Gastuei aurre egiteko plan bat sortu du Athleticek

Kirol arrakasta eta eragin soziala dira, besteak beste, proiektuaren ardatzak. Lezama errendimendu handiko zentro bihurtu nahi dute

Jon Uriarte, Jon Berasategi eta Miguel Gonzalez, atzoko agerraldia hasi aurretik. MIGUEL TOÑA / EFE.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Athleticek finantza egoera ona dauka; ez dauka zorrik, eta likidezia du, baita 100 milioi euro baino gehiagoko ondarea eta 60 milioi euroko hornidura ere. Hala ere, errepikatzen ari den 30 milioi euroko defizita du», esan zuen Jon Berasategi zuzendari nagusiak atzo, klubak 2026 arte egin duen plan estrategikoaren aurkezpenean. Izan ere, gastu horri aurre egiteko sortu dute proiektua, besteak beste. Aurkezpenean Jon Uriarte presidenteak eta Mikel Gonzalez kirol zuzendariak ere hartu zuten parte.

Ekintza plan bat zehaztu dute, eta lau ardatz ditu oinarri: kirol arrakasta, eragin soziala, jauzi ekonomikoa eta antolakuntza, kultura eta errendimendua. «Ardatzak erabat lotuta daude», nabarmendu zuen Berasategik.

«Diru sarreren eta gastuen arteko oreka aurkitu nahi dugu, diru sarreretan fokua jarriz», esan zuen Uriartek. San Mames beste ekitaldi batzuetarako erabiltzea, jatetxeko diru sarrerak handitzea eta Athletic Plaza egitasmoa gehiagotan egitea dira ezarritako ekintzetako batzuk. «Bi Athletic Plaza egin ditugu, eta oso positiboak izan dira», azaldu zuen Uriartek. Emakumeen kirol proiektuaren sustapen ekonomikoa bultzatzeko asmoa dute. «Negozioaren ikuspegitik, orain arte ez zaio arreta handirik eskaini, eta hori alda daitekeela uste dugu».

Diru sarrerak handitzeko, talde zuri-gorriak hitzarmenak sinatu ditu bi apustu etxerekin: M8868 eta Dafabet. Legeak debekatu egiten duenez, bi izenak ez dira ageriko elastikoan.

Elitean ahalik eta exijentzia handienarekin lehiatzeko eta tituluak irabazteko, «talentuaren identifikazioa» indartu nahi dute, Gonzalezek azaldu zuenez. Begiraleen taldea bikoiztu dute horretarako, 11 pertsonatik 22ra. «Athleticek fitxa ditzakeen jokalari guztiak monitorizatuta daude. Zuzeneko jarraipena edo tresna informatikoen bidezkoa egiten zaie». Teknologiaren aldeko apustua ere egin dute, eta errendimendu handieneko kudeaketa lortzeko erabiliko dute. Esaterako, big data-n hiru aditu kontratatu dituzte.

Partida egunaz gain, bazkideekin harremana mugatua dela ondorioztatu du klubak. Horregatik, «harrotasun eta kidetza sentimendua» areagotu nahi dute. Bazkideei arreta emateko prozesuak optimizatu nahi dituzte, eta euskara eta berdintasun plana ere garatzen ari dira.

Harrobi «erreferentea»

«Lezama errendimendu handiko zentro bihurtu nahi dugu; munduko erreferente izan dadila», azpimarratu zuen Gonzalezek. Jokalarien lan denbora areagotzeko, autobusak eta ordutegiak aztertu dituzte: «Betiere, haien formakuntza oztopatu gabe». Ordutegiak malgutzeko unibertsitateekin ari dira lanean, eta irakasle laguntzaile gehiago bilatzen ari dira. Bestalde, sei psikologo kontratatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.