Maria Sanchez Madozek (Laudio, Araba, 1996) muturreraino eraman du etxeko zaletasunik handiena: pilota. Pilotari izan da, entrenatzaile ere bai, eta, duela zortzi urte, epaile dabil, azken bost urteetan profesionaletan. «Beti izan naiz zoriontsu frontoian, eta epaile izatea pilotaz gozatzeko beste modu bat da».
Zergatik pilota epaile?
Etxean beti izan dugu afizio handia pilotarako. Ni 8 urterekin hasi nintzen esku pilotan, herriko klubean, Herriarenean. Ni nintzen neska bakarra. Handik urtebetera, beste hiru batu zitzaizkidan. 12 urte egin arte aritu ginen, Arabako Federazioak esan zigun arte ezin ginela mutilekin lehiatu; hau da, ez zegoela tokirik guretzat. Palan hasi ginen. Zoritxarrez, lehen ohikoa zen hori. Ni hainbat urtez aritu nintzen palan, baina lesionatu, eta utzi egin nuen. Orduan hasi nintzen epaile; frontoiarekin nuen loturari eusteko modua zen. 2016an hasi nintzen afizionatuetan, eta 2019an profesionaletan.
Betebeharren bat dago epaile izateko?
Nik formakuntza ikastaro bat egin nuen, eta uste dut orain ere derrigorrezkoa dela hori egitea: bi saio teoriko dira, eta, gero, azterketa bat. Hori egin eta gero, epaile lizentzia atera dezakezu.
Nolakoa izan behar du epaile batek?
Lehenbizi, araudia ezagutu behar du, txapelketa bakoitzak berea baitu. Kantxan, berriz, segurtasuna eman behar du; asmatu edo ez, beti egin behar du aurrera. Horrez gain, oso garrantzitsua da beste epailearengan konfiantza izatea; hau da, biek bat egitea. Era berean, adi-adi eta bizi-bizi aritu behar du, jokaldiak ondo ikusteko. Azkenik, hartzen ditugun zenbait erabaki guztien gustukoak ez direnez, egoera deserosoak eramaten jakin behar du: adibidez, zaleek txistu edo oihu egitea.
Pilotan aritutakoa zara. Horrek mesede egiten dizu?
Bai. Pilotari edo epaile izateko, ordu asko egin behar dira frontoian, eta hori eskertu egiten da; eskarmentua ematen du.
Nabarmentzen ez dena da epaile ona?
Nik eskertu egiten dut oharkabean pasatzea. Bai pilotariek, bai epaileok berezko jarrera batzuk ditugu, eta horiek, askotan, aurreiritziak sor ditzakete. Hobe da bazterrean egotea.
«Ikusleek nire gizonezko kideari esaten ez dizkiotenak esaten dizkidate niri: 'tutik ere ez dakizu!' eta halakoak»
Gogoan duzu lehen aldia?
Profesionaletakoa bai. Urduñan izan zen [Bizkaia]. Sekulako ilusioa nuen, baina oso urduri nengoen. Afizionatuetan nik arbitratutako partidaren batean aritutako pilotari batek jokatu zuen egun horretan. Askotan gertatu zait hori gerora, profesionaletan dabiltzan pilotari askoren epaile izan bainaiz afizionatuetan. Halakoetan zera pentsatzen dut: «Zer poza, denok iritsi gara gorenera». Sentipen polita da.
Aldea dago afizionatuetan edo profesionaletan epaile aritu?
Bai. Presio gehiago dago. Batetik, telebistaz ematen dira partidak; eta, bestetik, apustuak egiten dira. Niretzat, zama da hori. Afizionatuetan, galdu edo irabazi, askotan ez doa inora. Profesionaletan, ordea, bai: jendeak dirua jokatzen du, eta telebistak behin eta berriz ematen du erratu zaren jokaldia. Profesionaletan esposizioa handiagoa da.
Buelta asko ematen dizkiozu oker hartutako erabakiei?
Nahiago dut horietaz berehala ahaztu. Kontua da frontoi batzuetan pantaila erraldoiak jarri dituztela, eta horietan oker epaitutako jokaldi bat ikusten denean, egoera deseroso bilakatzen da.
Profesionaletan zenbat emakume zabiltzate epaile?
Bi: Irene Ortiz eta biok. Hura ni baino lehenago hasi zen, baina gaixo baimena hartuta dago. Ni bakarrik aritu naiz lau eta erdiko txapelketan.
Gero eta emakume gehiago ari dira pilotan jokatzen, baina igoera hori ez da epaile kopuruan islatzen. Zergatik?
Profesionaletan bi bakarrik gabiltza, baina afizionatuetan gehiago ari dira. Halere, erreferenteak behar dira. Nirea Irene izan zen. Hura ikusita pentsatu nuen «hark egin badu, zergatik ez dut nik egingo?». Halakoak behar dira.
Zerikusia du ardura postu bat izateak?
Bai. Orain ez hainbeste, baina frontoia beti izan da eremu oso maskulinoa: gizonak eta adinekoak ziren gehienak. Horrek badu eragina. Baina, pixkanaka, pausoak ematen ari dira, eta espero dugu gero eta emakume gehiago egotea. Irene eta biok duela bi urte aritu ginen lehen aldiz elkarrekin. Horrek eragina izan beharko luke, ez bata, ez bestea ez garelako ez gizonezkoa ez adinekoa. Beste emakume batzuk animatu beharko lituzke. Emakumeok gero eta espazio gehiago hartu behar ditugu, leku guztietan egon, eta ardurak izan, eta horiek ikusarazi. Garrantzitsua da frontoia bezalako eremu maskulino bat hartzea.
Erresistentzia sumatzen duzue?
Orain, ez; lehen, bai. Ni, gainera, hasi nintzenean emakumea eta gaztea nintzen. Halere, ni Irenen arrastoan hasi nintzen; hark bide zailagoa izango zuen. Afizionatuetan arazo bakarra izan nuen: gizon batek irain matxistak egin zizkidan. Profesionaletan, ordea, ez dut arazorik izan. Epaileok beste modu batera ikusten gaituzte: boteredun pertsonak garenez, errespetuz tratatzen gaituzte.
Epaileak gizonezko bat eta emakumezko bat direnean, nori kexatzen zaizkie gehiago: emakumezkoari ala gizonezkoari?
Emakumezkoari. Ikusleek nire gizonezko kideari esaten ez dizkiotenak esaten dizkidate niri: «tutik ere ez dakizu!» eta halakoak.
«Final batean bi emakume aritzea aukera ona litzateke ikusgaitasuna izateko eta emakume gehiago animatzeko»
Pilotariek ez dute halakorik egiten?
Ez. Gainera, nire ustez, haientzat ona da eremu hain maskulinoan bestelako pertsonak ikustea.
Harridura sortzen du oraindik emakumezko bat aritzea epaile?
Pilota gertutik jarraitzen ez dutenentzat, bai. «Ostia, emakume bat!» eta halakoak entzuten ditugu oraindik ere.
Inoiz aritu zarete elkarrekin Irene eta biok?
Bai, dezentetan, baina profesionaletan hasi eta urtebete egon behar izan genuen zain lehen aldiz hori gertatu zain.
Inoiz aritu zarete final batean?
Banaka bai, baina elkarrekin inoiz ez. Ondo legoke. Beste aurrerapauso bat litzateke, eta modua esateko ez gabiltzala bakarrik ohiko partidetan, baita finaletan ere. Aukera ona litzateke ikusgaitasuna izateko eta emakume gehiago animatzeko. Oso irudi indartsua litzateke.
Nola animatuko zenituzke emakumezkoak epaile izatera?
Esango nieke garaia dela emakumeek plaza gehiago hartzeko. Gure boterea erakusteko beste era bat izan daiteke frontoia bezalako eremu hain maskulinoan bestelako figura bat egotea.