Denboraldia hasi berritan jaitsi da bizikletatik Victor de la Parte (Gasteiz, 1986). Izatez, sasoi amaieran esan nahi zuen agur, baina barrenean sentitzen zuen ondoezak erretiroa aldez aurretik hartzera eraman du. Arrotza zaio gaur egungo ziklismoa. «Lehen, gure lanbidea zen, baina zaletasun izaera ere bazuen. Orain, ordea, kate lana da». Gainera, Euskaltelen ez zegoen eroso. Hala ere, pozik dago hamabost urtez osatu duen ibilbidearekin. Emaitzek bainoago, bidaiaz bidaia bizi eta ikasitakoak bete du gehien.
Zergatik erabaki duzu orain erretiratzea, behin denboraldia hasita?
Denboraldi amaieran erretiratzea nuen berez asmoa. Baina burua beste gauza batzuetan dut jada, eta ziklismoari ezin nion behar beste arreta ipini. Gaur egungo txirrindularitzak den-dena ematea eskatzen dizu, eta atseden hartu ezinik nenbilen. Motibazio aldetik ere, txinparta falta zitzaidan. Gainera, iruditzen zait taldea apur bat berandu dabilela. Gauza asko elkartu dira.
Zer zentzutan dabil berandu taldea?
Aldaketa ugari izan da iazko denboralditik hona: arropa, bizikletak… Ezin gintezkeen lehiatu niri gustatzen zaizkidan baldintzetan. Irabazteko lehiatzen naiz ni, nahiz eta gero ez irabazi. Ahalik eta mailarik onenean jardutea gustatzen zait. Hori ezin zen bete, ez nire aldetik, ez taldearen aldetik. Jarraituz gero, egoerak okerrera besterik ez zuen egingo. Irudipena nuen azken denboraldi polita osa nezakeela, baina ez da posible izan. Besterik gabe, gozatzeari utzi diot, eta horrela jarraitzeak ez zuen zentzurik.
Etxean bukatu duzu zure ibilbidea. Halaxe nahi zenuen. Baina ez zaizu aho zapore oso ona gelditu.
Euskaltelen gazteagoa izanik eta taldearen aurreko aroan aritu izan banintz, askoz gehiago gozatuko nukeen. Orain, ordea, ez nintzen gozatzen ari. Taldea aldaketa fase betean dago, eta onerako izatea espero dut. Ea egoera aurrera atera dezaketen, Euskal Herrian dugun harrobia eta zaletasuna baliatuz.
«Amets guztiak bete ditut». Hala esan zenuen agurreko oharrean. Zeintzuk izan dira amets horiek?
Emaitza aldetik, ez dut amets handirik eduki. Pixkanaka sortu zaizkit, bidean aurrera egin ahala. Adibidez, Austriako Itzulira joan, eta irabazteko aukera sortu zitzaidan. Bada, irabazi egin nuen, eta poz handia hartu [2015ean izan zen, Vorarlberg taldean zebilela]. Umetan ez nuen txirrindularitzari lotutako ametsik; Tourra irabaztea, eta abar. Nire helburua, hasieratik, kirol honetaz gozatzea izan da. Eta bete dut.
Oso berandu iritsi zinen txirrindularitzara. Joseba Belokiri entrenamenduetan jarraika ibiltzen zinen, eta hor hasi zen dena.
21 urteren bueltan hasi nintzen txirrindularitzan. Aurrez, sekula ez nuen harremanik izan ziklismoarekin. Inoiz ez zen nire bizitzaren parte izan. Nik kirol denda batean egiten nuen lan, eta lanetik ateratzean, Josebaren entrenamendu taldeari jarraitzen nion. Guztiz axolagabea nintzen: Josebak eta enparauek gaizki ikus zezaketen ni haien atzetik ibiltzea. Ordea, oso ondo hartu ninduten, eta haiei esker izan naiz txirrindulari profesionala. Bizikleta zahar bat eta edozein arropa hartuta, haien erritmoari jarraitzeko gai nintzela ikusi zuten. Eta talde bat bila nezan adoretu ninduten.
«Nik ez dut inoiz Tourrean lehiatu nahi izan; behartuta joan nintzen. Baina bizitzan behin han lehiatu beharra dago»
Hasiera zaila izan zenuen Caja Ruralen —dopinarekin lotutako sare baten parte izatea leporatu zioten, baina, frogarik ezean, ez zuen zigorrik jaso—. Arrastoa utzi zizun?
Ikasgai ugari izan dut urtez urte. Talde guztietan bizi izan ditut gauza desatseginak, baina lezioak ikasiz joan naiz. Hori da garrantzitsuena.
Greziako talde batera joan zinen gero, eta bertan lortu zenituen zure lehen garaipenak, Errumaniako eta Aljeriako itzulietan. Zer oroipen duzu garai haietaz?
Orduan bizitakoa ez dut beste inon bizi. Adiskide batekin batera ibili nintzen, eta erabateko askatasuna genuen. Txirrindularitza zen, baina gozamenarekin eta aisiarekin lotua. Hemengo lantegi batean bezainbeste diru irabazten nuen, eta nahiago nuen bidaiatuz eta bizikletan lehiatuz lortzea soldata.
Munduari bira eman diozu hamabost urteko ibilbidean. 37 herrialdetako lasterketetan lehiatu zara guztira.
Lasterketak eginez herrialderik gehien ezagutu duen txirrindularia izan naiz tropelean. Iaz atera zuten datua, eta dezenteko tartea zegoen nire eta sailkapeneko bigarrenaren artean. Aurtengo denboraldiari begira, atzerrian lehiatzeak motibatzen ninduen gehien. Niretzat, herrialde berriak ezagutzea izan da ziklismoaren alderik politena. Herrialde askotan ez dago ziklismo kulturarik, eta, horietan, lasterketa bakoitza mundu bat da.
Gehiago gozatu duzu lasterketa exotiko horietan, munduko probarik entzutetsuenetan baino?
Bi kirol dira. Itzuli handiek, adibidez, dimentsio izugarria dute. Nik ez dut inoiz Tourrean lehiatu nahi izan; behartuta joan nintzen. Baina behin ikusita Tourra zer den, konturatzen zara bizitzan behin gutxienez lehiatu beharra dagoela. Daukadan oroitzapena ez da oso ona, baina esperientzia moduan, hor dago. Noski, ezin da alderatu Afrikako edo Asiako edozein herrialdetan topatzen duzunarekin. Proba horietan dena ez da ziklismoa. Alde batetik, sufritu egin dezakezu, baina, bizipen aldetik, asko ematen dizu herrialde horietan lehiatzeak.
«Profesionaletara pasatu nintzenean, elikagaiak ez ziren pisatzen. Orain, ordea, dena da zenbaki eta datu»
Zenbateraino aldatu da txirrindularitza zu profesionaletan hasi zinenetik?
Ikaragarri aldatu da. Profesionaletara pasatu nintzenean, elikagaiak ez ziren pisatzen. Orain, ordea, dena da zenbaki eta datu. Gazteek hori dena buruan txertatua dute. Oso kirol gogorra iruditzen zait gaur egungo ziklismoa. Lehen, gure lanbidea zen, baina zaletasun izaera ere bazuen. Orain, ordea, kate lana da. Pena ematen didate gazteek, ez dakitelako ziklismoaz kanpoko bizitzaz gozatzen.
Zu nola egokitu zara ziklismoaren molde berrira?
Ikusi dudana ez zait gustatu, eta nire arau propioak izan ditut. Nutrizioan, adibidez, aske jokatu dut, betiere gutxieneko jarraibide batzuk errespetatuz. Eta entrenamenduari dagokionez, berdin. Norberak bere buruari entzutea da gakoa. Badakit nolakoa naizen, eta zerk egiten didan on.
Zer duzu esku artean etorkizunera begira?
Gasteizen kirol zentro bat daukat, eta denbora dezente eskatzen dit. Orain, lehen gauza, lasai egotea da, eta ingurukoez gozatzea. Oraindik ez dakit txirrindularitzarekin zer harreman izango dudan; itzultzen banaiz, harrobian lan egiteko itzuliko naiz.
Galdera-Erantzuna
Inoizko txirrindularirik onena?
Tadej Pogacar.
Zuzendari bat?
Jose Luis Arrieta.Tropeleko lagunik onena?
Nairo Quintana.
Lasterketa bat?
Espainiako Vuelta.Igoera bat?
Urkiola.
Talde bat?
Poloniako CCC.Euskaltel?
Etxeko taldea.
Movistar?
Egon naizen taldeetan handiena.Idolo bat?
Ez dut eduki.
Sentsazioak edo wattak?
Sentsazioak.Garaipen bat?
Austriako Itzulikoa.Zer eman dizu ziklismoak?
Lagunak eta balioak.
Eta zer kendu?
Denbora.Bizitzeko leku bat?
Gasteiz.Eta bertan galtzekoa?
Kolonbia.
Zaletasun bat?
Xakea.
Zeri diozu beldurra?
Erorketei.