Futbola

Gaur dute aurreneko proba Osasunak eta Realak

Gorritxoek eta txuri-urdinek derbia jokatuko dute gaur, Sadarren; ostegunean ere elkarren aurka arituko dira, Kopan. Athleticek, berriz, Betisi egingo dio bisita; eta3 Alavesek, Bartzelonari.

Osasunaren eta Realaren arteko lehen itzuliko partidako irudi bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Osasunaren eta Realaren arteko lehen itzuliko partidako irudi bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Osasuna eta Reala; Reala eta Osasuna. Datozen egunotan bi aldiz jokatuko dute elkarren kontra Donostiako eta Iruñeko taldeek: gaur, ligakoa, Sadarren (18:30, Movistar); eta, ostegunean, Espainiako Kopakoa, Anoetan (19:30, Movistar). Biek ligako bolada eskasari buelta ematea izango dute helburu gaur, eta kanporaketa gainditu eta finalerdietarako sailkatzea hurrengo astekoan.

Sailkapenean berdinduta egingo diote aurre partidari Osasunak eta Realak. Erdiko postuetan daude biak: hamaikagarren gorritxoak —27 puntu dituzte—; eta bederatzigarren txuri-urdinak —puntu bat gehiago dute, 28—. Sasoiz ere, antzera dabiltza. Azken bost partidetan ez du lehiarik irabazi Osasunak: hiru berdindu ditu, eta bi galdu. Realak, berriz, bakarra irabazi du, beste bat berdindu, eta hiru galdu.

Garaipenaren bidera itzuli nahi dute, beraz, bi taldeek. Eta nola hobeto derbi bat irabazita baino. Lehen itzulikoan, Osasuna nagusitu zen Anoetan: 0-2 irabazi zuen, Lucas Torrok eta Budimirrek lehen zatian sartutako golei esker. Datu argigarri bat: hori da gorritxoek ligan etxetik kanpo irabazi duten neurketa bakarra; gainontzeko bostak etxean irabazi dituzte, baina denboraldi hasieran. Sadar gotorleku zutela ekin zioten sasoiari. Gauzak aldatu egin dira, ordea: hamabigarren jardunalditik etxean ezin irabazita dabil Osasuna, azarotik hain zuzen. Alabaina, zelai zaila da Sadar oraindik ere: Betis eta Athletic soilik izan dira sasoi honetan han irabazteko gai.

Lucas Torrok ez zuen jokatu Las Palmasen aurkako azken neurketan, giharretako arazo batzuk tarteko. Badirudi, baina, jokatzeko moduan izango dela. Erdilaria jokalari garrantzitsua da Vicente Morenorentzat. Haren arabera, «lehiatua» izango da Realaren aurkako partida.

Txuri-urdinei dagokienez, Aihen Muñoz taldekideekin entrenatu zen ostiralean, eta badirudi osatu zaiola aldakako mina. Europa ligan kanporaketarako sailkatu berri ekingo dio lehiari Realak. PAOKen aurka aldaketa asko egin zituen hamaikakoan Imanol Alguacilek, eta atseden eman zien jokalari garrantzitsu askori. Ikusi beharko da nola banatzen dituen minutuak gaur, ostegunean Kopako neurketa baitute. Partida «gogorra» izango dela uste du Realeko teknikariak.

Hala ere, ligakoak baino garrantzi handiagoa du Kopako partidak, finalerdiak baitituzte jokoan. Joan den sasoian final-zortzirenetan jokatu zuten elkarren kontra. Realak kanporatu zuen orduan Osasuna, Sadarren 0-2 irabazita.

Bestelako helburuak

Europan etxeko lanak eginda, ligan ere sasoiari eutsi nahi dio Athleticek. Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokan ari da, eta beste hiru puntu baliotsu izango ditu gaur jokoan. Etxetik kanpo ariko dira zuri-gorriak: Betisi egingo diote bisita (21:00, Movistar).

Beste borroka bat du Alavesek: mailari eustea. Azken berdinketei zukua ateratzeko, partidak irabaztea behar du Gasteizko taldeak. Aurkari zaila izango du gaur parean, ordea: Bartzelona. Katalunian jokatuko dute, gainera, 14:00etan hasita (Movistar). 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.