Euskal taldeak, liga hasierari begira. Reala. Asier Illarramendi. Realeko jokalaria

«Gauzak ondo eginda, Europan egoteko gai ikusten dut taldea»

Sasoia hasteko bi egunen faltan, Asier Illarramendik taldeak egindako «lan ona» azpimarratu du, eta esan du ez duela baztertzen garaikurren bat eskuratzea: «Valentziak lortu bazuen, guk zergatik ez?».

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Donostia</i>
2019ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Baikor dago Asier Illarramendi (Mutriku, Gipuzkoa, 1990). Gogotsu dago sasoia hasteko, eta uste du Reala ondo aritu daitekeela etzi hasiko den Espainiako ligan. Arazo fisikoak gaindituta, erdilariak uste du «ondo bidean» aukera izango duela estreinako jardunaldian zelaian egoteko.

Aspaldian ez bezala, taldekideekin batera entrenatu zenuen atzo. Osatu al zaizkizu eskuin zangoan zenituen arazoak?

Iragan sasoia ez nuen oso gustura amaitu; min dezenterekin nengoen. Denboraldi-aurrea nahiko ondo hasi nuen, eta bigarren astean berriz gelditu egin behar izan nuen. Azken hiru aste hauetan ondo ibili naiz lesio hari dagokionez, ez dut igarri. Ea horrela jarraitzen duen. Aste honetan beste mota bateko arazoak izan ditut kuadrizepsean. Atzo taldearekin entrenatu nuen, uste baino hobeto; ea ez duen okerrera egiten.

Horrek esan nahi du larunbatean jokatzeko moduan izango zarela?

Bai. Atzoko entrenamenduarekin zalantzak nituen, herenegun bakarka aritu eta mina izan nuelako. Atzo gustura amaitu nuen taldearekin entrenatzean.

Iragan sasoiko lesioa aipatu duzu. Mestallan hartu zenuen min, eta, hain zuzen, han ariko zarete aste honetan. Bitarte horretan kosta egin zaizu jarraitutasuna lortzea?

Bai. Egia esan, nahiko lesio larria izan zen, tendoia errotik atera bainuen. Hori errekuperatzeko denbora behar izan dut, eta gerora ere arazoak izan ditut. Azken bizpahiru asteetan gustura aritu naiz, eta ea hala jarraitzerik dudan. Iragan sasoia ez nuen gustura amaitu emandako mailarekin, eta lesio horrekin oraindik eta okerrago; gogotsu nago sasoi hau polita izateko.

Nolako Valentzia espero duzue lehendabiziko jardunaldian?

Ezagutzen ditugu, eta badakigu nola jokatzen duten. Talde indartsua da; 4-4-2ko sistemarekin defendatzen dute, multzoa nahiko behean dutela, eta ondo irteten dira kontraerasora. Ziur oraingoan ere berdin egingo dutela, guk akatsen bat egin eta kontraerasora irteteko. Badakigu aurrelari eta hegaleko jokalari azkarrak dituztela, eta talde ona dela. Saiatuko gara hanka sartze askorik ez egiten eta kontrolpean izaten haien abilezia.

Zer moduz iristen da Reala estreinako partidara?

Ondo, uste dut. Entrenamendu onak egin ditugu, kalitatezkoak, eta iruditzen zait talde polita daukagula. Fitxaketak ere hemen daude lehendabiziko egunetik; ondo moldatu dira eta ederki egin dute lan. Talde ona dugu, eta gogoa dugu iazko guztia ahaztu eta liga ondo hasteko.

Lehen hiru neurketak etxetik urrun jokatuko dituzue. Hasierazailtzen du horrek?

Egia esan, teorian hobea izaten da etxean jokatzea, baina iaz ere hala hasi ginen, eta lau puntu eskuratu genituen. Balantze eskasa ere ez zen izan. Orain ere, nahiz eta etxetik kanpo gehiago kostatzen den partidak aurrera ateratzea, lana ondo egin dugu, eta konfiantza osoa dut talde honetan, ikusita nola egin dugun lan denboraldi-aurrean.

Zer gogoeta egiten duzu denboraldi-aurreko emaitzez?

Uste dut ez dela emaitzen inguruko analisi askorik egin behar. Ikusi dudana da taldeak lana ondo egin duela, bai gimnasioan, bai barruan, eta jende guztia konpromisoz dagoela, ilusioz eta gogotsu; horrekin geratzen naiz. Taldekideen jarrera ikusita, uste dut emaitzak ere iritsiko direla.

Beraz, emaitza horiek ez lukete kezka iturri izan behar?

Ez. Denboraldi-aurrean ez dira emaitzak behar. Onak lortuz gero, hobeto, baina erritmoak hartzeko eta gauza berriak probatzeko garaia da. Gu horretan ibili gara; gauzak probatu ditugu, eta batzuetan hobeto irteten dira, eta bestetan okerrago. Egin dugun lanarekin geratu behar dugu, horretarako baita denboraldi-aurrea.

Imanol Alguacil ez da berria Realaren aulkian, baina estreinakoz ariko da hasieratik. Egoera apur bat aldatu al da?

Ez. Aurreko aldietan sartu denean, sasoi erdian izan da, eta berak ez du aukerarik izan gauzak planifikatzeko. Aurten aukera izan du hasieratik entrenamenduak eta beste prestatzeko, eta uste dut harentzat egokiagoa izan dela. Halere, duela bi urtetik ezagutzen gaitu, eta badaki zelako taldea garen. Kanpoko jendea ere etorri da, eta haientzat ere hobea izan da gurekin hasieratik aritzea.

