Osasunako jokalaria

Aimar Oroz: «Garbi nuen Osasunan jarraitzea zela aukerarik onena»

Ospea ez du gustuko Aimar Orozek. Lasai bizi nahi du, besterik gabe. Fokupean dago, ordea, Osasunaren izarretako bat izanik. Eta hala izango da gerora ere, kontratua 2029ra arte berritu baitu. Oso fin dabil zelai erdian, baina gol gehiago sartu nahi du.

Aimar Oroz Osasunako jokalaria. IÑIGO URIZ / FOKU
IÑIGO URIZ / FOKU
enaut agirrebengoa
Iruñea
2024ko abenduaren 1a
05:05
Entzun

Lerro artean arin mugitzen da Aimar Oroz (Aratzuri, Nafarroa, 2001), eta gisa berean ibili da galderaz galdera. Euskaraz erantzun ditu, egunerokoan «nahi baino gutxiago» aritu arren euskaraz. «Alde horretatik, sumatzen dut Jagobaren [Arrasate] eta Bittorren [Alkiza] hutsunea. Haiekin euskaraz egiten nuen beti». Bestelakoan, pozik da Vicente Morenoren esanetara. Distiratsu dabil sormen lanetan, eta inspirazioari eusten saiatuko da bihar, Sevillaren zelaian (21:00, ETB1). Talde horri sartu zion lehen gola Lehen Mailan, duela bi denboraldi. «Oraingoan, berriz ere, irabazi eta gola sartu; non sinatu behar da?».

Europako postuen lehian zaudete lehen hamalau jardunaldien ostean. Nola dakusazu taldea?

Ongi gaude, etxetik kanpo hobetzeko tartea dugun arren. Sadarren, berriz, gozatzen ari gara. Lastima izan zen Vila-reali irabazi ez izana. Bi puntu galdu genituen. Orokorrean, ondo sumatzen dugu geure burua. Taldekideak gogotsu ikusten ditut, eta ilusioz.

Ligako sailkapenari erreparatzean, nora begiratzen duzu, gora ala behera?

Beti gora. Helburua, berez, mailari eustea da, eta hori ez dugu ahaztu behar. Baina talde polita daukagu, eta kontuan izan behar dugu orain non gauden. Hamalau jardunaldi jokatu dira jada; beraz, ez da kasualitatea hor goian egotea. Anbizioa izan behar dugu.

Etxeko sendotasuna aipatu duzu lehen. Horrez gain, zer arlotan ikusi duzu indartsuen taldea?

Talde osoaren jarrera goraipatuko nuke. Badakigu talde ona daukagula, eta gauza politak lor ditzakegula. Konfiantza handiz gabiltza. Lehen esan bezala, ordea, etxetik kanpo ez gara horren ongi ibili. Donostian partida ona egin genuen, eta ea Sevillaren aurka ere asmatzen dugun.

Entrenatzailea aldatzea ez da zirudien bezain traumatikoa izan. Zer nabarmenduko zenuke Vicente Morenoren inguruan?

Aldaketa handia izan da. Jagobak sei urte egin zituen Osasunan, eta hura hemen zer izan den ikusita, ematen zuen hura joatea kolpe gogorra izango zela. Vicentek ederki bete du hutsunea, ordea. Oso langilea da, eta lehiakortasuna kutsatzen digu jokalari guztioi. Asko exijitzen digu.

Zertan nabaritu duzu alderik handiena?

Agian, entrenamenduetan eta partidak lantzeko moduan. Jagobarekin sei urte egin genituen, eta gu erabat ohiturik geunden haren lan egiteko modura. Ikuspegia aldatu behar izan dugu. Zalantzak genituen denboraldia prestatzen hasi aurretik: ez genekien lehen entrenamenduan zer aurkituko genuen. Hala ere, uste dut egokitzapena oso azkarra izan dela. Jokatzeko moduan, berriz, antzeko entrenatzaileak direla esango nuke.

Horren harira, zure jarduna asko aldatu al da teknikaria aldatzearen eraginez?

Ez, ez dut uste. Sistema berarekin jokatzen dugu: 4-3-3. Eta nire kokapena antzekoa da. Egia da aurreko urtean bosteko defentsako sistema erabili genuela partida askotan, eta hor agian bai, aldatu egiten zen nire zeregina: lan gehiago egin behar izan nuen defentsan.

Vicente Morenok oso aste gogorrak izan ditu, denboraleak haren herria suntsitu baitzuen. Egoera nola kudeatu duzue jokalarien artean?

Zaila eta arraroa izan da. Valladoliden aurkako partidaren ondoren, hainbat egun egin zituen herrian, eta gero beste astebete pasatu zuen han, Real Madrilen aurka jokatu eta gero. Guk lanean jarraitu dugu, baina garbi ikusi dugu futbola ez zela lehentasuna. Ez da samurra izan Vicente sufritzen ikustea. Behintzat, egoera honek indartu egin du talde barruko batasuna.

Duela bi urte loratu zinen Lehen Mailan. Zer hausnarketa egingo zenuke geroztik izan duzun bilakaeraren inguruan?

Asko ikasi dut Taxoareko egunerokoan, eta, partidak jokatu ahala, konfiantza hartuz joan naiz. Esperientziak asko ematen digu jokalarioi. Askeago jokatzeko aukera ematen digu. Taldearentzat garrantzitsuagoa naizela nabari dut orain. Eragin handiagoa dut.

Aurrerapauso bat egin duzu sasoi honetan. Taldearen itsasargia zara, eta zoratu egiten dituzu aurkariak, Bryan Zaragozarekin batera.

Oso eroso nago zelaian, eta gozatzen ari naiz. Bryanek eta biok elkar laguntzen dugu; oso desberdinak gara, baina baita osagarriak ere. Hark aurkariak ezker hegalera erakartzen ditu, eta hala, hutsune handiagoak sortzen dira beste jokalariontzat. Horrekin batera, ederra da jakitea area barruan Budimir dagoela. Puntu asko ematen ari zaigu.

«Ez da samurra izan entrenatzailea sufritzen ikustea. Behintzat, egoerak indartu egin du talde barruko batasuna»

Budimirrek zortzi gol sartu ditu jada; zuk, ordea, bakarra. Gol kopuruari zenbateko garrantzia ematen diozu?

Garrantzi handia ematen diot, eta uste dut gol gehiago sartu behar dudala. Hala ere, ez nau kezkatzen. Ez dut obsesio bihurtzerik nahi. Baina hobetu behar dudan lehen gauza ate aurreko eraginkortasuna da, hori garbi daukat.

Leganesen aurka, zuk jaurti, eta atezainak bere atean sartu zuen baloia. Celtaren kontra, berriz, baloia buruz apur bat ukitu arren, atzelariari eman zioten gola. Gertu ibili zara.

Tira, esan daiteke hiru gol sartu ditudala [barrezka]. Bada, zorte apur bat falta izan zait batzuetan. Eta beste batzuetan, jaurti ordez, pasea ematea erabaki dut. Ez da konfiantza kontua. Sekula ez naiz golegilea izan, eta alde horretatik ekarpen handiagoa egin nahiko nioke taldeari.

Baduzu hobetzeko tartea, 2029ra arte luzatu baituzu kontratua.

Ez dut horren luze itxaron nahi! Ahal den azkarren hasi nahi dut golak sartzen. Era berean, oso pozik nago kontratua luzatu izanarekin. Egonkortasuna emango dit. Klubarentzat eta zaleentzat ere garrantzitsua da nik hemen jarraitzea, edo behintzat, hala sentiarazi didate.

Udan zenbait eskaintza jaso zituen taldeak zu fitxatzeko. Zer moduzkoa izan da hori zuretzat?

Arraroa. Ni lehenik Madrilen izan nintzen, eta gero Parisen, Olinpiar Jokoetan. Egia esan, on egin zidan hemendik kanpo ibiltzeak. Egoera nahiko berria izan da niretzat, eta nire etorkizunaz asko hitz egin da berritu dudan arte. Ni lasai egon naiz. Garbi nuen hemen jarraitzea zela aukerarik onena.

«Polita da umeengan ilusioa eragitea eta zaleen babesa sentitzea. Batzuetan, ordea, gehiegizkoa ere bada»

Parisen urrezko domina kolkoratu zenuen. Zein da hurrengo erronka? Osasunarekin titulu bat irabaztea?

Ufa, sekulakoa litzateke. Kopa eskura izan genuen duela bi denboraldi, eta, Sevillan nolako festa izan zen ikusita, itzuli egin nahi dugu. Horrez gain, Europan behar bezalako esperientzia bat izateko gogoz gelditu ginen iaz.

Hau esan zenion BERRIAri iazko urte hasieran: «Osasunan arrakasta izateak ez dit aldatu bizitza». Gauza bera diozu orain?

Bai. Herrian bizi naiz, Aratzurin, eta bizimodu lasaia daukat, futbolari izateak ospea dakarren arren. Jendeak gehiegi miresten gaitu. Baina gustatu ala ez, gure ofizioaren parte da. Polita da umeengan ilusioa eragitea eta zaleen babesa sentitzea. Batzuetan, ordea, gehiegizkoa ere bada. Herrian desberdinak dira gauzak, eta hor bai, eroso sentitzen naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.