Tren honetara igo behar dut». Horixe esan zuen David Garciak (Iruñea, 1994) duela urtebete eskas. Osasunako lehen taldera igo berria zuen Jan Urbanek, orduko Iruñeko taldeko entrenatzaileak. Trena ibili dabil, eta barruan da jokalari gaztea.
Trena trenbidetik ateratzeko arrisku larrian izan zen duela hilabete gutxi. Ez zuten bidaiariek bidaia batere gozoa izan aurreko denboraldian. Baina nekeak saria ekarri zien, eta beste zerbait gehiago ere bai: «Sekulako ikasgaia izan zen denontzat. Denboraldi batean lautan baino gehiago ikasi genuen». Horrela oroitu du orain aurreko denboraldikoa harrobiko ikurretako batek. Oroitzapen zehatzago bat ere ondo gordeta dauka: Sabadelleko azkeneko jardunaldiko partida. «Oso gaizki pasatu genuen. 2-0 galtzen gindoazen, eta berdinketa behar genuen, gutxienez, Bigarren B Mailara ez jaisteko». 77. minutuan, David Garciak berak egin zuen Osasunaren lehen gola; klubaren historian lekua izango du horregatik. «Betiko geratuko da partida hura bai», esan du.
Osasunaren tren honetan, berak eta beste askok jarraitzen dute, eta gidaria nabarmendu du David Garciak: «Oso garrantzitsua da Enrique Martin Monreal guretzat». Entrenatzailearen ezaugarri hau nabarmendu du: «Gauzak garbi esaten dizkigu, errespetuz betiere. Eta sekulako garrantzia dauka, niretzat, gauzak hain garbi esateak. Ez zait gustatzen entrenatzaileek jokalariak nahastea». Ez da aurreko sasoian entrenatzaile izan zituenen beste biren aurkako kritika txarra, ezta gutxiago ere: «Asko ikasi nuen Urbanekin eta Mateorekin ere».
Alde ederrean dabil trena orain. Sailkapenaren goialdean da, bigarren lekuan, eta bi puntu goitik du lehen sailkatua, Kordoba. Joan zen igandera arte alderantzizkoa zen egoera, baina nafarrek galdu egin zuten etxean Gironaren aurka, eta azken lau partidatan lau puntu baino ez dituzte atera. Pixka bat behera egin du emaitzetan taldeak, baina lasai dago bera: «Oso garbi daukagu nola jokatu behar dugun, eta ondo ari gara, nahiz eta azken emaitzak on-onak ez izan. Lasai gaude». Aurreko sasoiko kezka, ezinegon eta larritasunen ondoan zer izango da, bada, txakalaldi txiki hau...
Etzi bertan izango du Osasunak egoera bere onera ekartzeko aukera, Elxen zelaian, eguerdian. Herrialde Katalanetako taldeaz ez da fio, azkenaldian behera eginda badabil ere: «Ez dago goitik oso aparte, eta duela gutxi gurekin batera zen goialdean. Jokalari onak dauzka, jaitsi berria da, eta aurkari arriskutsua izango da». Errespetuz hitz egin du Elxez, baina beldurrik ez dio batere: «Guk gure jokoa egitera atera behar dugu. Zer egin behar den badakigu, eta horri etekina atera behar diogu».
Ez du harritu taldearen bolada txar honek, neurri batean. Eta hori esateko honetan oinarritu da: «Sekulako berdintasuna dago, eta edozein talde gai da beste edozeini irabazteko. Aurrenekotik azkenekora hamar puntu pasatxoko aldea baino ez dago, eta horrek erakusten du alderik ez dagoela talde batetik bestera». Aurrera begira, joera bera izaten bada, esan nahiko du edozein taldek izan dezakeela sari potoloa eskuratzeko aukera, gauzak oso ondo eginez gero, jakina. Lehen Maila ametsa, helburua, zer ote da? «Ez dugu taldean epe luzeko helbururik jarri. Hasi ondo hasi gara, baina oraindik 11 partida baino ez ditugu jokatu. Liga oso luzea da, eta gure filosofia da partidaz partida joatea».
Osasuna uzteko aukeraz
David Garciak ezin izan dio taldeari nahi bezala lagundu azken jardunaldietan, orkatilan minez egon delako. «Osatu naiz, eta prest nago jokatzeko», esan du. Jokalari guztiei gertatzen zaien bezala jokatu ezinda daudenean, urduri egon da harmailan: «Ez da samurra izaten ez. Lagundu nahi eta ezina gogorra da». Baina halako egoerak onartzen ikasi du: «Futbolaren alderdi txarrena lesioak dira, eta datozenean onartu beste aukerarik ez da izaten».
Berriz hasiko da jokatzen orain, eta, mailari eusten badio, aterako dira berriro ere zurrumurruak hedabideetan, Realak nahi duela fitxatu, Athletic daukala atzetik, eta antzeko kontuak. «Zuk hainbeste dakit nik gauza horietaz. Hedabideetan atera dira, baina beste ezer gehiago ez dakit nik», aitortu du. Hala ere, ez du baztertu beste talderen batera joatea egunen batean: «Aukera bat izan daiteke nire kirol ibilbidean hobetzen joateko, eta, hala bada, aztertu egin beharko du». Baina daudela lasai Osasunako zaleak: «Orain, burua Osasunan bakarrik daukat, eta ez dut beste ezertan pentsatzen». Gaztea da, bigarren sasoia baino ez du lehen taldean, baina beteranoek bezala hitz egiten du David Garciak. Bi urteko nagusia da.
Gaztea, baina nagusia
Hogeita bat urte baino ez ditu, eta bigarren denboraldia du Osasunan. Harrobiko ikurretako bat da erdiko atzelari iruindarra. Igandean berragertzea espero du, aste batzuetan minez egon eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu