Zubietako harrobian 12 urterekin sartu eta hemeretzi urtez Realean jokatu ondotik, biharkoa ez da edozein partida izango Markel Bergararentzat (Elgoibar, Gipuzkoa, 1987), estreinako aldiz neurtuko baititu indarrak lagun zaharren aurka, Getafeko elastikoa jantzita. «Aste honetan nahikoa jo didate adarra taldekide ohiek». Bihotza «betirako txuri-urdina» izango duela aitortu arren, gogotsu dago partida iritsi eta Realari irabazteko. «Emozioak kontrolatzea espero dut, oroitzapen asko etorriko zaizkit-eta gogora». «Zoriontsu» da Getafen.
Zer moduz doakizu bizimodua?
Ezin hobeto, zentzu guztietan. Oso pozik nago Getafera etorri nintzelako. Madrilek aukera ematen du egunero plan ezberdin bat egiteko, eta emaztea eta biok oso ondo egokitu gara. Egunero daukagu zer egina, eta, esan digutenez, neguan aukera guztietako emanaldiak egoten dira: musikalak, antzerkia... Gustatzen zaizkigu halako planak. Kirol arloan, berriz, ezin naiz kexatu. Reala uztean errespetua ematen du kanpora joateak, eta, hasieran, atzerrian jokatzea zen nire asmoa. Azkenean, Getaferen eskaintzak bete ninduen gehien, eta ez naiz damutzen. Aurrerapausoa izan da.
Behar al zenuen aldaketa bat?
Halako gauzak ez dira egun batetik bestera gertatzen. Joan den denboraldia sasoi onean hasi nuen, eta, esan izan balidate bukaeran hain gaizki egongo nintzela, sinetsi ere ez nukeen egingo. Baina hala izan zen. Lesioek ez zidaten lagundu, eta ligaren bigarren erdian apenas eduki nuen jokatzeko aukerarik. Ordurako, beste jokalari batzuek zuten lehentasuna entrenatzailearentzat. Une zailak pasatu nituen, onartu nuen arte etorkizuna beste nonbait topatu beharko nuela. Zorionez, orain gozatzen ari naiz.
Kontratua daukazu Realarekin 2019ra arte. Buruan ez al duzu Donostiara itzultzea?
Ez. Getafera utzita etorri nintzen egoerak hala eskatzen zuelako, ez beste ezergatik. Prozesua naturaltasunez eraman dut, eta bistakoa zen sasoi honetan ez nuela ia aukerarik izango Realean. Zubietako harrobia fruituak ematen ari da, eta gazteei atea irekitzeko onena da beteranook beste bide bat hartzea. Guztiok ez gara Xabi Prieto. Kapitainaren meritua izugarria da, oso maila onean jarraitzen duelako, baina ia gehienon bidea bestelakoa da. Ez dakit zer gertatuko den etorkizunean, baina, gaur-gaurkoz, nire helburua ez da Realera bueltatzea.
Bederatzi jardunalditan beti egon zara hamaikakoan, sasoi onean zauden seinale.
Hasieratik sentitu dut Jose Bordalas entrenatzaileak konfiantza duela nigan, eta garrantzitsua naizela talde honetan. Oker ez banago, bederatzi minutuz soilik egon naiz aulkian denboraldia hasi zenetik. Fitxatu nindutenean ikusi nuen interes handia zutela nigan, eta esker hori zelaian itzuli nahi diet. Kluba oso ondo portatu da nirekin, zaleek ere giro itzela jartzen dute harmailetan, eta ni gozatzen ari naiz. Buruaren lana oso garrantzitsua da kirol honetan, eta konfiantzaz eta ilusioz sentitzen naiz. Berdin jarraitzea espero dut.
Realean ez bezala, aurkariaren ate ingurura sarritan heltzen zara orain. Zertan aldatu zara?
Horrek lotura zuzena du entrenatzailearen joko sistemarekin. Zelai erdian, bi euskarrik elkarrekin jokatzen dugu, eta Bordalasi gustatzen zaio biotako bat erasora joatea, bigarren lerroan iristeko. Askatasun handiagoa dut orain. Konfiantza dut taldekideekin, eta lasai joaten naiz aurreraka, badakit-eta atzekoek lan ona egingo dutela. Inoiz ez naiz golegilea izan, baina eroso sentitzen naiz erasoan.
