Oso pozgarria da hori; hori lortu behar da.
Jose Antonio Goirigolzarri. Gaztedi sokatira taldeko tiralaria eta entrenatzailea
«Gazteak atzetik etorri ezean, akabo»
Bizkaitarrak oso bere sentitu du Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketako urrea. Etorkizunerako arnasa izatea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu