Bera Bera eskubaloi taldeak gaur jakingo du Txapeldunen Ligan zein aurkari izango dituen, Vienan egingo duten zozketan (20:15). Atzo zehaztu zuten talde bakoitza zein multzotan egongo den. Bera Bera bigarren multzoan sartu dute, eta Danimarka, Alemania eta Frantziako txapeldunak saihestu ditu; Midtylland, Thuringer eta Metz, hurrenez hurren. Multzo bakoitzeko aurkari baten aurka ariko da. Lehenengo multzoan Hungariako Gyori, Norvegiako Larvik, Montenegroko Buducnost eta Esloveniako Krim daude; hirugarrenean, Austriako Hypo, Kroaziako Podravka Vegeta, Suediako IK Savehof eta Poloniako MKS Lublin; eta, laugarrena, Txapeldunen Ligako atariko kanporaketa gainditzen duten taldeek osatuko dute.
Oltchim Errumaniako txapelduna eta Dinamo Volgograd Errusiako taldea txapelketatik kanpo gelditu dira, jokatzeari muzin egin ondoren. Izan ere, krisiak eskubaloian ere eragin zuzena izan du. Bera Berak, esaterako, aurrekontuaren %85 osatu du, baina falta zaiona osatzeko laguntza eskatu du. Herritarrei laguntza eskatuz kanpaina bat egin du, falta zaizkion 100.000 euroak lortzeko. Norbanakoen diru laguntzez gain, enpresei 500 eta 2.000 euro arteko laguntzaren truke publizitatea jartzeko hainbat modu eskaini ditu, eta sarrerak ere banatuko ditu.
Horrez gain, 2013-2014ko denboraldiko egutegia zein izango den argitu dute jada. Irailaren 7an Espainiako Superkopa jokatuko du Rocasaren aurka, eta liga hilaren 14an hasiko du. Alta, denboraldi-aurreari abuztuaren 5ean ekingo dio, Imanol Alvarez eta Martin Larrañagaren gidaritzapean.
Itxakoren tokia, salgai
Ohorezko mailan duen lekua eskaini die Itxakok Beti Onak eta Oberena taldeei, dakartzan gastuak ezin baititu ordaindu. Ohorezko mailan aritzeak 200.000 euroko aurrekontua eskatzen du, gutxi gorabehera. Badirudi ez batak ez besteak ez duela asmorik tokia erosteko, zorra ere bere gain hartu beharko bailuke tokia erosten duen taldeak. Oberenako zuzendariak ezinezkotzat jo du aukera hori: «Euro bat ere ez genuke ordainduko». Beti Onak-eko arduradun bat ere antzera mintzatu da: «Aukera ez da ona, gastuak handiegiak direlako». Itxakoren egoera oso larria da Asfi enpresaren diru iturria eten zenetik, eta etorkizun zaila ikusten du Miguel Bujandak, Itxakoko presidenteak: «Ez dugu babeslerik lortu, eta lortu ezean, ezinezkoa izango da taldearen bideragarritasuna». Itxakok azaroan konkurtso legea eskatu zuen, eta administratzailearen esku daude orain.
Bestalde, Zuazo Barakaldok atzo jakinarazi zuen Nahia Galarza eta Tania Yanez jokalariei kontratua berritu diela.
Gaur egingo dute Txapeldunen Ligako zozketa, Vienan
Aurrekontua osatzeko herritarren laguntza eskatu du Bera Berak, 100.000 euro falta zaizkiolako oraindik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu