Markel Elorza. Zierbenako arraunlaria

«Gaur ikusiko da non gauden»

Herriko traineruan herriko arraunlari bakarra da. Iaz arraunetik kanpo ibili ondoren, aurten itzuli da lehiara. Gaur, Bizkaiko Txapelketan, ikusmina eragin du Zierbenak, baina zuhur mintzo da Elorza.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Lanean harrapatu du BERRIAk Markel Elorza (Zierbena, Bizkaia, 1990), Zierbenako arraunlaria. Kanpotarrez inguratuta, taldeanElorza bakarrik da herrikoa. Pozik ari da denboraldia osatzen, eta, emaitzak onak izaten ari direnez, hori ere lagungarri du gustura ibiltzeko. Lana tarteko, baina, aste honetan ezin da azaldu entrenamenduetara, eta gaur kanpotik ikusi beharko du Bizkaiko Txapelketa.

Zierbena ere hautagaien artean dagoela diote, San Miguel ligako arauetatik kanpo oso talde indartsua osatzeko moduan zaretelako.

Arauak arau, taldea ondo dabilela ari gara erakusten San Miguel ligan. Ibaiko estropadetan hobeto ari gara moldatzen itsasoan baino, poparean ez garelako ari asko asmatzen, baina arauak ez zaizkigu ari kalte egiten.

Hala ere, gaur, Juan Zunzunegi entrenatzaileak nahi duen eta gehien gustatzen zaion taldea ateratzeko aukera izango du, eta horregatik bereganatu dituzue begirada asko.

Ez dakigu zein talderen alde egingo duen entrenatzaileak, baina egia da ligako arauen mugarik ez duela izango erabakitzeko orduan.

Taldearen barruan aparteko ilusioa eragin du Bizkaiko Txapelketak?

Beti pentsatzen ari gara lan ona egin dezakegula, baina badakigu Urdaibai eta Kaiku gu baino pixka bat gorago daudela. Gure lehia Portugaleterekin izango da. Orain arte, ligan, gu hobeto ari gara moldatzen, nahiz eta aurreko igandean haiek aurretik sartu zitzaizkigun.

Ez zenukete gaur Urdaibaitik eta Kaikutik gertuago ibili beharko Portugaleterekin alderatzen ibili beharrean?

Berez, bai, baina estropada bakoitza mundu bat da. Talde bakoitza zein arraunlarirekin ateratzen den hartu beharko da kontuan, talde guztiek ez dietelako garrantzi bera ematen txapelketari.

Zenbateko garrantzia emango dio Zierbenak?

Ligan bezala, ahalik eta ondoena egitera aterako gara. Irabaztera goaz, eta, ezin bada, bigarren geratu beharko dugu, eta horrela beti.

Aurten aurreneko aldiz, Urdaibai eta Kaiku txanda berean izango dituzue aurkari. Aukera horrek aparteko grina eta gogoa emango dizue?

Argi dago baietz. Ontzi txikietan elkarren aurka lehiatu gara, eta gu moldatu gara eurak baino hobeto. Gaur ikusiko dugu traineruen arteko lehian non gauden.

Lehen esan duzunez, ez zabiltzate eroso itsasoan. Ondorioz, itsaso barea nahiago?

Azkenean, itsasoan aukerak handitu egiten dira, hamar segundo irabazteko nahikoa delako olatu on bat hartzea. Nahiago dut beti itsasoan aritu, eta ikusteko ere politagoak dira estropada horiek.

San Miguel ligara jauzia eginda, zer moduz ari da Zierbena?

Ondo, oraingoz. Garrantzitsuena da beheko postuak ahalik eta urrunena uztea, eta hor gabiltza, nahiko eroso. Baina ezin gara fidatu, egun batean puntu pila bat galtzeko arriskua dagoelako.

Sekulako berdintasuna dago erdiko multzokoen artean, ezta?

Hala da. Hamargarren egiten baduzu, kasu guztietan ez du esan nahi estropada txarra egin duzunik. Gerta dakizuke hurrengo estropada batean lan bera egitea eta bosgarren geratzea. Kontu txikiak eragin handia ari dira edukitzen postuak erabakitzeko orduan.

Zure lanarekin gustura? Bost estropadetatik hirutan jarri zaitu Zunzunegik taldean.

Gustura nago, bai, ikusita lanean txandaka nabilela eta entrenatzera bi astetik behin joaten ari naizela. Egia da kirolari guztiek bezala dena jokatu nahi dudala, baina ezin naiz kexatu.

Iaz ez zinen arraunean aritu. Zer moduz itzulera?

Ikasten eta lanean ibili nintzen, eta ezin izan nuen arraunean egin. Aurten, neguan, ez naiz eroso ibili dena uztartzeko, baina moldatu naiz.

Etxeko arraunlaria zara, harrobikoa, eta herrian arraun egitea gauza handia izango da, ezta?

Bai. Urte batzuk Santurtzin egin nituen, baina Zierbenakoa naiz ni, eta etxean nabil orain. Gustura nabil, eta, gainera, emaitzak onak ari dira izaten, eta horrela errazagoa da sakrifizioak egitea: urte berean lana, ikasketak eta arrauna uztartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.