Guille Rubio. Lagun Aro GBCko jokalaria

«Garrantzitsu sentitu nahi dudalako etorri naiz Donostiara»

Etorkizun oparoa agindu zioten Manresan, baina Unicaja eta Cajasolen ez atzera ez aurrera ibili ondoren, hazteko etorri da Lagun Arora.

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Burumakur hartu zuen aldageletarako bidea Guille Rubiok (Tarrasa, Herrialde Katalanak, 1982) joan den igande gauean, Estudiantesen aurka galduta, eta tristura apur bat sumatzen zaio bi egun geroago. Ezetz dio hark, kazetariak galdetuta, pazientzia apur bat eskatuz. Igandean 30 urte beteko ditu, eta garbi du, noski, zein izango litzatekeen opari onena: «Bizkaia garaitzea».

Badalonan galdu, eta etxean galdu Estudiantesen aurka. Arrazoiren bat bilatu al duzue?

Badalonakoa urruti dago. Estudiantesen aurkakoa une jakin batzuetan egindako akatsengatik galdu genuela esango nuke. Etxeko lehen partida zen, gauzak ondo egiteko nahia eta grina, baina asmatu ezin. Halere, ia beti partidan mantendu ginela uste dut; berdintzeko aukera ere izan genuen Salgadoren hiruko harekin, baina ez ginen gai izan.

Antsietate pixka batekin sumatzen zaizue.

Ez nago ados. Garaizegi da halakorik esateko. Asteguneko lan saioetan egiten ditugunak errepikatzen saiatzen gara partidetan, baina ez dugu lortzen. Ulertzeko modukoa da zaleak burua makurtu eta panorama beltzarekin arduratzea, baina justu kontrakoa egin behar da.

Normala ere bada arduratzea, bi partida galdu eta itxura nahiko kaskarra izan delako.

Lasaitasun handia, eta lanean jarraituko dugula. Taldea ondo dago, defentsan hobetzen eta erasoan korrika egiteko aukerak bilatzen. Nahiko gorabeheratsu ari gara, orain ondo, orain gaizki, baina lortuko dugu jarraikortasuna.

Zergatik gorabehera horiek?

Ez dago arrazoi garbirik, edo arrazoi bakar bat. Estudiantesen aurka haien eraso jokaldietako hogei segundoetan defentsa ona egin genuela uste dut, baina, azken unean, arrazoi bategatik edo besteagatik, jokalariren bat libre geratzen zen, eta asmatu egin zuten. Asko zigortu zituzten gure huts horiek, eta kosta egin zitzaigun buelta ematea. Akaso jaurtiketa horietako batzuk kale egin izan balituzte, bestelakoa izango litzateke kontua, baina asmatu egin zuten.

Sito Alonsok, zure fitxaketaren inguruan galdetuta, esaten du Donostiara zoriontsu izan nahi zenuelako etorri zinela. Zer esan nahi du horrek?

Bada, nire kirol ibilbideak azken urteetan hartu duen norabidea aldatu nahi dudala. Talde batean kide garrantzitsu sentitu, batez ere, eta hori lortzeko erabaki nuen Lagun Arora etortzea.

Eta zoriontsu al zara?

Bai, eta denborak aurrera egin ahala, zoriontsuago izango naiz, ziur, taldeari orain laguntzen diodan baino gehiago laguntzeko itxaropena dudalako.

Manresan bikain aritu zinen, Malagan eta Sevillan pauso bat atzera, eta bigarren mailako jokalari… Zein puntutan dago zure kirol ibilbidea momentu honetan?

Bada, nire tokia bilatzen saiatzen ari naiz. Egiten ditudan okerrei hainbeste buelta ez ematen, eman izan dizkiodalako, eta taldeari ondoen nola lagundu diezaiokedan hausnartzen.

Zer jokalari mota da Rubio, zure bilakaera jarraitu ez dutenek jakin dezaten?

Tira, 4 postuan jokatzen dudan hegaleko indartsua naiz, borrokarako grina duena, blokeo eta jarraipenean gero eta hobeto moldatzen dena eta, pausoz pauso, bere jaurtiketa hobetzen ari den jokalari umila.

Igandean, Gescrap Bizkaia dator Ilunbera, eta harekin, 3-4 postuetan jokatzen duen hegaleko onenetakoa: Alex Mumbru. Ezagutzen duzu, askotan aritu zara haren aurka. Zer espero duzu?

Eskarmentu handia du, baina guk gurean pentsatu behar dugu, aurkarian baino gehiago.

Garbi dagoena da ez diozula borrokari uko egiten. Joan den igandean epelak izan zenituen Estudianteseko German Gabrielekin.

Agintzen dudan gauza garrantzitsuena da. Borroka eta intentsitatea. Hortik aurrera alor gehiagotan lagundu badezaket, ba, ederki, baina aurrena, borroka.

Tatuaje asko dituzu besoetan. Zalea zara.

Bai, bizitzako une jakin batzuetan sentitu dudana adierazteko egiten ditut, eta gustuko ditut.

Besteren bat egiteko toki gutxi daukazu jada.

Bilatuko dut txokoren bat.

Bi hilabete daramatzazu Donostian. Zer moduz moldatu zara hirira? Nork egin dizkizu gidari lanak?

Oso ondo. Hiri lasaia da, eta Parte Zaharreko giroa dut gustuko. Joan den sasoian taldean egon ziren jokalari batzuekin hitz egin nuen udan, eta erreferentzia onak eman zizkidaten. Zalantzaren bat daukadanean-eta Davidi galdetzen diot [David Doblas], hura baita Donostian urte gehien daraman taldekidea. Bizi-kalitate handiko hiria dela sumatu dut tarte horretan, eta, alde horretatik, pozik nago.

Igandean Bizkaia dator; Bartzelonari irabazi diote. Kazetariok ezkorrak gara, eta agian urduritasun mezua zabalduko dugu, taldearen balantzea 0-3 izan litekeelako. Zer diozu arrisku horren inguruan?

Zergatik esan behar da Bizkaia faboritoa dela? Guk etxean jokatuko dugu, gure zaleen aurrean, eta, gainera, talde osoarekin, Kuksiks lanean ari delako dagoeneko. Akatsak egingo ditugu, hori ziur, baina gu belaunikarazteko lan handia egin beharko dutela agintzen dut.

Kuksiks aipatu duzu. Zer tankera hartzen diozu? Ez da taldearen arazo guztiak estaliko dituen izarra…

Ez, ez, ezta gutxiago ere, baina jokalari garrantzitsua izango da, jaurtitzaile petoa delako, eta erasoan halako mehatxuak edukitzeak beste jokalarion aukera handitzen du. Beste osagai bat da; agian falta zaiguna motorra martxan jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.