Gola sartu zenuen San Mamesen, baina alferrik: epaileak ez zuen ontzat eman.
Esango nuke! Behin gola sartuko, eta epaileak baliorik gabe utzi zidan. Lehen partida izan nuen Getaferekin, eta oso berezia izango zen Athletici gola sartzea, mundu guztiak daki-eta realzalea naizela. Futbolean halakoak gertatzen dira.
Nolako taldea da Getafe?
Talde berri batera egokitzea tokatu zait, herrialde guztietako jokalariak gaude, baina eroso sentitu nahiz lehen egunetik. Errespetu handia diogu elkarri, eta gauzak ongi egiteko gogoa daukagu. Lanerako grinaz gaude. Entrenamendu guztiak bi ordutik gorakoak dira, eta, nire ustez, ligan gehien entrenatzen den taldea gara. Zerbaiterako balioko du horrek. Oraingoz, bederatzi puntu ditugu, badakigu mailari eusteko lehian ibiliko garela, eta lortzea espero dugu. Guztiok norabide berean ari gara lanean, eta hori oso garrantzitsua da. Elkartuta gaude.
Ezberdina al da Realean edo Getafen jokatzea?
Gipuzkoar ororentzat da berezia Realean jokatzea. Txikitako ametsa hori izaten da, eta betetzen duzun egunean sentitzen diren emozioak izugarriak dira. Hori bai, harrobitik sortzen den jokalari batek edo fitxatutako batek daukaten presioa ez dira berberak. Harrobiko gazteak dena ematen du zelaian, bere koloreen alde ari delako, eta, gauzak ondo ez doazenean, are estuago bizi ohi ditu egoerak. Horregatik, orain presio txikiagoarekin ari naiz jokatzen Getafen. Esperientzia ere badaukat, eta hori beti da aldekoa.
Zer itxura hartzen diozu Realari?
Bere jokoa egiten badu, edozein talderi irabazteko gai da. Iragan sasoiko oinarri bera du, baina puntu bat egin du gora. Partida batzuetan ez du lortu bere ohiko maila ematerik, baina eguna tokatzen bazaio, erne. Taldekideei esan diet oso partida zaila izango dugula. Kalitate handiko jokalariak ditu, eta, ondo bidean, Europako postuetan sartu behar luke. Horrez gain, Europa ligan zerbait handia egitea ere gustatuko litzaidake. Dudarik ez dago baduela gaitasuna horretarako, baina, hori lortzeko, gauza askok bat egin behar dute: sasoi onak, lesioek, zorteak…
Asier Illarramendik eta David Zurutuzak ez dute jokatuko Getafen. Zortea zuena, beraz, ezta?
Eusebioren eskeman derrigorrezko bi jokalari dira, baina aulkian ere inoiz baino dinamita gehiago dauka taldeak. Beraz, ez dute izango aitzakiarik. Besteak beste, Kopako partidan ikusi zen Pardok bikain egin ditzakeela gauzak, eta Canales eta Zubeldia ere sasoi onean daude.
Igor Zubeldiak hartu du zure lekua eta zenbakia.
Harrobitik ateratakoa eta zelai erdiko jokalaria izaki, estima berezia diot. Ilusioa egiten dit nire zenbakiarekin aritzeak. Realean urte luzez egoteko ezaugarri guztiak ditu. Teknikoki ona da, fisikoki aparta, eta ikasteko gogorik ez zaio falta. Beti dago ondokoari entzuteko prest. Zortea baldin badu, jokalari handi baten atarian egon gaitezke.
Markel Bergara. Getafeko jokalaria
«Gaur-gaurkoz, nire helburua ez da Realera itzultzea»
Ia bi hamarkadaz Realaren parte izan ondotik, Markel Bergarak bihar jokatuko du estreinakoz talde ohiaren aurka. Irabaztea besterik ez du buruan. Realak denboraldi biribila osatzeko gaitasuna duela iritzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu