Euskal Herriko Itzulia

Garesti salduko du irria

Patxi Vila Bora-Hangsrohe taldeko zuzendari eta entrenatzaile nafarraren arabera, Maximilian Schachmann «oso gai» da amaiera arte lehen postuari eusteko. Haren taldekideen ahala aldarrikatu du: «Itzulian ez dago gurea baino talde osoagorik».

Maximilian Schachmann, atzo, podiumean, maillot horia soinean duela. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Gasteiz
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Zumarragan (Gipuzkoa) jokatutako erlojupekoa irabazi zuenetik, Maximilian Schachmannek (Bora-Hangsrohe) birritan saihestu du zorigaitza, eta beste hainbestetan altxatu ditu besoak helmugan. Horri esker, Itzuliko sailkapeneko lehen postuan dago, eta 52 segundora du bere taldekoa ez den lehen txirrindularia: Ion Izagirre (Astana), hirugarren. «Ziur eduki gogor defendatuko duela elastiko horia. Sasoi bikainean dago», ohartarazi du Patxi Vila (Bera, Nafarroa, 1975) Bora-Hangsrohe taldeko zuzendariak. «Gainera, ez dago bakarrik, eta ez da gure aukera bakarra. Itzulian dagoen talderik osoena gurea da, eta lasterketa kontrola dezakegu», aldarrikatu du.

Estibalizko istripua gertatu ostean, sailkapen nagusirako lehiak Schachmannen eta Ion Izagirreren arteko buruz burukoa dirudi. Eta, bide batez, euren taldeen artekoa. Horiek hala, galdera bat da nagusi Itzuliaren ingurumarian: eutsiko al dio? Vilak dio «oso gai» dela: «Iaz izan balitz, agian ezetz esango nizuke, Ion Izagirre hobeto moldatzen delako aldapa gora. Baina orain, Max oso ondo dago, eta, euria egiten badu, harentzat mesede izango da. Asko ibiltzen da urarekin, beroarekin baino askoz gehiago, eta trebea da errepide bustietan».

Kataluniako Volta eta Itzulia oso ondo prestatu zituen alemaniarrak. «Sasoi hasierako bere helburuak ziren», zehaztu du Vilak. Katalunian etapa bat irabazi zuen, eta Itzulian bi daramatza. «Bi irabazi ditu, eta seigarren izan zen bigarren etapan. Orain arte bera izan da txirrindularirik indartsuena, eta hori berme handia da azken egunetarako».

Erlojupekoa irabazi zuenean Schachmannek adierazpen harrigarriak egin zituen. Nolako txirrindularia den ez dakiela esan zuen. «Ezta guk ere!», gehitu du Vilak. «24 urte dauzka, eta oraindik zehazteko dago, baina ikusten dira zantzuak. Astebeteko itzulietan ondo ibiliko dela dirudi, eta klasikoetarako egokia izan daiteke. Bilakaera bete-betean dago, eta ikusi behar noraino iritsiko den».

Argi geratu da 24 urteko berlindarrak motor ona duela. «Iazko Giroan etapa bat irabazi zuen Prato Nevoson bukatu zen ihesaldi batean, eta gero, taldekako munduko erlojupeko txapeldun izan zen Quick-Stepekin. Helmugara iritsi zen lau kideetako bat izan zen. 23 urterekin hori ez du edonork egiten».

Hiru ziklista, hiru aukera on

Vila 2016an iritsi zen Borara, eta hura izango da ziur asko Itzuliko liderra hobekien ezagutzen duen euskal herritarra. «Udan fitxatu genuenean bagenekien oso konpletoa zela. Ezustekoa ote den ematen ari den maila? Ez, halakoak lortzeko itxaropenarekin fitxatu genuen. Kontua zen ikustea noiz emango zuen jauzia. Batzuek 24 urterekin ematen dute, eta beste batzuek, 28 urterekin».

Vila ez dago Euskal Herrian, taldeak iparraldeko klasikoetara baitu zuzendari, Peter Saganekin.Baina oso gertutik erreparatzen dio «etxeko itzuliko» jardunari, eta harremanetan da Schachmannekin. «Lasai dago, bi etapa irabazita, Itzuli bikaina egin du jada. Orain beste batzuei dagokie haien lana egitea». Izan ere Bora egoera ezin hobean dago, zain egoteko moduan. Hiru txirrindulari ditu lehen sei sailkatuen artean, eta Patrick Konrad, bigarrena, Izagirreren aurretik dago. Atzerago, Emanuel Buchmann dago, seigarren, 1.10era. «Hiru aukera on ditugu. Konrad Max baino pixka bat zaharragoa da, eta igotzaile hobea. Iaz zazpigarren izan zen Giroan, eta horrek asko esaten du haren alde. Emanuelek, berriz, badu eskarmentua hor egoteko». Urrunago joan gabe, Buchmann laugarren izan zen iaz, Itzulian.

Buruz buruko lehiaz gain, orain bi taldeen arteko borroka estrategikoa espero da. Arazo baino gehiago, pagotxa da hori. «Luxuzko buruhaustea da. Arazoa lehen hogeien artean inor ez izatea da. Astana gure egoeran balego, ni arduratuta nengoke». Duten abantaila, baina, altxor handia da borroka horri ekiteko. «Aurkaria gogorra da, eta pentsatzekoa da egurra emango duela, baina gu oso ondo gaude, eta baikor izateko arrazoirik ez zait falta».

Vilak oso ondo ezagutzen ditu azken etapak, eta gustura egingo lituzke hemen, baina telebistari pega-pega eginda bizi beharko ditu. Dena den, haiei buruz dakiena helarazi zien kideei, eta lasai dago. «Joan aurretik etapa guztiak ikusi genituen. Are gehiago, erlojupeko aurreko bilera ere elkarrekin egin genuen. Estrategia lan hori eginda dago; ezagutza faltagatik ez da izango, behintzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.