Pablo Berasaluze. Asegarceko pilotaria

«Gauzak polit egiten saiatu naiz»

Ia hemeretzi urte eta 1.000 partidatik gorako ibilbidearen ondoren, 'artistak' larunbatean hartuko du erretiroa. Ez du ezkutatu txapelik ez lortu izanaren mina; hala ere, pozik doa: «Jendearen maitasunak txapel batek adina balio du».

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Larunbatean lasai egotea espero du. Azkenekoz jantziko ditu takoak Pablo Berasaluzek (Berriz, Bizkaia, 1977). Lagun artean eta etxekoen aurrean jokatuko du azken partida, Bilbon. Atzo arte 1.500 sarrera zeuden salduta, kantxako harmailako guztiak, eta joan nahi duenak oraindik eros ditzake. Jende asko bilduko dela ziurtatuta dago.

Zenbat galtza zuri dituzu etxean? Laster ez dituzu beharko...

Asko! Eta dezente berriak. Niri erabilitako galtzaren sentsazio hori gustatzen zait; berriekin ez nago eroso. Batzuk oparituko ditut, eta bat edo beste ilobarentzat gorde beharko dut.

Zergatik erretiratu zara orain?Zergatik ez iaz, edo 2017an?

Garaia iritsi zaidalako. Sasoi onean hartu nahi nuen erretiroa, eta iaz ikusi nuen gero eta gehiago kostatzen zitzaidala maila ematea. Lesioek ere eragina dute, gero eta zailagoa da indarberritzea. Ibilbidea urtebete edo bi luzatu izan banu, ez nuen sasoi onean hartuko erretiroa, eta hori ez nuen nahi. Uda ona egin dut, eta pozik nago.

Uda oso polita izan duzu. Txapeldun handien agurra izan duzu, baina haien palmaresik ez. Zerbait egingo zenuen ondo.

Hemeretzi urtean une politenetakoa izan da. Herri askotatik pasatu naiz, omenaldi asko... Nik ez nuen omenaldirik eskatu. Nik urrian esan nuen erretiroa hartuko nuela eta herri askotara joatea gustatuko zitzaidala. Gero, herriak izan dira euren kasa omenaldiak antolatu dituztenak. Nik ez dut txapelik, baina nire onena eman dut beti, eta jendeari gustatu egin zaio nire jokatzeko modua.

Txapelik gabeko pilotari gutxi izango dira hain gogoratuak.

Nik beti eman dut nire onena; jendeak nire jokoarekin goza zezan saiatu naiz, gauzak polit egiten. Jendea alboan sumatu dut beti, Bizkaian eta kanpoan. Txapel bat handiena zatekeen niretzat, baina jendearen maitasunak txapelak adina balio du.

Oraindik ere ondo pasatzen al duzu jokatzen?

Beti ondo pasatu dut jokatzen, umetatik. Orain, bolada batzuetan agian ez duzu hain ondo pasatzen, eta haserretzen zara, baina nik, oro har, beti gozatu dut kantxan. Askoz gehiago izan dira bolada onak txarrak baino.

Zure ibilbidetik zerbait aldatuko al zenuke?

Ibilbide ona egin dut; 18 urte ez ditu mundu guztiak egiten. Lehen urteak aldatuko nituzke, agian ez nintzelako entrenatzen profesional batek entrenatu beharko lukeen bezala. Ez naiz damutzen, gaztea nintzen. Ez nuen aparteko ezer egin, ezta astakeriarik ere... Baina uste dut garai haietan prestatzaile fisiko batekin entrenatu izan banintz gehiago jokatzeko gai izango nintzela.

Zure ibilbidea oso ezberdina zatekeen 1,90 neurtu eta sekulako kolpea izan bazenu?

1,90 metro luze banintz agian ez nukeen izango tantoa bukatzeko dudan erraztasuna. Ni pozik nago nire estiloa izan dudalako, eta estilo horrekin iritsi naiz iritsi naizen tokira.

Noizbait esan al zizuten txikiegia zinela?

Niri zuzenean ez, baina entzuten nituen komentarioak: pilotari motza nintzela, ez nuela indarrez bukatzen... Egia da berandu koskortu nintzela. Egun ahal fisikoa garrantzitsuagoa da, baina, sekulako gorputzik eduki ez baina oso pilotaria bazara, artista bazara, jendeari gustatu egiten zaio. Nik goian jokatu dut, pilotari belaunaldi on batean, eta zergatik ez du gazte batek gauza bera egingo?

Zuk zure estiloari zor diozu ibilbide osoa.

Argi dago. Nik uste dut orain 25 urte banitu, nire estiloarekin, goikoekin jokatzen egon nintzela.

Eta nafarra izan bazina zure ibilbidea ezberdina zatekeen? Bizkaitar izateak lagundu zaitu.

Bada, ziur asko, bai. Nafarroan pilotari asko egon dira, erreferente asko. Bizkaitarrak, berriz, azken urteetan ez dira hainbeste egon. Ni pixka bat bakarrik egon izan naiz urte batzuetan, Ariznabarreta, Agirre, Zearra eta horien ondoren... Eta nafarra banintz beste pilotari batzuk izango nituen hor.

Zuk pilotari ez izateko aukerarik izan al zenuen etxean?

Bai. Ni umetatik txunditu ninduen pilotak. Aitarekin pilotalekuetara joaten nintzen, eta beti nenbilen pilotan. 5 urterekin hasi eta 17 egin arte, larunbat eta igandeetan Eibarren egoten nintzen, Astelenan. Niri afizioa familiatik zetorkidan, baina nik ere ordu asko sartu ditut kantxan.

Berasaluzek zorte txarra izan duela uste du zaleak. Zer iruditzen zaizu?

Zorte txarra 2013ko finalean orpazurda haustea izan zen. Baina gero beste final bat jokatzeko aukera eduki nuen, eta ezin izan nuen irabazi. Zorte txarra egon da, baina zorte on asko ere bai.

Zure ibilbidean garai gogor bat dago, depresio gaitza pasatu zenituen urteak. Bospasei urte geroago, nola gogoratzen duzu hura?

Urte gogorrak izan ziren. Ni bizitza osoan aitari oso lotuta egon nintzen, eta horrelako zerbait pasatzea oso gogorra izan zen. Bizpahiru urte oso gogorrak izan ziren, eta azkenean hortik ere irten nintzen. Orain ondo sentitzen naiz, eta ondo nago. Aitarekin asko oroitzen naiz; nahiko nuke nire azken urte on hauek ikusi izan balitu, eta nire agurra ere bai... Tira, dagoen tokian dagoela nire partidak ikusten egongo dela uste dut.

Gaixotasuna atzean utzi eta elitera itzultzea lortu zenuen.

Urte oso gogorrak pasatu nituen, eta nire familia hor egon zen: ama, ahizpak, etxekoak, eta dudan lagun oso on bat. Haien laguntzarekin, eta medikuarenarekin, goraka egin nuen. Dena ilun ikusten nuen garai batean apurka argia irteten joan zen. Oso gaizki zaudenean, zure aldetik jartzen baduzu, irten zaitezke.

Eta, hala ere, enpresak mantendu egin zintuen.

Eskertua natzaio Asegarceri, oso ondo portatu ziren. Nik kontratu luzea nuen, eta ondo jokatzen ez banuen ez zen ez nuelako nahi, ezin nuelako baizik. Ez nengoen jokatzeko, eta nire ihesbidea asteburuan jokatzea zen. Enpresak lagundu egin ninduen, eta, gero, irten nintzenean, urte txar horien ondoren, uste dut joko ona eman diodala. Enpresak behar izan duen aldiro hor egon naiz, eta nire onena eman dut.

Beste enpresaren batera joateko aukerarik izan al duzu?

Ez. Debutatu aurretik Aspe, Asegarce eta beste enpresa bateko eskaintza izan nuen. Asegarce aukeratu nuen, eta oso pozik nago. Asegarce nire etxea izan da

Lehen soldatarekin zerbait erosi al zenuen?

Urrezko kate bat erosi nuen.

Dotoreago zatekeen amari eman zeniola esan izan bazenu.

Horiek beste garai batzuetan egiten ziren, duela 50 urte.

Zenbatekoa zen soldata hura?

1998an... lehen soldata 338.000 pezeta (2.036 euro) ziren hilean.

Pilotari ez den beste zerbaitetan egin al duzu lan inoiz?

Ez.

Pilotak lanetik atera al zaitu?

Ez. Etxe pare bat ditut, hipotekak ordainduta daude, inbertsio txiki batzuk eginak, baina lanari uzteko moduan ez. Hori bai, orain niretzat egingo dut lan, nire gastuentzat. Ezin naiz kexatu.