Zelaian zer egiteko eskatzen dizue?

Badakigu Imanol nolakoa den. Gustatzen zaio entrenamendu guztiak intentsitate handiarekin egitea, baloi denengatik borroka egitea, eta hura gabe presioa goian egitea. Ahal denean, hasieratik egitea presio hori, eta, ez bada estutzen, apur bat atzera egitea. Ahal den guztietan kontrola edukitzea gustatzen zaio; argi dago ezin dela beti eduki. Haren pautak horiek dira: baloia daukagunean, hura aurkariari min egiteko erabiltzea, eta, galtzen dugunean, lehen presioa azkar egin, eta, ezin bada baloia ostu, atzera egin, eta berriz presiora jotzea.

Jokalari garrantzitsua zara. Zuri eskatu dizu ezer berezirik?

Bakoitzak badaki zein den bere rola. Makina bat entrenamendu egin ditugu harekin, badakigu nolakoa den, zer nahi duen eta zer bilatzen duen, eta argi dugu bakoitzak futbol zelaian zer eginkizun duen. Norberak garbi edukitze hori ona da taldearentzat.

Zer ezaugarri izango ditu Realak hastear den txapelketan?

Talde gaztea dugula. Neuk 29 urte ditut, eta beteranoen artean nago. Talde gaztea izan arren, teknikoki oso ona da, eta konpromiso handikoa. Jendeak lan egiten duen modua ikusita, lasai nago. Talde langilea dugu. Baloiarekin aritzeko ere, oso jokalari onak ditugu, eta saiatuko gara ahalik eta ondoen aritzen. Ea emaitzek laguntzen duten.

Gaztetasun hori onerako ala txarrerako izan daiteke?

Alde onak eta txarrak izango ditu. Argi dagoena da alde txarretako bat esperientzia falta izango dela. Batzuek partida gehiago eta beste batzuek gutxiago izan arren, hori izan liteke bat. Baina beste aldetik gosea dago. Oraintxe hasita, gazteen ametsa hori izan da: lehenengo mailan aritzea, Realean jokatzea, eta, horrek denboran segitzen duen arren, argi dago gose hori hor egongo dela. Are gehiago jakinda nolako denboraldia egin genuen aurreko sasoian.

Fitxaketak nola egokitu dira lehen asteetan?

Ondo. Esan dut talde ona dugula. Etxekoak gara gehienak, eta kanpokoak ere ondo hartzen ditugu. Ez dugu arazorik izan; lehen egunetik bat gehiago dira, eta saiatzen gara haiek ere ahalik eta egokien egon daitezen hemen. Haiek zenbat eta erosoago sentitu,orduan eta errazagoa da ondo jokatzea. Horretan saiatzen gara, bertakoak, beteranoak, eta zelaian ikusten ez den jendea.

Kapitain gisa, horretan ardurak dituzu?

Bai, nik, eta hemen denbora gehiago daraman jende gehiagok. Azkenean, badakigu Reala zer den, nola funtzionatzen duen. Saiatzen gara erakusten nola egin behar diren gauzak, bai bigarren taldetik datozenei, bai kanpotik datozen hiruzpalauri ere.

Fitxaketek zer eman diezaiokete Realari?

Fitxaketa onak dira. Iruditzen zait asko eman diezaioketela Realari. [Alexander] Isakek berak erakutsi du zertarako gai den; gola du, eta abiadura. Martinek [Odegaard] atzerago egingo du lan, eta teknikoki ona da. Gainera, 21 urte ditu, eta zelaitik kanpo ere asko zaintzen du bere burua. Ikusten dut bestelako lanak nola egiten dituen, eta pentsatzen dut langilea dela 21 urte izateko. Baloi gabe ere hobetu da; nik Real Madrilen ezagutu nuen, eta 16 urterekin ezberdina da, baina asko hobetu da. Futbolaria da. [Cristian] Portuk ere erakutsi du Gironan zer egin duen, liga ezagutzen du, eta hemen hala ibil daiteke. Pena izan da Modibo [Sagnan] lesionatu izana;gaitasun handia duela ikusten zaio.

Kapitaina zara. Taldearen itsasargi izatea egokitzen zaizu?

Niri, eta hemen urte batzuk daramatzagun guztioi. [David] Zurutuzari, [Joseba] Zalduari, [Aritz] Elustondori... beste batzuek ere, gazteagoak izan arren, aurrerapauso eman behar dute. Hor dago Mikel [Oiartzabal] ere; laugarren urtea du. Azkenean, guk dugu esperientzia gehien, eta geuk izan behar dugu nukleo indartsu bat, hau aurrera ateratzeko.

Non egon nahi zenuke sasoi amaieran?

Europan, argi da. Gauzak ondo eginez gero, taldea gai ikusten dut goian egoteko. Gustatuko litzaidake, eta gaitasunabadugula iruditzen zait. Beste taldeek ere izango dute helburu hori, baina borroka horretan ikusten dut taldea.

Garaikurrik lortzea posible ikusten al duzu?

Argi dago ez dela erraza. Bartzelona, Real Madril, Atletico Madril... Gaitza da, baina, aurreko sasoian Valentziak irabazi bazuen, guk zergatik ez? Gaitza izanagatik, gustatuko litzaiguke.

32.000 bazkide ditu Realak, eta etzi 500 realzaletik gora izango dira Valentzian. Bada ilusiorik.

Ikusten dugu. Zaleek babes ona ematen digute; ilusioa dute, eta baita guk ere. Ea guztiok batera urte ona egiten dugun, Anoeta berria estreinatuta, eta giro ederra sortzen dugun emaitza onekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.