Hiri handietan bezala, trafikoak arazoak sortu ohi ditu Lyonen. Hala, Damaris Egurrolak ordu erdiz atzeratu du elkarrizketa —Orlandon jaio zen, AEBetan, 1999an, baina urte askotan bizi izan da Euskal Herrian—; auto pilaketa batean dago. Baina horretara ere ohitu da futbolaria. «Ez nago etxean, baina etxean bezala sentitzen naiz hemen. Nire ametsetako taldean nago». Jakitea zaila den arren, ez du uste luze gabe Espainiako Ligara bueltatuko denik. «Oraindik ere ez du espero bezalako bilakaera izan». Ezusterik izan ezean, udan Eurokopa jokatuko du Herbehereekin. Artean arreta osoa bere klubean du jarria.
Dagoeneko 100 partida jokatuak dituzu Olympique Lyonekin, Europako talderik indartsuenetakoarekin. Zer esanahi du zenbaki horrek zuretzat?
Nire ametsetako taldea da, eta hor 100 partida jokatzea gauza handia da. Ez da egunero gertatzen. Pozik eta harro nago. Iritsi nintzenean, argi nuen gauza handiak egitera nentorrela, eta betetzen ari naiz.
Zein izan da horretarako gakoa?
Lehen egunetik oso gustura eta eroso sentitu naizela, bai zelaian, bai hortik kanpo ere. Inguruak nigan konfiantza duela erakutsi dit, eta horrek aukera eman dit nire onena emateko. Hasieratik antzeman nuen lekurik aproposenera nentorrela, eta erraz egokituko nintzela. Ez nago etxean, baina etxean bezala sentitzen naiz. Eguneroko egonkortasun eta patxada hori funtsezkoa da. Aldi berean, lan asko egin dut jokalari osoagoa izateko. Bestalde, inguruan kalitate handiko jokalariak izateak asko erraztu dizkit gauzak.
Une txarrak ere egongo ziren. Bat aukeratzekotan, zein izango zen?
Maiatzean San Mamesen Bartzelonaren aurka Txapeldunen Ligako finala galtzea. Finala San Mamesen jokatuko zela jakin nuenetik, buruan nuen hura jokatu ahal izatea eta irabaztea. Denboraldiko nire helburu nagusia zen. Ligaxkako eta kanporaketetako partida bakoitzaren ostean, taldekideei esaten nien: «San Mamesetik urrats bat gertuago gaude». Finalerako sailkatu ginenean negar egin nuen. Beraz, asko kostatu zitzaidan finaleko porrot hari buelta ematea: etxean jokatzen nuen, familia eta lagunak bertan zeuden, baita txikitan izan nituen irakasle eta entrenatzaile asko ere... Haiei garaipen bat ezin eskaintzea gogorra izan zen. Gainera, frustragarria izan zen partida nola joan zen. Dena den, hilabeteak igaro ahala, beste modu batera ikusten ditut gauzak. Ederra izan zen halako egun bat bizitzeko aukera izatea, eta harro egoteko modukoa.
«Urte hauetako unerik txarrena izan da San Mamesen Bartzelonaren aurka Txapeldunen Ligako finala galtzea. Kosta egin zitzaidan porrot hori»
Nola gainditzen da halako egoera bat?
Nik denbora daramat kirol psikologo batekin lanean. Estadioan egon zen, eta lehen unetik hasi ginen lanketa hori egiten. Handik egun gutxira, sakelako telefonoa itzali, eta ahizparekin eta amarekin Txilera joan nintzen oporretara, basamortura, futbolaz ahazteko.
Eta zein izan da urte hauetako momenturik onena?
Txapeldunen liga irabaztea. Futbolari moduan izan dudan sentipenik ederrena izan da. Ziur nago berriz ere aukera izango dugula Txapeldunen Liga irabazteko. Ehungarren partida bete nuen eguna ere ahaztezina eta polita izan zen.
Zertan aldatu zara lau urte hauetan futbolari eta pertsona moduan?
Futbolari dagokionez, fisikoki asko aldatu naiz: gihartsuagoa naiz, eta potentzia handiagoa dut. Lan asko egin dut hori lortzeko, eta aukera ematen dit buruz buruko lehia fisikoetan indartsuagoa izateko. Bestalde, uste dut ikasi behar izan dudala erabakiak azkarrago hartzen, eta espazio txikietan buruz bizkorrago izaten. Bestalde, pertsona moduan etxetik urrun bizitzea beti da ikasgai bat, eta helduagoa izatera behartzen zaitu.
