Josean Kerejetak taldeko argazki zaharretan bilatu du Laboral Kutxa berreraikitzeko hautagaia. Taldea ia goitik behera aldatu beharko du, eta, horretarako, ondo ezagutzen duen pertsona bat hautatu du. Velimir Perasovic (Split, Kroazia, 1965) izango da Laboral Kutxaren entrenatzailea heldu den sasoian. Taldea atzeko atetik utzi eta zortzi urte geroago Gasteizera itzuliko da. Baskoniak bi urte eta erditan izango duen bosgarren entrenatzailea da. Hori bai, karguan hasi aurretik Kroaziako selekzioa zuzenduko du Eurobasketean.
Buesa Arenako zaleek euren kutunetako bat ikusiko dute aulkian. Taldeak ez du konfiantzarik izan Ibon Navarrorengan, eta aurpegi ezagun baten alde egin du. Perasovicek lau sasoiz jokatu zuen Baskonian (1993-97), eta gero urtebetez zuzendu zuen (2006-08), Kopa irabaziz. Hurrengo sasoian, baina bihotzeko arazoak izan zituen Gironaren aurkako partida batean eta taldeak kontratua eten zion 2008ko otsailean. Taldeko zuzendaritzak erabat osatuko zen jakin aurretik hartu zuen erabakia. Perasovicek, minduta, adierazpen gogorrak egin zituen ondoren.
Gero etorri ziren Estudiantes, Cibona Zagreb, Efes Pilsen eta Valentzia. Iragan sasoian Eurokopa irabazi zuen Valentzian, baina urtarrilean kontratua eten zioten emaitza txarrengatik. Langabezian zegoela onartu zuen Kroaziaren deia. Perasovic entrenatzaile gogorra da, Kerejetak hain gustuko duen eskola balkaniarreko ale prototipiko bat. Era berea, ikusi beharko da Ibon Navarro berriz ere alboan izango duen. Taldeak laguntzaile postuan jarraitzea eskaini dio, baina egun batzuk esatu ditu erabakitzeko.
PERTSONAIA. Velimir Perasovic
Gasteizera itzuliko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu