ARRAUNA

Garesti dago Donostia

Hogei traineru ariko dira gaur Kontxako Banderako sailkatze estropadan. Euskotren ligako ontziak dira faborito.

Kaikuk Kontxako Bandera jokatzeko sailkapena lortu zuen iaz. ANDONI CANELLADA / FOKU
Kaikuk Kontxako Bandera jokatzeko sailkapena lortu zuen iaz. ANDONI CANELLADA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abuztuaren 29a
05:00
Entzun

Ontzi batzuentzat tramite hutsa izango da Kontxako Banderarako sailkatzeko estropada. Beste batzuek, berriz, urte osoa daramate lanean gaurko egunaren zain. Hogei ontzik hartuko dute parte, eta zazpirentzat bakarrik dago tokia Donostiako badian (17:45, ETB1).

Arraun Lagunak taldearen denboraldia ikustekoa izan da. Inoizko denboraldirik onena egin du, eta ligako errekorra lortu. Beste inork baino bandera gehiago irabazi ditu Juan Mari Etxabek zuzentzen duen eskifaiak: jokatu dituen bandera guztiak. Irabazi ez zuen jardunaldi bakarra azkena izan zen. Lugañene bigarren izan zen, Tolosaldearen atzetik, baina larunbatean lortutako aldea nahikoa izan zen Zarauzko Ikurrina irabazteko.

Kontxako estropadari begira jarrita, ligako garaileen helburua igandean dago. Bandera lortu nahi dute, eta iaz lortutakoa berdindu; alegia, liga eta Kontxa urte berean irabaztea. Gaurkoa egin beharreko estropada izango da, noski, baina Etxabek ez ditu bereak askorik zukutu beharko. Gaurkoa egin, eta igandean pentsatzen hasiko dira berehala.

Helburua argi izanda, Etxabek aukera izango du gehien erabiltzen dituen arraunlariak lehorrean uzteko, eta, hala, astebururako gorde. Ikusteko dago zer hautu egingo duen, baina aurten zera erakutsi dute: ontzian dagoena dagoela, trainerurik azkarrena Lugañene dela.

Oilarraren pare aritzeko prest

Arraun Lagunak nagusi izan da denboraldi osoan, baina Tolosaldeak eta Oriok goraipatzeko moduko denboraldia egin dute. Bigarrena eta hirugarrena izan dira ligan, hurrenez hurren, eta Kontxan ere lehiarako prest daude.

Koska bat beherago bada ere, Hondarribiak sasoi bikaina egin du. Iaz egin bezala, hasi eta buka nagusitu da Euskotren Ligako lehen txandan. Eta ohorezko txandako ontziengandik gero eta gertuago dago Ama Guadalupekoa. Goikoei ordainarazi egin dizkiete hutsak edo egun txarrak, eta iganderen batean baino gehiagotan aritu dira ohorezko txandako ontzien ondoan.

Ezustekorik ezean, hiru horiek ere barruan izango dira. Baina, hala ere, gaur erabakiren bat edo beste hartu beharko dute Ramon Erostarbek, Patxi Francesek eta Iker Cortesek. Hiru ontziak nabarmen dira atzetik dituztenak baino azkarragoak. Baina arraunlariren bati atsedena emateko aukera ere hortxe daukate. Titularrak gordetzeak ez du zertan emaitza okertu, baina gerta daiteke.

Bestela, egun aproposa lukete estropada oso bat egin eta Arraun Lagunak-i lehen abisua emateko. Erraztasun handiz irabazi dute liga donostiarrek, baina iragan igandeko estropada ez irabazteak zalantzaren bat edo beste ekar diezaioke traineruari. Zalantza horiek areagotzea izan daiteke Tolosaldearen, Orioren eta Hondarribiaren helburuetako bat. Alegia, ligako garaileek aurkariak geroz eta gertuago ikus ditzaten.

Iaz, adibidez, Arraun Lagunak-ek liga irabazi arren, Orio izan zen azkarrena Kontxako Banderako sailkatze estropadan. Igandean, berriz, Tolosaldea izan zen azkarrena, baina bandera Arraun Lagunak-ek irabazi zuen, azkenean. Antzeko zerbait egin nahiko dute aurten ere, baina, noski, amaieran bandera astintzeko helburuz.

Hiru toki dantzan

Faborito handiek hankarik sartu ezean, hiru toki besterik ez da izango gainerako beste ontzientzat. Iaz ere gauza bera espero zen, eta hala izan zen. Hibaikak, Zumaiak eta Kaikuk lortu zituzten Kontxan aritzeko hiru toki horiek. Euskotren ligan lehiatu ziren bik, Cabok eta Tiranek, ez zuten Kontxan aritzerik izan, eta Chapela baino motelago aritu ziren biak; hura Galiziako ligan lehiatu zen.

Aurten, ordea, zalantza ugari daude, Hibaikak behera egin du urte batetik bestera, eta lehia estua izan du Caborekin. Batek bestearen egun txarra aprobetxatu du ligan, eta Hibaikak horrela saihestu ditu kanporaketak. Cabok, berriz, kanporaketak jokatu beharko ditu, eta hori du helburu nagusia denboraldia amaitu bitartean. Hori jomugan izanagatik ere, ez diote Kontxan lehiatzeari utziko. Aukera ederra dute kanporaketan arituko diren gainerako ontzien alboan zer egin dezaketen ikusteko. Hala ere, egun bakarreko proba batean edozer gerta liteke.

Tiran gainerakoengandik oso urrun aritu da, iaz gertatu bezala. Ez dute fitxaketa bakar bat egin, eta taldea oso motz gelditu da Euskotren ligan aritzeko, beste behin. Eta baliteke ETE ligan aritu diren zenbait ontzi haien aurretik geratzea gaur. Azken toki horien lehian arituko dira Astillero, Zumaia, Zarautz eta Kaiku, besteak beste. Lehen biek gauza asko izango dituzte jokoan ondorengo asteetan. Izan ere, Astillero eta Zumaia Euskotren ligara igotzeko lehian arituko dira kanporaketetan. Zarautzek eta Kaikuk, berriz, amaitu dute liga, eta Kontxan sartzea denboraldia biribiltzea litzateke. Enbata, gainera, behetik gora dator, eta haren hautagaitza aurkeztu zuen iragan asteburuan: Larunbatean bigarren izan zen etxeko estropadan, eta igandean Bilbokoa irabazi zuen.

Bestela, zail da jakiten Galiziako ligan ari diren ontziak non egongo diren. Iaz Chapela izan zen Galiziako ontzi azkarrena, baina inork nahi ez duen postuan sailkatu zen, zortzigarrenean. Sei segundoren aldeak utzi zuen Kontxatik at. Aurten ligako estropada guztiak irabazi ditu, bat izan ezik, eta iazko arantza atera nahiko du Donostiako badian.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.