Etzi hasiko da Munduko Eskubaloi Txapelketa. Danimarkan, Norvegian eta Suedian jokatuko da, abenduaren 17ra bitarte. Munduko eskubaloirik onenaren agertokian bi euskal herritar izango dira: Maitane Etxeberria eskuin hegalekoa eta Lysa Tchathpechet pibotea. Espainiako selekzioan arituko dira, eta Reyes Karrere entrenatzailek ohiak nabarmendu du «garrantzitsuak» izango direla jokoan. Gazteak izan arren, dagoeneko eskarmentua dute halako txapelketetan. Garaikurrari dagokienez, selekzio nordikoak eta Frantzia aipatu ditu irabazteko hautagaien artean.
Euskal jokalariei dagokienez, Etxeberriak laugarren Munduko Txapelketa izango du. Eli Pinedok baino ez ditu jokatu gehiago: bost .«Ez da nolanahiko marka; gainera, gaztea da oraindik». 26 urte ditu Lezokoak. Txapelketa abagune egokian iristen zaiola uste du Karrerek. «Adin polita dauka. Eskarmentu handia du dagoeneko, eta uste dut eginda dagoen jokalari bat dela. Heldu egin da. Uste dut rol garrantzitsua izango duela Espainiako selekzioaren jokoan, batez ere defentsan, baina baita ere erasoan. Txapelketa hau beste pauso bat izango da hazten jarraitzeko, onenen aurka lehiatuko baita, eta horrek ez dizu uzten konfort gunean geratzen. Beste leku batera eramaten zaitu, eta hori ona da bai Maitanerentzat, baita bere jatorriko klubarentzat ere. Izan ere, konfort gunean geratzen den jokalari batek, nahiz eta maila ona izan, eten bat izango du bere garapenean».
Haren dohainei dagokienez, defentsako lanerako ezaugarriak dituela nabarmendu ditu Karrerek. «Talde edo selekzio batentzat abantaila handia da hegaleko batek halako ezaugarriak izatea, aurrean aurkariaren jaurtitzailerik onena izaten baitu aurrean normalean. Bizkorra da, hanka onak ditu, eta jokoa oso ondo ikusten du. Horrek aukera ematen dio aurkariak egingo duenari aurrea hartzea».
Uste du ondo egokitzen dela Ambros Martin hautatzaileak ezarri ohi duen jokatzeko erara. Baina, batez ere, uste du haren izaerak Etxeberriari mesede handia egiten diola. «Oso entrenatzaile anbiziotsua da. Haren ibilbidean ikusi da. Beti eskatu dio gehiago bere buruari, eta gero eta helburu anbiziotsuagoak jarri izan dizkie zuzendu dituen taldeei. Horrek eragiten duen presioa eramaten jakinez gero, jokalariak hobera egingo du. Maitanek ahalmena du horretarako».
Tchaptcheti dagokionez, «izugarrizko jokalaria» dela azaldu du. «Oraina dauka, baina batez ere etorkizuna. Sekulako lana egiten ari da, berezkoak ditu dohainak. Baina onena da oraindik hazteko tarte handia daukala. Oso gustuko dudan jokalaria da». Haren «lidergo isila» goraipatu du. «Partidetan ikusten duzunean, ez duzu keinuka edo oihuka ikusiko. Baina beti ari da taldekideei laguntzen eta animoak ematen». Defentsan, erdian, jokatzen du. «Garaierak lagundu egiten dio horretarako. Garaia izan arren, gainera, jokalari bizkorra da. Zaintza aldaketak oso bizkor egiten ditu, eta gai da txokera aurrera atera eta bizkor atzera egiteko. Laguntzak ere oso ondo egiten ditu, taldekideari aurkaria joaten bazaio». Erasoan, berriz, «edozein baloi» jasotzeko gai da. «Posizioa oso ondo eta bizkor irabazten die aurkariei, eta, baloia jaso bezain laster, atera begiratzen du. Julen Aginagalderen antza dauka. Baina Julenek hamar urte pasatu zituen defendatu gabe, eta honek defendatu egiten du. Pibote osoa da».
Jokoaren bilakaera
Karrere «irrikaz» dago txapelketa hasteko. «Halako txapelketa nagusietan ikusten da zein norabide eta garapen daraman eskubaloiak, tekniko-taktikoki. Gainera, jokalari berriak agertzen dira, eta beste kontinente batzuetako selekzioak ikusteko aukera dago. Niri Asiakoak eta Afrikakoak ikustea asko gustatzen zait, estilo desberdina baitute: Japonia, Hego Korea, Nigeria... Europako selekzioen joko seriotik harago, alaiago aritzen dira, anarkikoago, eta defentsa irekiagoak proposatzen dituzte. Oso erakargarria eta aberasgarria da halakoa ikustea, eta asko disfrutatzen dut».
Duela hamar bat urtetik hona, emakumezkoen eskubaloiak bilakaera bat izan duela azaldu du Karrerek: «Lehen jokoa askoz landuagoa zen, luzeagoa eta kolektiboagoa. Orain, berriz, bizkorragoa eta fisikoagoa da, pase gutxiagokoa eta buruz buruko jokaldi gehiagorekin. Bide horretatik jarraituko duela uste dut».
Zail ikusten du Europakoa ez den selekzio bat gailentzea txapelketan, eta faboritoez galdetuta, lau aipatu ditu: Norvegia, Danimarka, Frantzia eta Suedia. «Eskarmentu handiko selekzioak dira, sendoak eta denbora luzez lan oso ona egiten ari direnak. Hungaria eta Errumania ere multzo indartsuak dira, baina, ziurrenik, koska bat beherago daude halako txapelketa batean».