Lan bikaina egin zuen atzo Trekek. Argi dago Mads Pedersen dela tropeleko ziklistarik azkarrena, eta hori jakinda, Trekek ez zion ihesaldiari aukerarik eman. Eguna esprintean amaitzea nahi zuten, eta horretarako egin zuten lan. Hala ere, Pedersenek biribildu behar zuen taldekideek eginiko lana, eta ez zuen hutsik egin. Hirugarren garaipena lortu zuen danimarkarrak, eta laugarrena lortzeko aukera ere izango du bihar, Madrilen.
Ander Okamika (Burgos-BH) eguneko ihesaldian izan zen beste bi ziklistarekin batera, baina Trekek ez zien aukerarik utzi. Faboritoek oso lasai hartu zuten eguna, eta su artifizialak gaurko etaparako utzi zituzten. Denek onartu zuten Treken esprinterako apustua, eta inor ez zen eskema horretatik atera.
Elkarrekin iritsi zen tropela helmugara, eta esprintean erabaki zen etapa. Pedersenek berak abiatu zuen esprinta, eta Fred Wrightek (Bahrain) gurpila ondo hartu zion arren, ez zuen danimarkarra aurreratzeko indarrik izan.
Navacerradan erabakiko da
Gaur Navacerradan izango dute taldeburuek maillot gorria liderrari lapurtzeko azken aukera. Bertan erabakiko da aurtengo garailea, etapa bat faltako bada ere. Enric Masek (Movistar) gogor estutu beharko du Remco Evenepoel (Quick-Step) lehenengo itzuli handia eskuratu nahi badu; 2.07ren aldea baitago flandriarraren eta Masen artean, sailkapen nagusian.
Podiumeko azken posturako Juan Ayuso (UAE) eta Miguel Angel Lopez (Astana) arituko dira lehia bizian. 42 segundoko abantaila dauka espainiarrak, baina Kolonbiakoak esperientzia gehiago du horrelako egoerak kudeatzen.
Mendiko etapa gogor batekin erabakiko da nork soineratuko duen maillot gorria. Bost mendateri egin beharko die aurre tropelak, baina hiru izango dira garrantzitsuenak eta erabakigarriak: Navacerrada (10,6 kilometro eta %6,5eko pendiza), La Morcuera (13km %6,4ean) eta Cotos (10,2 km %5,7an). Hirurak dira lehenengo mailakoak, eta estrategiak garrantzi handia izango du.
Bestalde, Emakumeen Vueltako hirugarren etapan Grace Brown (FDJ-SUEZ) nagusitu zen, eta Annemiek Van Vleutenek (Movistar) jarraituko du lider. Gaur, Palentziatik Segoviarako bidea egingo dute, eta ibilbidea oso laua izango da. Bihar amaituko da lasterketa.
Gaurko gorde dituzte indarrak
Pedersenek irabazi du Vueltako hemeretzigarren etapa, eta faboritoak ez dira mugitu ere egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu