Ekaitz Saralegik gaur erabakikodu larunbatean Juan Martinez de Irujoren kontra jokatuko duen ala ez. Material aukeraketa izan zuen atzo Labrit pilotalekuan, baina min hartua duen ezkerreko eskuarekin ez zuen pilota ukitu.«Ezkerreko eskuarekin ez dut pilota ukitu. Gaur frogatuko dut eta erabakiko dut». Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan du eskua nola duen ikusteko hitzordua, 11:00etan.
Saralegik hautsia du ezker eskuko hatz luzearen punta. Azkazal azpia ere handituta dauka. Etzi jokatu behar du Juan Martinez de Irujoren aurka, eta hemezortzi tanto behar ditu lau t'erdiko finalerdietan sartzeko. Partida atzeratzeko eskatu zuen joan zen astean, baina lesioa ez zaio oraindik osatu. Atzoko material aukeraketan agerian gelditu zen oraindik min hartuta jarraitzen duela. 50 pilotakada egin zituen frontoian baina guztiak eskuinarekin. Ezkerrarekin ez zuen pilotarik ukitu. Gaurko saioa baino lehen hatza infiltratu eginen diote, anestesia eman, alegia, baina min hartzen jarraitzen badu ez duela jokatuko esan du Saralegik. «Fisikoki ongi nago. Hamar egun daramat buruari bueltaka eta bihar [gaur] erabakiko dut jokatu ala ez. Pilotarekin ibilitakoan erabakiko dut. Medikurik hoberena norbera da, eta medikuak ez daki behatzean zer sentitzen dudan». Joan den astetik eskua zerbait hobetu zaion arren, min izaten jarraitzen du. «Hantura jaitsi da, baina min gehien ematen didana behatz punta da. Punta hautsia dago, eta ez da finkatu».
Yves Salaberri Xala-k eta Julen Retegik bihar Oñatin (Gipuzkoa) jokatuko duten partidaren emaitzaren aukera gelditzen zaiola galdetuta, zintzoa izan nahi zuen Saralegik. «Lesionatuta dagoena ni naiz. Xala eta Julen Retegi ahal duten hobekien jokatzera aterako dira». Retegik bihar Xalari irabaziko balio Martinez de Irujoren aurkako partidari uko egitea ahalbidetuko lioke Saralegiri, 22-0 galduta ere finalerdietan legokeelako. Baina ez du horrelakorik buruan Saralegik. Afizioari eta beste pilotariei «errespetua» zor zaiela esan du. «Afizioarekin errespetua behar da».
Ezkerreko eskuarekin aritu gabe, eskuinarekin bakarrik jokatuz ahal dituen tantoak lortzeko aukera ere ez du buruan. «Frontoia beteta, eta barregarri ni geldituko naiz, eta ez dut hori egin nahi». Material aukeraketa izan da asteon Saralegiren trantzerik errazena.
Begi guztiak Saralegirengan badaude ere, aukeraketako bigarren protagonista Martinez de Irujo sinetsita dago Saralegik jokatuko duela. «Ezker eskua ongi duen ala ez aintzat hartu gabe, nire jokoa egiten saiatuko naiz». Ongi dago Iberokoa. «Hamabost egun izan ditut prestatzeko eta jokatzeko gogoz nago». Materialari dagokionez, biak ados azaldu ziren aukeratutako pilotekin.
Gaur erabakiko du
Ekaitz Saralegik ez du ezker eskua erabili pilota aukeraketan, eta gaur erabakiko du etzi Juan Martinez de Irujoren aurka jokatuko duen edo ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu