Thueringer Alemaniako taldea eta Zalau Errumaniakoa. Horiexek dira, hurrenez hurren, Bera Bera eta Itxakoren aurkariak Europako Errekopako eta EHF kopako final-laurdenetan. Talde indartsuak dira biak, eta ustez, euskal taldeak baino hobeak. Beraz, ezustekoa litzateke Bera Bera edo Itxako finalerdietara sailkatzea, are gehiago kontuan hartuta bi euskal taldeek etxetik at jokatuko dituztela itzulikoak —joanekoak martxoaren 9-10eko asteburuan jokatuko dituzte, eta itzulikoak, astebete geroago—. Baina kirolean ezustekoak gertatu ohi dira. Galde diezaietela Vistal Laczpol Gdynia eta Cankayari, donostiarrek eta lizarratarrek final-zortzirenetan kanporatutako taldeei.
Thueringer da alde handiz areriorik indartsuena. Ez da gutxiagorako, Alemaniako Liga, Europako lehiaketarik onena irabazi baitu azken bi denboraldietan. Erfurt hiriko taldeak Txapeldunen Liga jokatu du azken bi sasoietan —Alemaniaren erdian dago Erfurt, baina Thueringerrek Bad Langensalzan jokatzen du, Erfurtik 35 kilometro ingurura—. Azken bi sasoietan iritsi da multzoen ligaxkara, baina bietan geratu da hor, aurrera egin ezinik: aurreko sasoian azkena izan zen bere multzoan, eta sasoi honetan, hirugarren. Hain zuzen, hirugarren postuan dago etxeko Ligan. Leipzig eta Buxtehuder ditu aurretik, bigarren eta lehen postuetan. Hamasei partida jokatu ditu: hamabi irabazi ditu, bat berdindu eta hiru galdu.
«Aurkari benetan gogorra da», aitortu zuen atzo Tati Garmendia Bera Berako kirol arduradunak. Jokalariei dagokienez, Katrin Engel eta Ana Gros eskuin albokoak, Mie Augustesen ezker hegalekoa eta Anja Althaus pibota nabarmendu zituen. Alemaniarren artean badago ezagunik: Katarina Tomasevic atezain serbiarra, Bera Berako jokalari izandakoa. Donostiarrak sailkatuko balira, Dinamo Volgograd edo HypoNiederoesterreich izango lukete aurkari finalerdietan.
Itxakok Lizarran jokatu nahi du
Thueringer baino koska bat beherago dago Zalau. Baina horrek ez du esan nahi Itxakok Bera Berak baino aukera gehiago duenik sailkatzeko. Thueringer eta Bera Beraren arteko aldea txikiagoa da Zalau eta Itxakoren artean dagoena baino. Errumaniako taldeak Valur (Islandia) eta Juve Lis (Portugal) kanporatu ditu, aurrenekoa gol aldeari esker, eta bigarrena erraz, 32 golen aldeagatik.
Zalauk titulu bat du Europan, 1995-1996ko sasoiko City kopa. Aurreko sasoian bigarrena irabaztear izan zen, baina Ladaren aurka galdu zuen EHF kopako finalean. Errumanian, berriz, hiru liga eta kopa bat irabazi ditu. Aurreko sasoian hirugarren izan zen, eta egun bosgarren da. Hamar partida jokatu ditu: bost irabazi ditu, bi berdindu eta hiru galdu. Aurreko bi kanporaketetan ez bezala, Itxakok etxean jokatu nahi du partida bat, baina horretarako diru laguntza bat beharko du. Sailkatuko balitz, Astrakhanotxka edo Metzen aurka ariko litzateke.
Garia besterik ez zegoen
Bera Berari eta Itxakori aurkari zailak egokitu zaizkie: Thueringer Alemaniako taldea eta Zalau Errumaniakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu