Aitzol Atutxa. Aizkolaria

«Gauzak aldatzeko ideia berriak ditugu »

Sherpa Ai Txapelketa Nagusia antolatu dute aizkolariek beren kabuz, eta Euskal Herriko Herri Kirol federaziotik aparte egindako bidearen lehen pausoak ilusioa piztu dio Atutxari: «Modernizatu nahi dugu aizkora»

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Esan eta egin. Enborrak mozteko erabiltzen duten zehaztasunarekin bete dute hitza aizkolariek: txapelketak beren kabuz antolatzen hasi dira. Sherpa Ai Txapelketa Nagusia da aurrenekoa. Sailkapen proba Zestoan izango dute urriaren 24an Txikia IV.a, Otaño,

Ugaitz Mugerza, Ruben Saralegi, Rekondo, Larrañaga, Iker Vicente, Mujika, Irazu eta Atutxa ll.ak. Finala Bilbon da, Miribillan, azaroaren 29an. Zestoako sei onenak sailkatuko dira finalera. Egun horretan, Promozioko Txapelketako finala izango dute zortzi aizkolarik. Ilusioz gainezka dago Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia, 1988).

Agindu zenuten txapelketak antolatzen hasiko zinetela, eta hemen da aurrenekoa.

Oztopoak oztopo, aurrera egin dugu, eta ez da gutxi.

Zein izan dira oztopoak?

Osasun egoera dago batetik, eta federazioak jarri dizkigunak bestetik.

Zein, adibidez?

Ez dute gurekin hitz egin nahi izan, eta proba arautzen ez digute lagundu. Haien jarrerari gehitu beharreko kontuak, azkenean.

Gastu guztiek zuen kontu izan beharko dute, horrenbestez.

Ez gastuak bakarrik. Izan ere, epaileak aurkitzea ere geure gain hartu behar izan dugu, eta kiroldegiak topatzea ere gure lana izan da. Baina aurrera goaz.

Federaziotik aldentzearen atzean helburu ekonomikoak edukitzea leporatu zaizue.

Kontuan eduki behar da osasun egoera dela-eta bi probetarako sarrera salmenta ez dela izango ohikoa. Finala, agian, publikorik gabe jokatu beharko dugu. Garbi dago gure helburua ekonomikoa soilik izan balitz ez genukeela aurrerapauso hau emango.

Dirua galduko duzue?

Galdu ez dakit, baina sariak finkatu gabe daude, eta, hala ere, egoera hori izanik ere, aurrera egitea erabaki dugu, autogestioaren bidetik.

Babeslea, behintzat, baduzue: Sherpa Ai.

Bai, eta aurrera jarraitzeko ezinbesteko laguna da. Eskerrak mila aldiz emanda ere, labur geratuko ginateke. Enpresa horrek gure aldeko apustua egin izana goraipatzekoa da, eta modernitatearen aldeko gure bidean esanguratsua.

Autogestioarena izan daiteke, agian, etorkizuneko antolaketa moldea gure kiroletan?

Federazioaren barruan geunden, eta umezurtz sentitzen ginen. Berdin jarraitzen dugu, aizkolaritza oraindik ez delako ezer, baina, behintzat, elkarrekin batuta gauden umezurtzak gara. Gure indarrik handiena da aizkolari guztiok elkarrekin gaudela bat eginda, eta sekulako indarra ematen dio horrek gure mezuari.

Esan duzue txapelketaren helburua aizkolaritza «modernitaterantz» eramatea dela.

Txapelketa eredu klasikoan egingo dugu, baina baditugu ideiak eta ametsak gauzak aldatzeko. Nahi dugu txapelketa hau egunen batean Euskal Herrikoaren baliokidea izatea, eta horregatik erabiliko dugu arautegi bera; egin beharreko lanak ere berberak izango dira.

Geroko aldaketa horiek iraultzaileak izango dira?

Formatu berritzaileak asmatzen ari gara, ikusi gabekoak ere bai, baina ez da erraza horiek kudeatzea. Horregatik, hemendik aurrera ere laguntza beharko dugu. Modernitatearen bidetik, webgune bat sortu dugu txapelketaz, eta Instagram kontu bat ere bai.

Hitz egin duzue erakundeekin?

Egoera honetan, ez da erraza. Denbora behar da horrelako egitasmoak aurrera eramateko, eta orain, badira gurea baino gai garrantzitsuagoak. Erakundeei jakinarazi diegu gu ez goazela inoren aurka, kirol honen alde gaudela, eta profesionalizatu egin nahi dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.