Gaur hasiko da Euskal Herriko Itzulia, Gasteizen

Larunbatera bitarte lehiatuko dira txirrindulariak. Izarrik ez da izango, baina ziklista on asko ariko dira.

Iazko Euskal Herriko Itzuliko argazki bat. GORKA RUBIO / FOKU
Iazko Euskal Herriko Itzuliko argazki bat. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko apirilaren 7a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Azkenean iritsi da eguna: gaur hasi eta larunbatera bitarte izango da Euskal Herriko Itzulia. Izarrik ez da izango, baina ziklista on asko ariko dira Itzulia irabazteko lehian. Hots, tropeleko klase ertainak aukera bikaina izango du garaipenera bidean borrokan aritzeko. Hautagaiek lehia parekatu eta irekia edukitzea espero da, eta, dena ondo bidean, azken etapako mendate festan erabakiko da nork hartuko duen Juan Ayusoren (UAE) lekukoa. Iazko txapeldunak ez du parte hartuko.

Gaur emango diote hasiera Itzuliari, Gasteizen, Buesa Arena pabiloiaren barruan, bakarkako erlojupeko batekin: 14:15ean ekingo diote. Itzuliko bakarkako saioak malkartsuak izan ohi dira, baina, oraingoan, txirrindulariek ordekan jardungo dute: ibilbidea laua da ia erabat. Horiek horrela, espezialistek etekina atera ahalko diote hamasei kilometroko saioari. Aldapa nabarmenik ez denez, haizea izan liteke oztopo nagusia.

Guztira, 864,70 kilometro korrituko dituzte txirrindulariek. Antolatzaileek azken urteetako ildoari eutsi diote ibilbidea ontzerakoan. Alabaina, badira ñabardura batzuk; adibidez, gaurko erlojupekoa laua izatea. Bihar, lasterketako etaparik luzeena eta errazena osatuko dute, Iruñea eta Lodosa artean, eta, hortik aurrera, gora eta behera ibiliko dira ziklistak.

Hilaren 12an bukatuko da Itzulia, Eibarren (Gipuzkoa), eta amaiera klasikoa izango du. Ibilbidean, hori bai, badira berritasun batzuk. Trabakuatik bi aldiz pasatuko dira, eta Karabieta igoko dute Gorlaren ordez. Etapa bakar bat ere ez da mendate batean bukatuko, baina guztira 23 igoera gainditu beharko dituzte.

Kalitate handia

Gaur egun, Tadej Pogacar (UAE), Jonas Vingegaard (Visma), Primoz Roglic (Red Bull) eta Remco Evenepoel (Soudal) dira indartsuenak hainbat egunetako lasterketetan, baina horietako inor ez da ariko aurten Itzulian. Mikel Landa (Soudal) ere ez da lehiatuko.

Hala ere, kalitate handiko txirrindulariz josita egongo da tropela. Tartean dira euskal ziklistak; horietako bat, Ion Izagirre (Cofidis). Haren lasterketa kutuna da Itzulia. Ormaiztegiarrak txapela jantzi zuen 2019an, eta beste bost alditan igo da podiumera: lau bider izan da hirugarren, eta behin, bigarren. Urteko gorputzaldirik onentsuena apirilean izan ohi du, eta ondo datorkio aurtengo bizikleta lasterketak izan dezakeen gidoi bizi eta irekia. Gainera, eskarmentu handieneko hautagaia izango da. Pello Bilbaok (Bahrain) ere alde izango du esperientzia. Lau aldiz izan da Itzuliko hamar onenen artean, baina oraindik ez du podiuma zapaldu.

Talde batzuek hautagai bat baino gehiago izango dute sailkapen nagusiaren lehian. UAE taldea beti ibiltzen da garaipenen arrastoan, eta baliteke Joao Almeidaren, Isaac del Tororen eta Brandon McNultyren esku uztea aginte makila. Red Bull taldeak ere badu non aukeratu: litekeena da zeresana ematea Florian Lipowitzek, Daniel Felipe Martinezek eta Aleksandr Vlasovek, Maxim Van Gils eta Giulio Pellizzari ahaztu gabe. Visma taldean, Sepp Kussek hartuko du lema, eta, hark huts eginez gero, Ben Tulettek agertu beharko luke. Movistarren, antzera gertatuko da Enric Mas eta Pablo Castrilloren artean. Eta Astanan, berriz, sasoi hasierako sentipen onei eutsi nahiko diete Clement Champoussinek eta Harold Tejadak.

Mattias Skjelmosek, berriz, bere gain hartuko du ardura osoa Lidl taldean. Jaycoren liderra Eddy Dunbar izango da, baina ez du bermerik ematen. Guillaume Martin (Groupama) eta Warren Barguil (Picnic) ere ohorezko postuetatik aparte izango dira ziurrenik.

Sailkapen nagusiaren borroka alde batera utzita, badira distira egin dezaketen beste zenbait euskal txirrindulari. Alex Aranburu (Cofidis), adibidez, talde berrian estreinako garaipena lortzen saiatuko da. Jada badaki zer den Itzulian besoak altxatzea: bigarren etapa irabazi zuen 2021ean. Urko Berradek (Kern Pharma), berriz, beste garaipen handi batekin egiten du amets, iazko Vueltan etapa bat zakuratu ondoren. Baliteke Jon Barrenetxea (Movistar) ere etaparen batean agertzea. Igor Arrietak (UAE), ordea, bestelako zeregina izango du: taldeburuen sostengu izatea, hain zuzen. Iazko Itzulian bikain aritu zen talde lanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.