Mikel Arruabarrena. Eibarreko jokalaria

«Garenak baino hobeak garela pentsatuta ibili gara»

Sei partida jarraian galduta egingo dio bisita gaur Eibarrek Levanteri (20:45). Taldea lan ona egiteko prest ikusten du Mikel Arruabarrenak.

ALFREDO ALDAI / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2015eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Taldekide guztiei bezala, etsipena azaldu zitzaion Mikel Arruabarrenari (Tolosa, Gipuzkoa, 1983) Athleticen aurkako derbiaren azken minutuetan. «Orain arteko unerik txarrena izan da», onartu du. Baina ezin du Eibarrek triste bizi, eta kapitainetako batek garbi dauka zein den bidea: «Lehen itzuliko gogoa eta bizitasuna berreskuratu behar ditugu». Gaur du aukera, Levanteren zelaian; bost puntu aurretik dira armaginak, eta jaitsieran da Levante.

Etsita aritu zineten derbiko azken minutuetan. Gogorra ari zaizue egiten bolada txar hau.

Bagenekien iritsiko zela bolada txarra, baina hain luzea izango zenik ez genuen uste. Animoz baxu gaude, eta gogorra ari zaigu egiten, baina beste alde batetik, badakigu nola emango diogun buelta: lehenagoko intentsitatea berreskuratuta. Levanteren aurkako partida baino aukera hoberik ez dugu izango egoera bere onera eramateko.

Hitz egingo zenuten egoeraz. Zer ondorio atera duzue?

Ohikoa da bilerak egitea une txarretan, eta bakoitzak bere iritzia azaltzeko erabiltzen dira. Gure artean hitz egin dugu, eta garbi daukagu lehen itzuliko gogo eta bizitasuna galdu ditugula. Are gehiago esango dut: dena eta gehiago ez badugu ematen zelaian, edozeinek irabazten digu. Pentsatu dugu garena baino hobeak garela, eta kolpe latzak ari gara hartzen.

Harrotu egin zarete?

Dena ematen ez dugunean eta bete-betean ez gaudenean, partidak galtzen ditugu, eta jada sei daramatzagu jarraian. Normala da guk galtzea, baina hainbeste eta hain segidan ez. Asko ari zaigu kostatzen buelta ematea.

Egoerari buelta emateko adina konfiantza baduzue?

Zalantza asko ditugu. Burua da garrantzitsuena, eta gauzak ez dauzkagu lehen itzulian bezain garbi. Ikaraz saiatzen gara gauzak egiten, ondo ez direlakoan aterako, eta horri buelta emateko onena da emaitza on bat ateratzea. Askatu egingo ditugu korapiloak emaitza on horrekin, eta hori lortuta, hobeto joango dira gauzak.

Emaitza ona da helburua, eta bost axola ondo jokatuta edo gaizki jokatuta atera.

Hori garbi dago. Lehen itzulian irabazi genituen partida batzuk gaizki jokatuta eta zorte ona alde izanda, eta orain ez gabiltza zorte onarekin. Gainera, aukera gutxi ari gara egiten.

Levante arerio gaiztoa da etxean.

Bai. Badakite indarra etxean dutela eta gai da denbora gutxian txikizioa eragiteko, aurrealdean jokalari ona dauzkalako. Zaila izango da partida, baina guk beraiek baino bost puntu gehiago baditugu, zerbaitegatik da. Gauzak ondo egiten baditugu, ekarriko dugu zerbait.

Galtzen ez hastea une txar honetan ia erabakigarria izango da?

Galtzen jartzen garenean kosta egiten zaigu gero emaitza iraultzea. Partida serioa egin behar dugu, eta lasaitasunez jokatu; horrela izango ditugu aukerak. Beraiek urduri jartzea ere ona litzateke emaitza aldekoa ez dutelako;gu baino behar handiagoa dute.

Irabazteko duzuen beharraren eraginez burua ez galtzea ere garrantzitsua izango da, ezta?

Gu atzealdean ondo bagaude aurrealdean aukerak egingo ditugu. Ezin duguna da presaka aritu, 27 puntu dauzkagulako, eta hori gure aldeko da.

Txarrenera jarrita, galtzen hasten zarete. Orduan zer?

Igandeko une txarra orain arteko txarrena izan da, eta ezin du berriz gertatu. Galtzen hasiz gero, segi egin behar dugu lanean. Elxen aurkakoa da heldulekua: galtzen hasi eta gero jokatu genituen sasoiko minutu onenak.

Taldeak kendu du gainetik igandeko etsipena?

Bai. Irrikaz gaude jokatzeko, eta igandetik gertu dagoenez gaurkoa, ondo etorriko zaigu hori buruari buelta asko emateko tarterik ez edukitzea ona delako orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.