Aitor Etxaburu. Anaitasunako entrenatzaile ohia

«Gauzak modu natural batean erabaki dira; ziklo bat amaitu da»

Bidasoaren kontrako partida izan zen Aitor Etxabururen azkena, Anaitasuna taldeko entrenatzaile gisa; garaipen batekin itxi zuen lau urteko zikloa. Taldea uzteak tristatzen duela onartu du, baina argi utzi du iruindarren zuzendaritzarekin arazorik ez duela izan.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Atseden hartu nahi du Aitor Etxaburuk (Eibar, Gipuzkoa, 1966), bertze deus baino lehen. Iruñean eman ditu azken lau urteak, Anaitasunako entrenatzaile gisa. Urte gogorrak izan direla nabarmendu du, eta orain jabetzen ari dela denbora horretan egindako benetako lanaz eta lortutako emaitzez. Ohorezko B mailan hartu zuen taldea, eta Asobal ligan sendotuta utzi du. Zazpigarren amaitu du denboraldia Iruñeko taldeak. Egin beharreko lana ongi bete duen sentsazioarekin badoa. Anaitasunarentzat bezala, ziklo berria hasiko da orain Etxabururentzat ere.

Bidasoaren aurka jokatu zuen Anaitasunak Ligako azken partida; zuretzat ere azkena izan zen, iruindarren entrenatzaile gisa. Berezia izan zen?

Merezi duten egun horietako bat izan zen niretzat. Lau urtez izan naiz Anaitasunako entrenatzaile, eta denbora horretan guztian hagitz gustura egon naiz lanean. Urte politak izan dira. Nire bigarren etxea izan da Anaitasuna. Horregatik berezia izan zen azken partida hori. Ez horregatik bakarrik. Pistan, bi taldeetan, nik ongi ezagutzen ditudan jokalariak ikustea polita izan zen ere. Bidasoan eta Anaitasunan etapa ezberdinetan izan naiz entrenatzaile, baina bi kasuetan jokalarien garapenaren parte izateko aukera izan dut. Eta hori zoragarria izan da. Entrenatzaile gisa nire lana bete dudala sentitzen dut. Eskubaloiaren munduan, anitzetan, emaitzei baino ez zaie so egiten, baina jokalariak jokalari egiteko prozesu horren parte izatea hagitz gauza polita da.

Anaitasunak erran du ziklo bat itxi eta bertze bat zabaldu nahi duela, zu gabe. Nola izan da postua uzteko prozesu hori?

Hagitz prozesu naturala izan da. Nire eta zuzendaritzaren artean beti egon da hagitz harreman ona. Bakoitzak bere lan esparrua du, baina, noski, nire eta zuzendaritzaren artean elkarrizketak etengabeak izan dira. Denon artean aztertu izan dugu beti taldearen egoera. Zalantzak sortu dira proiektua bideratzeko moduari buruz, eta, azkenean, taldeak erabaki du ziklo bat itxi eta bertze bat zabaldu nahi duela. Eta hori eginen dugu.

Zuk jarraitu nahi zenuen?

Bai. Ni gustura egon naiz Iruñean, eta jarraitzeko gogoz nintzen. Tristatzen nau alde egin beharrak, zalantzarik gabe. Baina horrek ez du erran nahi zuzendaritzarekin haserretu naizenik. Entzun ditut halako komentarioak. Ez ditut gaizki hartu, baina gauzak ez dira horrela. Eta argi utzi nahi dut. Ni gustura egon naiz, eta jarraitzeko gogoz nintzen. Baina gauzak modu natural batean erabaki dira, eta ez da deus pasatzen. Ziklo bat amaitu da. Bertzerik ez.

Zuretzat eta taldearentzat amaitu da ziklo hori. Anaitasunak zazpigarren amaitu du. Lana ongi egin duzun sentsazioarekin uzten duzu taldea?

Bai, erabat. Datuek horixe erakusten dute, eta taldeak berak halaxe onartu du. Talde sendoa dela erakutsi du Anaitasunak. Eta pistan lortutako emaitzek erakutsi dute bulegoetan ere ongi ari dela. Errealitateari lotutako taldea izan da beti, hagitz langilea. Eta hori agerian gelditu da.

Ohorezko B Mailan hartu zenuen zuk Anaitasuna, eta Asobal ligan sendotuta utzi duzu. Nolakoa izan da prozesu hori guztia?

Taldeak etengabe egin du gora azken urteotan. Urratsez urrats egin du gora, gainera. Aurretik egindako lana dago oraingo emaitzetan. Eta ziur naiz azken garai honetan egindako lanak ere izanen duela isla etorkizunean. Zaila da erratea non dagoen taldearenmuga. Kontua da emaitzak ongi kudeatzen jakitea eta ez erotzea.

Zein da oroitzapenik garrantzitsuena zuretzat?

Anitz daude. Denboraldi guztiek izan dituzte gauza politak: mailaz igotzeko partidak jokatzea, Asobalen aritzea... gauza anitz bizi izan ditugu lehendabiziko aldiz, eta hori beti da berezia. Partida hagitz hunkigarriak izan ditugu. Kiroldegia beteta ikustea, adibidez, derbietan. Kontua da erraz uzten ditudala atzean bizi izandakoak, eta, batez ere, sentsazioak ditut buruan. Eta lau urteotan bizi izandakoak utzitako sentsazioa hagitz ona da.

Gustura sentitu zara lanean, gauzak zure modura egiteko aske?

Bai. Beti izan dut erabateko konpromisoa hartu duen jende taldea ondoan, eta hori funtsezkoa da. Zaleak gertu sentitu ditut beti, gainera. Hagitz kontent egon naiz. Azkar egin du denborak aurrera.

Denborak azkar egiten duenean aurrera, disfrutatzen ari zaren seinale.

Bai, eta hala izan da. Idatzitako liburuxkak berriz begiratu behar izan ditut, eta hortxe konturatu naiz entrenatzen emandako denboraz, Iruñean egindako lan guztiaz.

Ziklo bat ixteak atzera begiratu eta egindakoaz jabetzeko aukera eman dizu?

Bai, zalantzarik gabe. Egunerokoaren erritmoak harrapatzen zaitu, eta ez duzu egiten duzuna eta lortzen duzuna baloratzeko denborarik ere. Iruñean lau urte zoragarri pasatu ditut, eta orain, begirada atzera bota, eta pistan egindako lanaz, egindako lagunez, pasatutako sanferminez eta bertze hamaika gauzez gehiago jabetzen naiz.

Entrenatzaile gisa, zer da urte hauek eman dizuten gauzarik garrantzitsuena?

Entrenatzaile bat beti dago ikasten. Eta argi dago ez naizela duela lau urte nintzen bezalakoa. Aspaldi hasi nintzen entrenatzen, profesional gisa hasi baino lehen ere haurrekin aritu bainintzen. Esperientzia guztiek balio dute entrenatzaile baten prestakuntzarako. Baina inoiz amaitzen ez den prozesua da hori. Partida orok irakasten dizu zerbait.

Eta hemendik aurrera zer?

Lehenik eta behin, atseden hartu nahi dut. Eta gero, egoera ongi aztertu, eta dauzkadan aukerak baloratu beharko ditut. Familiaren egoera kontuan hartu behar dut ere. Seme-alabak ditut, 14 eta 16 urtekoak. Bertze adinekoak balira, zalantzarik gabe aztertuko nuke hemendik kanpora joateko aukera.

Eskaintza zehatzik baduzu?

Bai. Baina oraindik ez dut erabakirik hartu.

Emakumezkoen eskubaloian ariko zinateke?

Emakumezkoena? Bada, ez dakit. Oraingoz, hainbat aukera aztertzen ari naiz, baina denek eskatuko lukete giroz aldatzea. Oraindik ez dut erabaki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.