Jordan Loties. Osasunako jokalaria

«Gaurkoaren gisako partidak jokatzeko etorri nintzen»

Gaurko partida iristeko irrikan da. Aitortu du egutegiaren berri izan zuen egunean zera egin zuela lehen-lehenik: ikusi ea noiz jokatuko zuen Bartzelonaren aurka.

Iruñea
2013ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Udan iritsi zen Jordan Loties Iruñera (Clermont Ferrand, Frantzia, 1984). Gorraitzen bizi da (Nafarroa), emaztea eta seme-alabekin, eta azkar egokitu da. Zelaian arazo gehiago izan ditu, baina hobera egin du, eta Jose Luis Mendilibarrekin bezalaxe, Javi Graciarekin ere beti izan du tokia hasierako hamaikakoan. Gaizki hasi arren, sasoi ona burutuko dutela sinetsita da.

Nola zaude? Bartzelonaren aurkako partidarako prest?

Bai, prest gaude. Era honetako partidak jokatzea gauza ederra da, eta lehian hasteko irrikan nago. Ea Bartzelona estu hartzeko gai garen.

Espainiako Ligara etortzea erabaki zenuenean horrelako partidak zenituen buruan?

Noski. Egutegiaren berri izan genuen egunean nire lehen lana Bartzelonaren aurka noiz jokatuko genuen ikustea izan zen. Partida guztiak dira garrantzitsuak, baina Bartzelona telebistan soilik ikusi dut orain arte, eta ezin dut ezkutatu berebiziko gogoa dudala haren kontra jokatzeko.

Denbora gutxi daramazu Osasunan, baina udan aukerarik onena egin zenuela uste al duzu?

Bai, erabakirik onena hartu nuela uste dut. Orain taldeak sailkapenean gora egitea falta zait erabat pozik egoteko. Ez gara erarik onenean hasi, baina gero eta hobeto ari gara, eta sinetsita nago helburua lortuko dugula.

Nancyk Bigarren Mailarako lotu nahi zintuen udan, Osasunaren eskaintza zenuen, baina Ingalaterrako zenbait talderenak ere bai.

Ingalaterrako talde pare batek sasoi guztian jarraitu zuten nire lana, Nancyn jarraitzeko ateak ere zabalik nituen, baina Espainiako liga ezagutu nahi nuen, Ingalaterrakoa baino gehiago interesatzen zait, eta Osasunaren eskaintza jaso nuenean ez nuen zalantzarik izan.

Zerk erakartzen zintuen?

Bartzelona, Real Madrid, Atletico Madril eta antzeko taldeen aurka jokatzea, hori zen nire nahia. Txapelketa honetan jokatzeko aukerarekin oso pozik nago. Bartzelonaren aurkako gisako lehiak jokatzeko etorri nintzen hona.

Sasoi hasiera aldrebesaren ondotik zalantzarik izan al zenuen?

Ez, lasai nengoen. Frantzian ere ezagutu ditut antzeko egoerak, eta ohituta nago. Ez nintzen harritu, Frantzian ere gauza bera gertatzen da entrenatzaileekin. Egia da lehen hiru partidak galtzea ez zela samurra izan, baina iritsi aurretik banekien mailari eustea zela gure helburua, eta non zauden badakizunean ez zara urduritzen. Lana gogor egin eta mailari eusten saiatzeko gaude hemen.

Malagan irabazi ostean konfiantza erabat berreskuratu duzue?

Lehen baino konfiantza handiagoa daukagu, hori argi dago. Levanteren aurka ere egin genituen irabazteko merituak, gogorra izan zen partida hura galtzea, baina Malagako garaipena unerik aproposenean iritsi zen eta orain ongi gaude. Bide onetik goaz.

Ondo egoki zara?

Klubean zoragarri hartu naute, eta hiria ere gustatzen zait. Hiri txiki eta dotorea da Iruñea, Frantziaren antza ere badauka neurri batean, eta pozik nago.

Hizkuntzarekin arazo gehiago izango zenituen agian.

Ez, gazteleraz hainbestean moldatzen naiz taldekideekin. Ulertzeko arazoak ditut batzutan, azkarregi hitz egiten didatelako, baina egunetik egunera hobetzen ari naiz.

Taldea bezalaxe, zu zeu ere partidatik partidara hobekuntza erakusten ari zara.

Entrenatzaile berriarekin hobera egin dugula uste dut, eta ni neu ere gero eta hobeto sentitzen naiz. Klubaren konfiantza daukadala nabaritzen dut, eta hori oso garrantzitsua da. Sasoi borobila egiten ahaleginduko naiz.

Zure onena ez dugula ikusi diozu.

Ez, taldearekin batera hobetzen ari naiz, ikasten ari naiz oraindik, liga berri batera egokitzen ere bai, baina pozik nago.

Zein da Frantziako Ligatik Espainiakora ikusi duzun aldaketa nagusia?

Teknikoagoa da Espainiako Ligako futbola; Frantzian fisikoak garrantzi gehiago du. Hemen talde gehienetako atezainek motzean jokatzen dute baloia, eta atzetik aurrera baloia jokatuta ateratzen ahalegintzen dira. Frantzian ezberdina da, partida askotan atzean sartu eta baloi luzeekin min egiten ahalegintzen dira, batik bat etxetik kanpo.

Horretara egokitzeko arazorik izan duzu?

Ez, niri beti gustatu izan zait era honetara jokatzea. Baloia oinetan izatea ez da arazoa niretzat, gustatu egiten zait erantzukizun hori izan eta atzetik aurrera baloia eramatea. Entrenamenduetan ere asko ari gara lantzen hori, eta hobetzen jarraituko dugula sinetsita naiz.

Sadarko giroak harritu al zaitu?

Ez, Frantzian ere giro bikaina izaten zen, eta hemen ere zale bikainak ditugula ikusi dut. Amaiera arte hala jarraitzea nahiko nuke.

Nancyn gisako giroa dago hemen?

Hobea da hemengoa. Zale kopurua antzekoa da, baina hemen zaratatsuagoak dira zaleak.

Bartzelonaren aurka ere garrantzitsua izango da harmailetatik babesa jasotzea.

Bai, hamabigarren jokalariaren beharra izango dugu, eta argi dago u0ne zailenetan zeresan asko izango dutela zaleek. Bartzelonaren aurka une zail asko izango ditugu normalean, eta une horietan zaleen babesa izatea oso garrantzitsua izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.