Xotako entrenatzailea

Miguel Hernandez: «Gauzak ondo egiten ari bagara ere, funtsezkoa da hobetzen jarraitzea»

Xota sasoi oso ona egiten ari den arren, Miguel Hernandezek dio taldeak «oinak lurrean» dituela. «Partidaz partida joan behar dugu». Jokalariei baloiarekin «askeago» jokatzeko eskatzen die.

MIGUEL HERNANDEZ.
XOTA
Iñaki Berastegi.
2023ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

Hogei urtez taldeko bigarren entrenatzaile eta prestatzaile fisikoa izan eta gero, Miguel Hernandezek (Iruñea, 1974) ordezkatu du Imanol Arregi Xota taldearen aulkian. «Oso ezberdina da», esan du bere ardura berriei buruz.

Denboraldiaren lehen heren bikaina egin duzue: hamabi partidatan, 21 puntu lortu dituzue. Espero zenuen halakorik?

Ez nuen hainbeste puntu lortzea espero, ez. Denboraldiaurrean taldea oso dinamika onean ikusteak segurtasuna eta konfiantza ematen zidan, baina ez nuen espero. Talde lehiakorra izango ginela pentsatzen nuen, baina hortik orain gauden tokira jauzi handia dago.

Emaitza onak direla eta, jokalarien artean euforiarik sentitu duzu?

Talde barruan, behintzat, ez. Taldea gaztea da, eta, agian, etxean edo lagunekin azaleratuko zuten hori, baina, multzoa batera dagoenean, nik ez dut ezer sumatu. Alde horretatik anbizio handiko talde heldua daukat. Ilusio handia dute, eta normala da amets egitea, baina taldeak oinak lurrean dituela ikusten dut.

Mailari eustea baino helburu handiago bat jar daiteke?

Ez. Egunez egun eta partidaz partida joan behar dugu; ezin gara sailkapenari etengabe begira egon. Gauzak ondo egiten ari bagara ere, hobetzeko eta lantzeko gauza asko ditugu oraindik. Funtsezkoa da hobekuntza prozesu hori ez etetea, hobetzen jarraitzen ez duen taldea sailkapenean beheraka joango delako.

Epe motzera, zertan hobetu behar duzue?

Pistan taldeak duen koordinazioa da nire ustez gehien hobetu dezakeguna. Talde oso dinamikoa gara, eta ia ez dago gure sistemarekin jokatzen duen talderik ligan. Hala, kanpotik datozenei pixka bat kostatzen zaie erabat egokitzea. Baloiarekin askeago jokatzea nahi nuke, baina argi daukat ezin dugula orain arte izan dugun intentsitatea jaitsi.

Azken denboraldietan baino talde handiagoa duzue orain. Eragina izan du horrek?

Funtsezkoa izan da, bai. Aurreko denboraldietan trantsizio garai batean murgilduta zegoen kluba, baina denboraldi honetarako ahalegindu gara taldea gehiago indartzen. Lesio bat duzunean ez ezik, entrenamenduetako eta partidetako intentsitatea handitzeko ere balio du goi mailako jokalari pare bat gehiago izateak.

Dani Saldise da sasoi honetako fitxaketa nagusia. Zer-nolako eragina izan du taldean Saldise itzultzeak?

Garaikurrez eta golez betetako zakuarekin itzuli da etxera, baina baita gogoz eta konpromisoz gainezka ere. Klubak eta talde teknikoak eman zioten guztia bueltatu nahi du orain. Kirol arloan agerikoa da zer maila duen; esperientzia, segurtasuna eta golak ematen dizkigu. Aldagelan ere oso jokalari garrantzitsua da.

Nola egokitu zara zu entrenatzaile nagusiaren erantzukizunetara?

Oso ezberdina da dena. Nik taldean 20 urte daramatzat, eta orain arte jendeak ia ez zekien nor nintzen ere. Lan arloan ere aldaketa handia izan da. Imanoli entrenamenduak prestatzen eta partidak gidatzen laguntzen nion, baina hau beste kontu bat da. Halere, alderik handiena aurkariak ikuskatzeari loturikoa da; Imanolek egiten zuen ia osorik lan hori.

Zer izan da zailena?

Arraroena, behintzat, partidak izan dira. Ni eserita egon ohi nintzen, eta ikusten nuena edo biltzen nuen informazio baliagarria Imanoli ematen nion, baina berak erabaki edo gauzatzen zuen. Orain nik hartu behar dut azken erabaki hori.

Min hartuta dagoen Roberto Martil kapitaina da zure laguntzailea. Nola egokitu da eginkizun berrietara?

Jokalariaren eta talde teknikoaren arteko lotura hori berak egiten du; oso garrantzitsua eta baliagarria da lan hori. Agian, espero baino lehenago ikusiko duzue jokatzen.

Imanolek zer dio taldeaz? Asko hitz egiten duzue?

Etxeko partida guztiak ikustera etortzen da. Astero hitz egiten dugu, eta telefonoz ere etengabe gaude harremanetan. Hogei urte izan dira bere alboan, eta elkarrekiko erabateko konfiantza dugu: taldeak edo nik behar dugunerako badakit bera hor dagoela. Sumatzen dut haren falta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.