Gatzari, piperra

Udaberriko azkeneko klasiko handiak jokatuko dira aste honetan, eta aurrenekoa gaur bertan: Amstel Gold Race

Igor Susaeta.
Donostia
2009ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Liluratuta gelditzen dira Flandriako Tourrarekin eta Paris-Roubaixekin. Lasterketak izugarri gogorrak izanagatik, txirrindulariek gozatu egiten dute. Han, Flandrian eta Frantzia iparraldean, sortzen den giroagatik, batetik, eta zaleek ezagutu egiten dituztelako, bestetik, garaipen zerrenda mardula ez eduki arren. Zaleek, berriz, klasiko horiek maite dituzte, beste molde bateko txirrindularitza ikusten delako horietan. Beste molde bateko ibilbideak, korritzeko beste era bat... Ezberdina da jarraitzaileen begietara, eta, horregatik, esker onez hartzen dituzte Paris-Roubaix eta Flandriako Tourra. Apirileko aurreneko bi asteburuetan korritzen diren bi lasterketa horiei ez zaie, ez, gatzik falta. Baina udaberri hasierako gatz horri piper apur bat falta zaio, eta hori Amstel Gold Race, Fleche Wallone eta Lieje-Bastogne-Lieje klasiko handiek gehitzen diote. Urtaroko egun bateko azkeneko lasterketa handiak dira. Elkarren artean ez daukate inolako antzik, baina bakoitzak handi egiten duen hamaika osagai dauka. Gaur bertan jokatuko da aurrenekoa, Herbehereetan: Amstel Gold Race (15:50, ETB 1).

Faboritoez hitz egitea ez da erraz-erraza, baina zaila ere ez, egia esan. Bi eratako txirrindulariak nabarmentzen dira Maastricht eta Caubergeko muinoaren artean. Batetik, espezialista petoak. Izan ere, gaurko lasterketa teknikoa da oso. 30 kilometroren bueltan 260 kilometroko barrutia prestatzen dute antolatzaileek, eta horretan jarduten dira ziklistak. Bihurguneak bata bestearen atzetik kateatzen dituzte, eta errepide aldaketak ere ohikoak dira. Gainera, 31 muino -berg deitzen zaie han- igo behar izaten dituzte. Laburrak dira aldapa horiek, baina gehienak tente-tenteak. Kruisberg, Eyserbosweg, Fromberg edo Keutenberg, eta bukaera Caubergen. Kilometro pasatxoko aldapa da, %8ko batez besteko pendiza daukana, baina badu %12ko pendiza duen aldaparen bat. Hortaz, 260 kilometroren ondoren horrelako muino batean gora ibiltzea ez da batere samurra izaten.

2003. urteaz geroztik bukatzen da lasterketa han, Caubergen. Iaz Damiano Cunego (Lampre) nagusitu zen, eta aurten ere faboritoen artean dago italiarra. Eta, berarekin batera, Alexandr Efimkin (Ag2r), Alejandro Valverde (Caisse d'Epargne), Vincenzo Nibali (Liquigas), Sylvain Chavanel (Quick Step), Robert Gesink, Kim Kirchen eta Maxime Monfort (Team Columbia High Road), eta Frank eta Andy Schleck anaiak (Team Saxo Bank) txirrindulariak. Eta ezin, noski, Davide Rebelllin handia ahaztu. Amstel Gold Race, Fleche Wallone eta Lieje-Bastogne-Lieje urte berean irabazi dituen ziklista bakarra da italiarra. 2004an izan zen. Diquigiovanni haren taldea hiru klasikoetara gonbidatu dute.

Euskal Herriko txirrindulariei dagokienez, zortzi lehiatuko dira. Euskalteleko Iñaki Isasi, Iñigo Landaluze, Egoi Martinez, Juanjo Oroz, Alan Perez, Ruben Perez eta Gorka Verdugo, eta Bingen Fernandez Cofidisekoa.

Fleche Wallone, eta Lieje gero

Herbehereetan jokatzen den sona handiko lasterketa bakarra da Anstel Gold Race. Asteazkenean eta hurrengo igandean, ordea, Belgikan, Ardenetetako eskualdean barrena ibiliko dira txirrindulariak. Aurrenekoa Fleche Wallone da, Huyko horman bukatzen den lasterketa, eta bestea Lieje-Bastogne-Lieje, txirrindularitzako monumentuetako bat.



Azken garaileak

AMSTEL GOLD RACE

2008 Damiano Cunego (Italia)

2007 Stefan Schumacher (Alemania)

2006 Frank Schleck (Luxenburgo)

2005 Danilo di Luca (Italia)

2004 Davide Rebellin (Italia)

FLECHE WALLONE

2008 Kim Kirchen (Luxenburgo)

2007 Davide Rebellin (Italia)

2006 Alejandro Valverde (Espainia)

2005 Danilo di Luca (Italia)

2004 Davide Rebellin (Italia)

LIEJE-BASTOGNE-LIEJE

2008 Alejandro Valverde (Espainia)

2007 Danilo di Luca (Italia)

2006 Alejandro Valverde (Espainia)

2005 Aleksandr Vinokurov (Kazakhstan)

2004 Davide Rebellin (Italia)





David Etxebarriaren iritzia

AMSTEL GOLD RACE

«Han nabarmentzeko ibilbidea oso ondo ezagutu behar da. Errepideak oso estuak dira, bihurgune mordoa, muino asko.... 30 kilometroren bueltan jokatzen da lasterketa osoa, eta denbora guztian gora eta behera zabiltza. Errepide normal batetik zoaz, eta derrepentean estu-estu batean sartzen zara, eta aldapa gora. Galduta bezala ibiltzen zara, eta hasieran ondo sentitu arren, erotuta bukatzen duzu. Hango txirrindulariek, ordea, badakite non estutu, non aurrera egin...».

FLECHE WALLONE

«Hasteko, ezberdina da, motzagoa delako. Aurreneko kilometroetan ihesaldi bat sortzen da normalean, eta haizeak jotzen duenez, jendean urduri joaten da. Helmugara heldu baino lehenago Huyko horma bigarrenez igotzean konturatzen zara zein txirrindulari dagoen ondo. Faboritoen taldeak jartzen dira tropelaren buruan, eta helmugatik gertu dauden beste bi muinoetan 30-40 txirrindulari gelditzen dira aurrean. Eta azkeneko kilometroan ez dago ez taktikarik ez sekreturik: ahal duenak gorantz egin dezala!».

LIEJE-BASTOGNE-LIEJE

«Niretzat, hiruretan politena da. Askotan parte hartzen baduzu, badakizu noiz egon behar duzun aurrean. Lehendabiziko 10-15 kilometroetan oso azkar joaten dira txirrindulariak, eta normalean ihesaldia sortzen da. Beraz, tropeleko sua apaltzen da. Baina azkeneko 100 kilometroetan muino gogorrenak igo behar dira, Stockeau mitikoa igo eta gero. Hortaz, oso-oso gogorrak egiten dira helmugara arteko kilometroak. Indarrik ez badago, txirrindulariek atzera egiten dute; ez dago besterik. La Redoute muinoan faboritoak muturrean azaltzen dira jada. Kilometro horiek oso zailak dira, taktikoki bizkorra izan behar duzulako. Aurrera egiteko momentu ona zein den jakin behar da. Erresistentzia da garrantzitsuena. Azken kilometrora heltzen zara, eta telebistan laua dela dirudi, baina bai zera... Goranzko joera dute azkeneko biek, eta gainera, egin kontu: 260 kilometro daramatzazu hanketan, zazpi ordu bizikletaren gainean».





Gutxitan agertu izan dira muturrean Euskal Herriko txirrindulariak udaberriko azken klasikoetan, baina agertu izan direnetan, nabarmentzeko agertu dira. Igor Astarloa ermuarrak Fleche Wallone irabazi zuen 2003an, Aitor Osaren aurretik.

