Gaur zer?

Athleticek aukera ona dauka, Huelvan, Valladoliden aurka emandako talde itxura ez zela kasualitatea izan erakusteko

haritz gallastegi
2008ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Lehen bi jardunaldietan huts egin zuen Athletic, edo Valladoliden aurka jokoaren arlo guztietan nagusi izan zen taldea ikusiko da Huelvan? Kalean dagoen galdera da. Zaleek bigarren bertsioa ikusi gura dute. Normala da. Gogaituta daude euren taldea galtzen ikusten. Ez dute sufritzen jarraitu gura. Han eta hemen nekatu barik jarraitzen duten taldea sailkapenaren goiko aldean ikusi gura dute. Joan den sasoiko Racing edo duela bi denboraldiko Getafe izan gura dute. Ligan ezustea emango dutenak. Inork espero ez zuenean Europarako sailkatzea lortu zuten taldeak, alegia. Eta Europa ezinezkoa bada, bere ligako onenen artean egotea eskatzen dute. Zazpigarren edo zortzigarren postu inguruan. Bartzelonak, Real Madrilek, Vila-Realek, Sevillak, Atletico Madrilek eta Valentziak txapelketa bat jokatuko dutela baitirudi eta gainerako taldeek beste bat. Beste lehiaketa horretako onentsuenen artean egoteko esperantza dute zaleek. Baita jokalariek ere. Eta huts egiten badute, aukera aprobetxatzeko egoeran egotea da helburua.

Amets egitea ez da ezer kostatzen. Dena dela, gora begira jarri aurretik bestelako lanak ditu Caparrosen taldeak. Lehenik eta behin gutxienez hiru talde utzi behar ditu atzean. Igo diren taldeen maila eta egin dituzten fitxaketak aintzat hartuta, sekula baino lan samurragoa dela dirudi.

Liga amaieran estu eta larri ez egoteko ezinbestekoa da aurkari zuzenak izan daitezkeenen kontra puntuak irabaztea. Zuri-gorriek huts egin zuten Almeriaren aurka. Malagaren kontra, berriz, puntu bat irabazi zuten etxetik kanpo. Hiru puntuak irabazteko zelai aproposa izan arren, ontzat eman beharko da puntua. Eta hirugarren talde andaluziarraren aurka garaipena eskuratuz gero, sasoi hasiera ona egingo luke talde bizkaitarrak. Zazpi punturekin sailkapenaren lehen postuetan eta konfiantzaz gainezka egongo litzateke. Talde ona duen Getaferi aurre egiteko prest. Galduz gero, berriz, egoera dezente gaiztotu daiteke. Batetik, Victor Muñozen taldea mendean hartzera behartuta egongo litzatekeelako. Bestetik, urriko egutegiari begiratuta, beldurra senti daitekeelako: Sevilla, Bartzelona, Real Madril eta Vila-Real izango dituzte aurkari lehoiek. Beraz, bi norgehiagoka baino ez daude zeruaren eta infernuaren artean. Bi partida baino ez itxaropenaren eta etsipenaren artean.

Aldaketarik ez

Athleticek eta Recreativok txapelketa hasiera beretsua egin dute. Andaluziarrek zuri-gorriek baino puntu bat gutxiago irabazi dute. Lehen jardunaldian Betis mendean hartu ondoren hurrengo bietan porrot egin dute. Azken jardunaldian Vicente Calderonen egindako jokoak ahogozo garratza utzi die, gainera. Recreativoren azken erreferentzia ligan jokatutako azken neurketa da, baina ez da ahaztea komeni denboraldi-aurrean elkarren aurka jokatu zutela. Orduan galdu egin zuten zuri-gorriek. Joaquin Caparrosek Colombinon izan zuen Recreativok dituen armen berri. «Zelai erditik aurrera jokalari azkarrak eta txinpartadunak ditu. Halaber, talde lan ona egiten dute», adierazi zuen teknikariak.

Dena dela, aspaldian aurkariariei baino gehiago etxe barruko kontuei begiratzen diete zuri-gorriek. Jokoa hobetzeko asmoz ari dira buru-belarri lanean. Hausnarketaren zertzelada bat eman zuen entrenatzaileak: «Joan den sasoikoa hobetu gura badugu, erregularragoak izan behar dugu», azaldu zuen.

Bada, badirudi gaur emango duela lehen pausoa. Izan ere, Caparrosek Valladolid mendean hartu zuen hamaikako berbera zelairatzeko asmoa dauka. Lan ona egin zuten jokalariak saritzeko modurik egokiena da. Konfiantza hartzeko ez dago neurketa bat merezita irabaztea baino gauza hoberik. Orain ikusi egin beharko da igandekoa egun bateko kontua izan zen, edo taldea benetako sendotasuna lortzeko bidean dagoen. Talde gaztea da, hobetzeko tarte handia duena. Baina oraingoz ez du erakutsi talde segurua denik.

Gaur zelairatuko diren jokalarietako batek huts egiten badu, euren aukeraren zain daude zakur zaharrak: Etxeberriak, Yestek, Gabilondok eta Orbaizek --nafarrak Iturrasperen lekua hartu du deialdian-, besteak beste, aulkian ekingo diote neurketari. Belaunaldi aldaketa al dator?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.