Dani Estrada. Alaveseko jokalaria

«Garena baino gehiago garela pentsatuz gero, okertu egingo gara»

Badaki zer den Lehen Mailara igotzea, Realarekin lortu baitzuen 2010ean. Alavesen dabil orain, eta lehen postuan da oraingoz. Gorako bidean, gaur Numantziaren zelaian ariko da Gasteizko taldea.

UROLA KOSTAKO HITZA.
Aitor Manterola Garate.
2016ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Gazitik gozora igaro da Dani Estrada (Zarautz, Gupuzkoa, 1987). Realean apenas jokatu zuen aurreko denboraldian, eta Alavesen eskaintza onartu zuen udan. Nahi baino gutxiago jokatzen ari den arren, balioa ematen die dituen minutuei, are gehiago taldea lehen postuan izanik. Bordalasek hala nahi badu, gaur Numantziaren aurka jokatuko du (18:00), atzelaria deialdian sartu baitzuen atzo.

Zer etortzen zaizu burura Alaves sailkapenaren buruan ikusita?

Ilusioa egiten dit. Lehen Mailara igotzea sekulakoa izango litzateke. Taldea ondo dabil, baina asko falta da; lehen itzulia ez da bukatu oraindik. Horrela jarraitu behar dugu, umiltasunez eta partidaz partidako helburua jarrita.

Zergatik zaudete lehen postuan?

Erregulartasuna lortu dugu azkenaldian, eta hasieratik izan gara sendoak. Oso talde lehiakorra gara. Badakigu Bigarren Mailan edozeinek irabaz diezaiokeela edozeini, eta, oraingoz, gu gara erregularrenak.

Nahiz eta aurrena joan, zer dauka hobetzeko taldeak?

Beti dago zer hobetu, erasoan, defentsan eta geldikako jokaldietan. Horretarako entrenatzen gara. Taldeak hobetuz joan behar du, eta horretan pentsatu behar dugu denok. Hori pentsatzen badugu, goian jarraituko dugu.

Etxean ondo ari zarete, eta kanpoan ere bai orain, baina Liga hasieran etxetik kanpo partida dezente galdu zenituzten.

Azkenaldian, fin gabiltza etxetik kanpo ere. Urritik hona ondo gabiltza, baina hobetzen segitu behar dugu, irabazi ditugunak baino partida gehiago irabazi behar ditugu. Azken batean, jokalari bakoitzak asko eskatu behar dio bere buruari, eta taldeak ere gauza bera egin behar du. Ezin gara lo geratu orain artekoa eginda; bestela, gehiegi lasaituko gara, eta horrela jai dago.

Taldekideen artean igoeraz hizketan hasi zarete?

Hitz egiten dugu horretaz, baina asko ere ez. Ilusioa daukagu taldean, eta zaleen artean ere handia da ilusioa, baina badakigu lasai joan behar dugula. Garena baino gehiago garela sinesten badugu, okertu egingo gara.

Partidaz partida joatea aipatzen ari zara askotan. Betiko esaldia da, ala benetan hori da bidea?

Betiko esaldia da, baina baita egia gordina ere. Orain ezin gara pentsatzen hasi non egongo garen ekainean. Futbolean, epe motzak dauka indarrik handiena.

Partidatik partidara, gaur Sorian izango zarete, Numantziaren zelaian. Han daude Jagoba Arrasate entrenatzailea eta Jon Gaztañaga jokalaria, Realean zurekin ibilitakoak. Berezia da gaurkoa?

Kopan elkarren aurka jokatu genuen, eta gaurkoa ere berezia izango da. Baina partida hasten denean, bakoitzak bereari tirako dio, eta, bukatutakoan, onena opako diet hortik aurrera.

Sorian zaleen babesa izango duzue gaur ere. Txalotzekoa izaten ari da haien jarrera ere.

Hori da. Taldea ondo egoteak laguntzen du zalea berotzen, baina aurreko sasoietan ere zaleak taldearekin izan dira, eta eskertzekoa da. Asko ari zaizkigu laguntzen, eta Mendizorrotzako giroa ikusgarria da.

Realarekin egina daukazu Bigarrenetik Lehen Mailarako bidea, eta ba al da antzik Alaves egiten ari den bidearekin?

Realean igotzeko presioa genuen, eta, alde horretatik, antzik ez dago. Bestelakoan, badira gauza berdin batzuk; esaterako, Realean ondo hasi ginen, eta Alavesen ere bai. Eta etxeko partidetan indartsu gabiltza, Reala ibili zen bezala igoerako denboraldian. Ea sasoi bukaeran esateko moduan naizen antzekoak izan direla bi taldeen ibilbideak.

Lorpen handia izan zen mailaz igotzea, ezta?

Bai. Oso oroitzapen onak dauzkat. Pisua gainetik kentzea izan zen Reala Lehen Mailara itzultzea.

Zein dira Lehen eta Bigarren Mailaren arteko ezberdintasunak?

Erritmo biziagoan jokatzen da Lehen Mailan, eta talde guztiek dituzte bizpahiru jokalari on aurrealdean. Bigarren Mailan ez dago horrelakorik. Parekotasuna handiagoa da Bigarren Mailan, eta lehenengoan badakigu zein talde ibiliko diren ondo hasieratik.

Hamaikakoan sei bider bakarrik atera zaitu Bordalas entrenatzaileak. Zer iritzi duzu orain arteko zure jardunaz?

Kontuan hartzen nau entrenatzaileak, nahiz eta hasieratik nahi baino gutxiagotan aritu naizen. Baina ikusita Realean aurreko sasoian ia batere ez nuela jokatu, bada zerbait berriz ere jokatzeko aukera izatea. Baina gehiago nahi dut.

Realean konfiantza galdu zenuen zeure buruarekin?

Ez dut esango hainbesterako izan zenik, baina ez ziren garai gozoak izan. Alaveseko aukera atera zitzaidan, eta azkar esan nuen baietz. Azken batean, futbola ez da Realean bukatzen, eta jarraitu egin behar da aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.