Tanta mardulak

I. Susaeta. Donostia

Iparraldeko klasikoak ez dira Euskal Herriko txirrindularientzako egokienak. Gutxitan agertu izan dira lasterketa horietan muturrean. Baina, tantaka izan bada ere, Euskal Herriko ziklista batzuk nabarmendu izan dira han, Herbehereetako eta Belgikako errepide estu eta muinoetan. Hemengo txirrindulari batzuk euren dohainetarako egokiak zirelako nabarmendu izan dira han. Beste batzuk, klasea berezkoa zutelako eta dutelako. Eta, azkenik, klasikoak jokatu ziren garaian sasoi betean zeudelako bakan batzuk. Hori bai, tantaka izan arren, tanta horiek mardul samarrak izan dira. Igor Astarloak, adibidez, Fleche Wallone irabazi zuen 2003an, Aitor Osaren aurretik, eta Unai Etxebarriak laugarren egin zuen ekitaldi berean.

Balentria, ordea, Santi Lazkanok 1973ko Amstel Gold Racen egin zuena. Euskal Herriko txirrindularientzat handia zen, orduan, tamaina horretako klasikoetan lehiatzea soilik. Errezildarra 10. postuan sailkatu zen; Merckx, Zoetemelk, Kuiper eta halakoak soilik heldu ziren haren aurretik. Izen handiak denak. Hurrengo 14 urteetan euskal txirrindulari bakar batek ere ez zuen lasterketa amaitu. Eta 1987an, han agertu zen Jexux Mari Aranberri. 22 urte baino ez zeuzkan azkoitiarrak, baina bukatzea lortu zuen. Probaz galdetuta, «oso luzea» egin zitzaiola erantzun zuen. Geroztik, Astarloa eta David Etxebarria bakarrik sailkatu dira lehendabiziko 10en artean: ermuarra hamargarren izan zen 2003an, eta abadiñarra zortzigarren, 2005ean.

Fleche Wallonen, ordea, agertu izan dira muturrean. Normala, proba muino tente batean bukatzen baldin bada eta 195 kilometro baldin baditu. Beraz, Miguel Indurainek bere potentzia baliatu zuen 1989an zazpigarren eta 1990ean hirugarren izateko. Marino Lejarreta, aldiz, zazpigarren izan zen urtebete geroago. Eta XXI. mendearen hasiera, aldiz, loraldia. Astarloak ihesaldi bat errematatu zuen irabazi zuen urtean, eta David Etxebarria gustura ibili izan da Huyko muinoan gora: laugarren 2005ean, bosgarren 2001ean eta zazpigarren bere azkeneko parte-hartzean (2006).

Etxebarria bigarren, Liejen

Hiru klasikoetan garrantzitsuena, baina, Lieje-Bastogne-Lieje da. Txirrindularitzat bost monumentuetako bat da, Milan-San Remorekin, Flandriako Tourrarekin, Paris-Roubaixekin eta Lonbardiako Giroarekin batera. Ziklista handiak nagusitu izan dira han, eta David Etxebarriari gutxi falta izan zitzaion 2000. urtean. Paolo Bettinirekin eta Davide Rebellinekin batera heldu zen helmugara, eta han kilkerra izan zen azkarrena, ONCEko txirrindulariaren aurretik. Urtebete geroago, aldiz, Oscar Camenzind eta Davide Rebellin izan ziren aurrea hartu ziotenak. Iban Mayok ere bere klasea erakutsi zuen 2003an. Sasoi betean zegoen, Euskal Herriko Itzulia irabazi eta gero. La Redouten gora tropela txikitu zuen, eta Saint Nicolasen Tyler Hamiltonek eta Michael Boogerdek bakarrik eutsi zioten. Gero, euria hasi zuen, eta euskaldunak eta herbeheretarrak ez zuten bihurgune bat ondo trazatu; hortaz, Hamilton bakarrik helmugaratu zen. Bigarren posturako esprintean, ordea, dimoztarra bere iheskidea baino azkarragoa izan zen.

Mayok klasiko horretan egindako agerpen handi bakarra izan zen hura. Etxebarria seigarren izan zen 2005ean, eta Indurain eta Lejarreta ez ziren garaipenetik aparte ibili 1991ko ekitaldian: laugarren eta zazpigarren, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.