Kontu ziklikoa da Roberto Garcia Ariñoren bizitzan. Egun Asegarceko intendentea da, baina erretiroa hartu zuen arte, 1990ean, Garcia Ariño IV.a zen, Axpeko (Atxondo, Bizkaia) leinuko gazteena. Duela 33 urte irabazi zuen bere ibilbide luzeko azken finala, binaka, Maiz II.arekin, Bergara eta Martinikorenaren aurka (22-13). 1981eko Errege eguna zen, eta Donostian jokatu zuen. Pilotari bizkaitar batek irabazitako Lehen Mailako azken txapela izan zen —2. Mailako txapelketetan uzta joria egon da—. Andoni Aretxabaletak bolada eten dezake gaur.
«Efemeride hori gogoratzeari utz diezaioten desiratzen ari naiz. Ea oraingoan den; poztuko nintzateke». Gogaituta mintzo da Garcia Ariño, paradoxikoa baita haren kasua; zortzi final jokatu zituen, bost buruz buru eta hiru binaka, eta bakarra irabazi. Irabazitako hura gogoratzen diote. Hartaz geroztik, zortzi finaletan egon dira pilotari bizkaitarrak, eta denak galdu dituzte.
Bolada txarra 1981ean bertan hasi zen, Garcia Ariño IV.ak buruz buruko finala galdu baitzuen binakakoa irabazi eta gutxira, Retegi II.aren aurka (22-11). Hurrengo bi urteetan beste hiru final galdu zituen. 1982ko buruz burukoa, Retegi II.aren aurka berriz (22-9), eta binakako bi. 1982an Maiz II.arekin, Beristain eta Tolosaren aurka (22-21); eta 1983an Gorostizarekin, Bengoetxea IV.a eta Maiz II.aren kontra (22-11). Iñaki Gorostiza da, hain zuzen, buruz buruko txapela irabazi duen azken bizkaitarra (1979). Hortik aurrerako guztiak binakako finalak izan dira, inoiz ez baita bizkaitarrik sartu lau t'erdiko finalean.
Hamar urte pasatu ziren hurrengo finalera arte (1993). Iñaki Urionaguenak, Galarza III.arekin bikote eginez, 22-15 galdu zuen Etxaniz eta Zezeagaren aurka, Bergaran. Urte hartan bi txapelketa egon ziren, Asegarce eta Unidas enpresak ez zirelako ados jarri. Pablo Berasaluze izan zen garratza dastatu zuen hurrengoa, eta antzeko egoera izan zen, 1999an ere bi txapelketa jokatu zirelako, Asperena eta Asegarcerena. Berrizkoak, Belokirekin, 22-17 galdu zuen Nagore eta Errandonearen aurka.
Oier Zearrak 2006an galdu zuen finala. Ordurako konponduak ziren enpresa liskarrak. Olaizola II.arekin jokatu zuen, Irujo eta Eulateren aurka, Gasteizen (22-11). Bere ibilbideko Lehen Mailako final bakarra izan zen. Zazpi urte geroago iritsi zen hurrengo aukera, iaz, Pablo Berasaluzeren eskutik berriz ere. Zaleak ez du ahaztu egun hura. Albisurekin jokatu zuen, Irujo eta Zabaletaren aurka. 4-6 galtzen ari zirenean Berrizkoak orpazurda hautsi zuen.
Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala
Garcia Ariño IV.a bakean utz dezaten
33 urte dira pilotari bizkaitar batek ez duela Lehen Mailako txapelik irabazten. Tarte horretan zortzi final jokatu eta galdu dituzte; ia denak binaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu