Hotz dago kanpoan, eta Gorabideko eraikinaren kanpoaldean zain dago Jose Luis Sanchez Vera Realeko entrenatzailea (Madril, 1983). Nabari da gustuko duela futbolaz hitz egitea. Pasioz egiten du: «Pasioz bizi dut dena: bestela, akabo». Dena den, nabarmendu du badakiela patxadaz hausnartzen ere. Hala egin du Realean zer ondare utzi nahiko lukeen galdetzean: «Gustatuko litzaidake jokalariei eta klubari hazten eta aurrerapausoak ematen laguntzea, eta nire oroitzapen ona izatea».
Aspalditik zegoen zurrumurrua, eta azkenean zure bideak eta Realarenak bat egin dute denboraldi honetan.
Duela bospasei urtetik dut harremana Robertorekin [Olabe, futbol zuzendaria]. Baina orduan ez zen aukerarik izan ni hona etortzeko: aita izatekotan nintzen, Atletico Madrilek emakumezkoen lehen taldea zuzentzeko aukera eskaini zidan... Baina bihotzez eta buruz beti sentitu izan dut Realarekin bat egingo nuela noizbait nire kirol ibilbidean.
Oraingo honetan eskaintza egin zizutenean, beraz, ez zenuen bitan pentsatu?
Hasieran, atzerrira joatea zen gure asmoa. Izan ere, emakumezkoen futbolean, aukera profesional onenak atzerrian daude, batez ere ekonomikoki. Baina seme txiki bat dut, eta niretzat funtsezkoa da oreka gordetzea arlo profesionalaren eta pertsonalaren artean. Hori kontuan hartuta, Reala zen aukerarik onena.
Zer topatu duzu Zubietan?
Behin eta berriz esan dut gauza on asko zeudela hemen, eta horiek garatzen ari garela. Nataliaren [Arroyo entrenatzailea] eskutik proiektu bat hasi zuten, eta lau urteren ondoren, ikusi zuten beste bultzada bat behar zuela. Izan ere, batzuetan futbola ziklo kontua da. Gauza on guztiak kontuan hartuta, aurrerapauso bat eman nahi izan dugu exijentziari dagokionez.
Hain zuzen, exijentzia da prentsaurrekoetan gehien erabiltzen duzun hitza. Zer esan nahi du hitz horrek zuretzat?
Exijentea izatea arduratsua izatea da. Horrek modua emango digu ikusgaitasunean eta profesionalizazioan aurrera egiteko. Goi errendimenduko kirolari eta entrenatzaile izateak hori eskatzen du, eta lotuta dago emaitzekin. Garbi izan behar dugu zer den profesional izatea, bai exijentziari eta bai konpromisoari dagokienez. Profesional izatea bizitzeko modu bat da: 24 orduz, 365 egunez.
Eta zertarako balio izan dizu azken lau urteetan Natalia Arroyok egin duen lanak?
Beti esan izan dut ez nuela edozein proiektu onartuko, eta baten bati baiezkoa emanez gero bat etorri beharko zuela futbola ulertzeko dudan moduarekin. Alde horretatik, Nataliak ezarritako jokatzeko era bat dator nik futbolaren inguruan dudan ikuspegiarekin: baloia edukitzea du oinarri. Agian, guk zuzenago jokatzea nahi izan dugu, eta hortik datoz aipatu ditudan ñabardurak.
«Natalia Arroyoren lau urteko lanak asko balio izan dit, hark ezarritako jokatzeko era bat dator-eta futbolaren inguruan dudan ikuspegiarekin»
Lanean hasi aurretik hitz egin zenuen harekin?
Nataliak eta biok harreman oso ona dugu, eta asko hitz egin ohi dugu. Baina oraingo honetan ez. Izan ere, leku berri batera joaten naizenean, ez dut gustuko izaten aldez aurreko ideiarik edukitzea. Gerora hitz egin dugu.
Nahi zenuen jokalari multzoa daukazu?
Normalean, futbolarien joan-etorria abendu inguruan hasten da kudeatzen. Nataliak maiatzean iragarri zuen taldea utziko zuela, eta gu ekainean iritsi ginen. Beraz, ordurako multzoa ia itxita zegoen.
Nola moldatu dira zuk ezarri nahi duzun jokatzeko erara?
Ondo. Emaitzei begiratuz, ziurrenik espero baino hobeak izan dira. Hori funtsezkoa zen guretzat, aurreko sasoiko azken sei hilabeteetan ez baitzuten segidarik izan arlo horretan. Emaitzak lortzeko moduari dagokionez, batez ere azken hilabetean sumatu dugu taldea nahi dugun hori islatzen ari dela zelaian. Ez dugu soilik jokoaren ekimena duen talde bat izan nahi. Ekimena izan nahi dugu aurkariari min egiteko, eta irabazteko.
Taldearen zer ezaugarri gustatzen zaizu gehien? Eta zer gutxien?
Taldea sinetsita dagoela jokatzen duen edozein partida irabaz dezakeela, horixe gustatzen zait gehien. Bestalde, Atletico Madrilen aurka jokatutako partidan izan ezik, beste guztietan golen bat sartu dugu. Gainera, defentsan ere sendo gaude. Hamabi gol sartu dizkigute beste horrenbeste partidatan. Horietatik zortzi, hiru neurketatan. Beste bederatzi neurketetan, ordea, lau baino ez dizkigute sartu. Kontrara, segida handiagoa eman behar diogu ezarri nahi dugun jokatzeko erari. Gure proposamenaren oinarria da jokalariak askeagoak izatea erabakiak hartzeko orduan. Hau da, guk tresnak ematen dizkiegu zer gertatzen den ulertzeko edo zer gerta daitekeen aurreikusteko, aztertzeko eta horren arabera jarduteko. Horri esker, jokalariak autonomoagoak izaten dira gerora. Denbora gehiago eskatzen du hori egiteak, baina aldi berean prozesua erakargarriagoa eta aberasgarriagoa da.
Jokalariek gustura hartuko dute autonomia eta askatasun hori izatea, ezta?
Bai, dibertigarria da eta. Baina aldi berean ardura eta exijentzia dakartza. Erabakiak egoki hartzen ikasteko, aurrena huts egin behar duzu, eta hori kudeatzen jakin. Esperientzia lagungarria da horretan, baina guk talde gaztea daukagu. Dena den, ari gara urratsak egiten horretan ere.
Teknikari gisa, gustuko duzu baloia edukita aurkaria mendean izatea. Taldeak ba al du gaitasunik aurkari guztien aurka hori egiteko?
Ohartzen gara aurkariak ere jokatzen duela, eta badaudela taldeak gu baino koska bat gorago. Baina, aurkariak mendean zaituenean, funtsezkoa da defentsako lanaren bidez neurketa kontrolatua izatea zuk ere. Horretan arreta handia jartzen ari gara. Izan ere, aurreko sasoian kontraste handia zegoen baloia zuen Reala haren eta ez zuenaren artean. Baloia zeukanean, min handia egiten zuen, baina, kenduz gero, kontrakoa gertatzen zen. Hori aldatu nahi dugu, eta horretarako hobeto kudeatu behar ditugu partidetako zenbait fase.
Orain laugarren zaudete sailkapenean, 23 puntu lortuta, baina zein da helburua?
Baliabideak, azpiegiturak eta jokalari askoren maila kontuan hartuta, uste dut lehen bost-sei sailkatuen artean amaitzea exijitu ahal zaigula. Denboraldi askotan jarraian laugarren eta seigarren postuen artean geratuz gero, gorago begiratzeko moduan izango zara. Baina ez daiteke halakorik lortu denboraldi batean bigarren eta hurrengoan zazpigarren eginda. Horretarako, oinarri sendoak jarri behar dira, horrek emango baitu modua funtsezko jokalariak hemen gelditzeko, baliabideetan eta azpiegituretan apustu handiagoa egiteko…
«Baliabideak, azpiegiturak eta jokalari askoren maila kontuan hartuta, uste dut lehen bost-sei sailkatuen artean amaitzea exijitu ahal zaigula»
Hainbat partidatan hamaikako bera erabili duzu. Hori da zure oinarrizko hamaikakoa?
Ez, partida horiek irabazteko egokiena iruditzen zitzaigun hamaikakoa zen hori. 14-15 jokalariko multzo bat daukagu, eta sartu eta irten ari dira.
Eta hamaseigarrenetik aurrera dauden jokalariak multzo horretan sartzetik gertu daude?
Kontua ez da gertu edo urruti egon. Normalean, egunerokoan 24 jokalarirekin entrenatzen gara. Multzo handiegia da ziurrenik. Jokatzen ari direnak oso ondo ari dira, astean behin jokatzen dugu, eta zorionez orain arte ez dugu aparteko arazorik izan lesioekin… Horrela egonda, ezin ditugu txandakatzeak besterik gabe egin, egite hutsagatik. Izan ere, ondo ari den jokalariari ere kontraesanezko mezua ematen diozu.
Atzealdeko ezker hegalean egin dituzu aldaketa gehien. Toki horretan izan duzu zalantza gehien? Edo postu horretan jokatzen duten jokalarien artean alde gutxi daude?
Bai, alde txikia dago, eta testuinguruak ere eragina izan du. Izarne [Sarasola] zazpi aste egon zen min hartuta. Bueltatu zen, eta gero bi aste egon zen min hartuta. Sartu eta irten ibili da. Bestalde, Violeta [Quiles] oso gaztea da, eta goiko postuetan lehiatzen ari den talde batera iritsi da, goi mailako jokalariak dituen talde batera. Pazientzia izan behar da.
Ekainean hainbat jokalari garrantzitsuri amaituko zaie kontratua: Andreia Jacintori eta Amaiur Sarriegiri, adibidez. Kezkatzen zaitu horrek?
Ez. Hilabete eta erdi daramagu jada horretan lanean. Klubarekin batera finkatzen ari gara bide orria, eta horren arabera hartuko ditugu erabakiak.
Zer moduz dabiltza harrobiko taldeak?
Oso ondo. Uste dut jokalari soslai oso interesgarria dagoela harrobian. Baina kontuan izan behar da kategorien arteko aldea gizonezkoen futbolean baino handiagoa dela oraindik ere, nahiz eta hor ere urratsak egin diren. Beraz, behetik gorako prozesu hori are zailagoa da, eta kontu handiz egin behar dugu. Izan ere, presaka edo korrika ibiliz gero, arriskua dago jokalari baten ibilbidea zapuzteko.
Roberto Olabek Reala utziko du ekainean, eta Eric Bretos izango da futbol zuzendari. Uste duzu Olabek bezala hark ere bere gain hartu beharko lukeela futbol egitura osoaren ardura? Edo emakumezkoenak bide propioa egin beharko luke?
Niretzat, kudeatzeko modua baino garrantzitsuagoa da klubak non kokatu nahi duen emakumezkoen egitura, eta zer apustu egin nahi duen. Klub batera joaten naizenean, zera galdetzen dut beti: apustua zein den, eta benetakoa den. Baina emakumeen futbolean ibili ez den pertsona baten ikuspegia izatea ere ona izan daiteke.