Beste hiru denboraldirako kontratua daukazu. Hura betetzeko gogoz eta motibazioz al zaude?
Dudarik gabe. Egunero jaiki, eta konturatzen naiz ez dudala gehiago behar. Gainera, hazten eta hobetzen jarraitzeko, eta titulu gehiago irabazteko grinaz nago.
Irabazteko grina aipatu duzu. Nola berritzen da grina, hori dena lortu duen talde batean?
Egunero gehiago eskatuz geure buruari. Berdin zaigu astelehena edo ostirala izan, entrenamendu guztietan bete-betean aritzen gara. Gainera, emakumeen futbola haziz joan den heinean exijentzia handitu egin da. Talde guztiek egin dute hobera, eta ezin dugu lo hartu.
Asko aldatu da kluba lau urte hauetan?
Gure baldintzek hobetzen jarraitzen dute, eta emakume kirolari moduan erdigunean jartzen gaituzte. Adibidez, entrenatzaile eta laguntzaile multzoa handitu egin da, bai kalitatez, baita kantitatez: 40 pertsona inguruk osatzen dute, guztiak oso espezialistak, eta gure exijentzia maila bera dute. Gainera, gure artean oso giro ona daukagu, eta hori ez da beti gertatzen halako maila duten taldeetan.
«Gure baldintzek hobetzen jarraitzen dute, eta emakume kirolari moduan erdigunean jartzen gaituzte. 40 pertsonak osatzen dute gure prestatzaile multzoa»
Eta denboraldi honetan arreta jarriz, zer moduz ari zara ikusten zeure burua? Eta taldea? Oraingoz, lehen postuan zaudete bai Ligan, baita Txapeldunen Ligako multzoan.
Partida gehienetan jokatzen ari naiz. Oso gustura eta konfiantzaz nago. Talde moduan ere asko ari gara gozatzen. Hau hasi besterik ez da egin, eta argi dugu garrantzitsuena apiril-maiatzetan iritsiko dela. Orduan egon nahi dugu gure sasoirik onenean. Gure helburua dena irabaztea da.
Ligan txapelketa eredua aldatuko da, eta kanporaketetan erabakiko da irabazlea. Mesede baino gehiago, ez al dizue kalte egiten horrek?
Aldaketa hori egitea erabaki dute, ligari beste pizgarri bat emateko, eta onartzea besterik ez daukagu. Horri ez diogu bueltarik ematen. Liga lehen tokian amaitzea dugu buruan, eta gero kanporaketak irabaztea. Ligan bete-betean aritzeak bermatuko digu kanporaketetara ondo iristea. Dean den, nik ez dut oso gustuko. Izan ere, ligak neurtu beharko lukeena erregulartasuna da. Badira beste txapelketa batzuk hori egiten ez dutenak: Txapeldunen Liga, Kopa...
Joe Montemurro duzue entrenatzaile berria. Hark hartu du Sonia Bompastorren tokia. Zer moduz harekin?
Soniak oso lan ona egin zuen, eta asko zor diot: lehen egunetik konfiantza handia eman zidan, izugarri lagundu izan hobetzen... Montemurro lasaiagoa da. Asko hitz egiten du gurekin, eta oso kontuan hartzen du gure iritzia. Futbolari dagokionez, berriz, beti nahi izaten du baloi guztiak zelai erditik igarotzea, eta horrek protagonismoa ematen dit.
Arrazoi ekonomikoak tarteko, gizonezkoen Olympique de Lyon mailaz jaits dezakete sasoi amaieran. Nola eragin diezazueke horrek zuei?
Taldea berdina izan arren, gizonezkoen eta emakumezkoen taldearen jabeak desberdinak dira, beraz ez digu eragiten. Duela egun batzuk eduki genuen batzarra jabeekin, eta lasai egoteko esan ziguten.
Ari al zara Athletic ikusten?
Bai, beti saiatzen naiz partidak ikusten. Gainera, multzoan lagunak ditut, eta, tarteka, hitz egiten dut haiekin, nola dauden jakiteko. Aurreko sasoian oso ondo aritu ziren, eta denboraldi polita egin dezakete orain ere. Etorkizun handiko multzoa dute, eta pozgarria da ikustea nolako etorkizuna duten.