Ekonomikoki pilotaren urte onak egokitu zaizkizu.

Bai, egia da, gure belaunaldia ezin da kexatu. Irujo, Olaizola, Gonzalez, Titin… Urte on batzuk bizitzeko pribilegioa izan dugu. Krisiaren aurreko urteak izan ziren, eta ziur nago beste belaunaldi batzuetan urte oso onak ere egon direla, baina gu ezin gara kexatu.

Krisiak gogor astindu du pilota.

Bai, zerbait bai, baina guretzat ez dut uste aldaketa erradikal horietako bat izan denik.

Eta aldagelako giroa? 1998ko aldagela haiek eta egungoak oso ezberdinak al dira?

Bai, erabat ezberdina zen. Nik debutatu nuen egunean Etxaniz, Zezeaga, Beloki, Errasti geunden… Ni iritsi nintzen egunean sekulako errespetua zegoen telebistaz ikusten genituen pilotari haiekiko. Aldagelan sartu, bazter batean jarri, eta isil-isilik egon nintzen han. Orain, gazteak biziago datoz, eta nik uste dut orain bizitza hobea dela.

Pilotari bizitza asko aldatu al da?

Bai. Nik debuta egin nuenean ez geneukan ez prestatzaile fisikorik ez medikurik ez ezer. Egun pilotari guztiek prestatzaileak dituzte, fisioak… Asko aldatu da. Orduan ez zegoen entrenamendu zentro edo pilotalekurik. Orain Tolosan, Bilbon, Gasteizen… daude multzoak. Pilota asko aldatu da, bilakaera izan du. Aurrerapauso garrantzitsua da.

Garai batean ia pilotari guztiek parrandazale ospea zuten. Oraingoek, berriz, formalagoak dirudite.

Oraingoek prestaketa hobea dute, fisioekin… baliabide gehiago dituztelako. Baina lehengoak bezala irtengo dira festan. Garai haietan batzuei gehiago esaten ziguten. Egia da irteten ginela, gazteak ginen, eta oraingoak ere bai.20-22 urterekin nori ez zaio irtetea gustatzen? Zure herriko jaietan? Partidarik ez baduzu eta egun libre batzuk, mesedegarria eta guzti izan daitekeela uste dut.

Urte hautan jokoa goitik behera aldatzen ikusi duzu.

Erabat. Nik debutatu nuenean dena botera jokatzen zen. Jokoa askoz motelagoa zen. Orain mundu guztiak jokatzen du airez. Ordukoarekin alderatuta, jokoak abiadura ikaragarria hartu du.

Eta izaera? 19 urterekin nolakoa zinen?

Oso lotsatia. Beti izan naiz lotsatia. Partidetan ausarta nintzen, baina aldagelan, lotsatia.

Lotsatia diozu, baina garai batean birao sorta luzeak botatzen zenituen huts egin ondoren.

Egia da. Lehen askoz gehiago amorratzen nintzen pilotalekuan, baina uste dut urteekin aldatu dudala. Jarrera aldatu dut; biraoak itsusiak dira: niretzat, jendearentzat…

Noizbait errieta egin al zizuten?

Egia esan, bai; itsusi gelditzen zela esan zidaten, eta, gerora norbait biraoka ikusi izan dudanean, onartu behar dut itsusia iruditu zaidala. Gainera, konturatzen zara biraoek ez zaituztela inora eramaten. Baina batzuetan partidetan mila erreboluzioetan zaude, eta ezin diozu eutsi.

Larunbaterako zer espero duzu? Hunkituko al zara?

Lasai nago. Egun polita izatea nahi dut, eta jendeak goza dezala. Nik nahi dudan jendea egongo da partidan: Olaizola, nik inoiz ikusi dudan pilotaririk handiena; Urrutikoetxea, nire lagun min eta txapeldun handia; eta Mikel Larunbe, goraka doan pilotari gaztea.

Eta astelehenean zer egingo duzu?

Ez dakit zer egingo dudan. Iristen denean ikusiko dut. Pilotari lotuta jarraitu nahiko nuke.

Azken egunetan Asegarceko gazteekin lanean aritu zara. Teknikari jarraituko al duzu?

Ez dut ezer lotuta. Egia da gazte batzuekin entrenatzen aritu naizela, baina oraingoz ez dut ezer lotuta Asegarcerekin. Hitz egin dugu, baina adostu ez, eta akordioren bat lortzen badugu ikusiko da jarraituko dudan edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.