Hamalau jardunaldi eta 56 partida jokatu ondoren, azken-azkeneko neurketak erabakiko du Binakako Txapelketako ligaxkako sailkapena. Goitik eta behetik ia dena dago zehaztuta, baina seigarren eta zazpigarren postuan zein bikote sailkatuko den falta da erabakitzeko. Bada, txapelketan jarraitzea izango dute jokoan gaur Jokin Altuna-Iñigo Bikuñak eta Jon Ander Peña-Jon Ander Albisuk, Donostiako Atano III.ean. Matematikek garbi diote: bikote irabazleak lehian jarraituko du, eta galtzaileak agur esango dio binakakoari. Beraz, tentsioz betetako partida izatea espero da.
Altuna III.ak berak duela hiru aste esan zuen partida hauxe izango zela erabakigarria, eta denborak arrazoi eman dio. Bi bikoteek gora egin dute txapelketaren bigarren zatian, eta egun handietako giroa gailenduko da Atano III.ean. Aspeko bikotea izango da faboritoa, Amezketako txapeldunak berme handia ematen baitu egun garrantzitsuetan. Gainera, atzelari berria izango du: Bikuña. Aitor Arangurenekin ibili da txapelketa osoan, baina Aspek hura kanpoan utzi du, erabaki teknikoak argudiatuta. Hortaz, aukera ona izango du Bikuñak. Txapelketan zehar egin dituen ordezko lanetan txukun jardun du, baina bestelako presioa izango du gaur.
Peña II.ak eta Albisuk ere tentsio latza izango dute. Txapeldunorde izanak dira binakakoan, baina behar bezain ondo aritu ezinda ibili dira denbora luzez. Ordea, gora egin dute azken jardunaldietan, eta bolada onean iritsiko zaie partida erabakigarria. Batez ere Albisuk eman du irudi ona azkenaldian. Pilota luze ibiltzeaz gain, oso opari gutxi egin du, eta halakoetan atzelaririk onena da ataundarra. Haren laguntzarekin, Peña II.ak ere lan ona egin du, erraztasun handiz amaitu baititu tantoak. Haien garaipena sari handia izango litzateke Baikorentzat, ez bailuke bikoterik izango txapelketatik kanpo.
Mariezkurrena, sasoiko
Besteak beste, gaurko bikote garaileak kanporaketako partida jokatu beharko du datorren ostiralean, Erik Jakaren eta Ander Imazen aurka, Zornotzan (Bizkaia). Irabazten duenak Eibarrera (Gipuzkoa) bidaiatu beharko du bi egun geroago, finalerdietan sartzeko helburuz. Hain zuzen, bi bikote hauetako bat izango dute zain: Aitor Elordi-Jose Javier Zabaleta edo Iñaki Artola-Jon Mariezkurrena. Bi bikoteok datorren ostegunean neurtuko dituzte indarrak Tolosako Beotibarren (Gipuzkoa), eta garbi dituzte kontuak: irabazten duenak finalerdietarako pausoa emango du, eta galtzaileak beste aukera bat izango du Eibarren.
Kanporaketa horietara indartsu iritsiko da Mariezkurrena II.a, erakustaldia eman baitzuen atzo Bilbon. Jokoan ezer ez izan arren, goi mailako partida jokatu zuen Mikel Urrutikoetxearekin batera, eta 22-11 menderatu zituen Iker Salaberria eta Beñat Rezusta. Iruñeko Labriten, bestalde, Peio Etxeberriak eta Julen Martijak 22-17 garaitu zituzten Beñat Senar eta Martxel Iztueta.
Ados Pilotaren Binakako Txapelketan beste partida lehiatu eta on bat izan zen atzo Otxandion. Bertan, nor baino nor gehiago aritu ziren Aranburu eta Mujika Ruiz de Infanteren eta Orbegozoren kontra. Azkenerako, Ruiz de Infante eta Orbegozo izan ziren nagusi: 22-21. Gaur beste bi partida jokatuko dira. Azkoitian, Aranburuk eta Mujikak Iturriagaren eta Mendibururen kontra jokatuko dute, eta Barrokalek eta Arrastiak, berriz, Arreitaren eta Galeanoren aurka.