Cesar Krutxaga. Osasunako jokalari ohia

«Garbi dut gutxienez kanporaketetan ariko dela Osasuna»

Osasunak gero eta zailago du zuzenean igotzea, baina horrek ez du kezkatzen Krutxaga. «Kanporaketak daude; hala igo ginen duela bi urte». Diego Martinezen lana «tamainan» neurtu behar dela deritzo

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
enaut agirrebengoa
2018ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Cesar Krutxagak (Ezkaroze, Nafarroa, 1974) duela bederatzi denboraldi utzi zituen Osasuna eta futbola. Geroztik, futbolaren mundutik urrundu da, lehen egin ezin zituen «milaka» gauzez gozatzeko. Horrek, edonola ere, ez du esan nahi Osasuna jarraitzeari utzi dionik. Gorritxoez solastatzean lehenengo pertsona darabil, zale sutsuenek egiten duten gisara. Ez du baztertu egunen batean futbolera itzultzea, baina garbi du ez dela presidente moduan izango. «Asko higatzen du postu horrek».

Zortzigarren dago Osasuna, kanporaketa postuetatik puntu batera, eta zuzenean igotzeko postuetatik zazpira. Zale asko aspertzen hasiak dira. Eta zu?

Denoi gustatuko litzaiguke Osasunak errendimendu hobea izatea. Jokalari, entrenatzaile eta kirol zuzendari onak ditu. Hasieran, sailkapenaren gorenean egon ginen hainbat astez, baina zaila da sasoi osoan hor egotea. Bigarren Maila asko aldatu da urteen poderioz. Berdintasun handiagoa dago orain. Bestalde, uste dut ona izan daitekeela sasoiaren azken txanpara erdi ezkutuan iristea. Hobe da behetik gora egitea, denboraldi osoan goian egon, eta azken hilabetean amiltzea baino.

Baina taldea gain behera doala dirudi. Azken partidetan oso itxura eskasa eman du.

Bai, egia da garai hobeak izan ditugula. Zuzenean igotzeko postuak zazpi puntura daude, eta, gogor estutu ezean, zaila izango da iristea. Baina agian ez dugu zuzenean igo behar; kanporaketak daude. Hala igo ginen duela bi urte.

Porrota litzateke denboraldi honetan Lehen Mailara ez igotzea?

Hala uste dut. Igo ginen urtean, bestela erantzungo nizun. Taldeak maila apalagoa zuen, esperientzia gutxiko gazte askorekin. Denboraldi honetan, ordea, Osasunak talde oso indartsua dauka. Badakit futbolean bi gehi bi ez direla lau, baina, bai, porrota litzateke ez igotzea, edo, bederen, igotzeko kanporaketak ez jokatzea. Azkenean, talde sendoa osatu da, inbertsio garrantzitsua egin da, eta aurreikuspenak horren araberakoak dira.

Osasuna emaitza onak ari da lortzen etxetik kanpo, baina gozakaitz dabil Sadarren. Zergatik ez da kapaza etxean ondo aritzeko?

Osasuna tradizio handiko taldea da, eta Bigarren Mailako talderik onenetakoa du. Sadarren aritzea Lehen Mailan Santiago Bernabeun jardutearen antzekoa da. Aurkariak oso motibatuta ateratzen dira zelaira. Gainera, jokoaren ekimena etxeko taldeari uzten diote, eta halakoetan Osasuna ez dabil nahi bezain eroso.

Txistuak entzun ziren etxeko azken partidan. Zaleen haserrea emaitza txarrek eragindakoa da, edo bada beste arrazoirik?

Nik uste emaitza kontua dela. Bigarren egongo bagina, nahiz eta gaizki jokatu, ez ginateke hainbeste kexatuko. Txistu hotsa nekez entzuten da Sadarren, baina ez nago kezkatuta. Taldea itxura hobea ematen hasten denean, zaleen babesa izango du, ziur. Sadarrek hori bermatu egiten du. Beti izan da horrela.

Baina, emaitzez eta jokoaz harago, nortasun falta ere badago. Beharbada, horrek amorrarazten ditu zaleak gehien.

Kanpotik, badirudi taldeari nortasun apur bat falta zaiola, baina agian bolada txar bat besterik ez da. Era berean, beti ez da lortzen hamahiru jokalari berri taldean behar bezala txertatzea; eta, horrekin batera, batzuetan ez dira nahi beste kapitain ateratzen, eta ez naiz bakarrik etxekoez ari.

Harrobiko jokalariek parte hartze handiagoa izango balute, menturaz, taldeak izango luke behar adina nortasun.

Ni harrobiaren aldekoa naiz, baina kontuz, etxekoek ez dute jokatu behar etxekoak direlako soilik. Harrobiko jokalari baten maila berdina duen norbait fitxatu baino lehen, nahiago dut etxekoaren alde apustu egin. Baina, agian, kanpokoek maila hobea dute. Bestalde, oraingo harrobiko jokalariek hainbat bertute dituzte, baina ez dute lehengo gazteek zuten izaera berezia.

Azkenaldiko emaitzak ikusirik, arriskuan al da Diego Martinez?

Ez dut uste. Ez, behintzat, denboraldia bukatu arte. Entrenatzaileak izan dezake erruaren zati bat, baina erantzukizun osoa ez da berea. Tamainan neurtu behar da teknikariaren lana. Langilea bada, futbolaz asko badaki eta partidak behar bezala prestatzen baditu, nik ez nuke kolokan jarriko, nahiz eta sasoi batean gauzak nahi bezala ez atera.

Berriki ehun egun bete ditu Luis Sabalzaren bigarren agintaldiak. Presidente aproposa da Osasunarentzat?

Meritu handia du, oso garai zailean hartu baitzuen klubaren agintea. Gero, oso zaila da futbolaren mundua, eta are gehiago ez baduzu ezagutzen, eta, nahiz eta borondaterik onena izan, gauza askok ihes egin diezazukete. Orduan, presidente aproposa ote den Sabalza? Agian bada hoberik, baina non dago? Norekin egin behar da alderaketa?

Agian, Cesar Krutxagarekin.

Ez, inondik inora ere. Asko higatzen du postua horrek. Edozer erabaki hartzen duzula ere, kritikak jasotzen dituzu. Badaude kluba ondo kudea dezaketen enpresariak; baina nor dago prest Osasunako presidente bihurtzeko lanpostu on bat uzteko, kontuan hartuta presidentetzan kritikak etengabeak direla, eta ez dela dirurik irabazten?

Erretiroa hartu zenuenetik, urrundu egin zara futbolaren mundutik.

Osasunaren zale sutsua naiz, eta Sadarrera joaten segitzen dut. Baina besterik ez. Jokalari nintzenean, baziren egin ezin nituen milaka gauza; erretiroa hartutakoan, gauza horiek egiten hasi naiz, futbolaren mundutik aldenduta. Horrekin ez dut esan nahi betiko hala izango denik.

Orain sanferminetako entzierroez ari zara gozatzen. Urtero ikusten zaizu zezenen aurrean.

Txikitatik gustatu zaizkit entzierroak. Parte hartzen hasi eta berehala utzi behar izan nituen, eta horrela egon nintzen hogei urtez. Baina arra hor neukan. Orain, galdutako denbora berreskuratzen ari naiz. Iaz pare bat susto izan nituen; ea aurten hobeki doazkidan gauzak.

Azkenean, zezenak harrapatuko al du Osasuna?

Helburua ez du horren urruti, eta uste dut izango duela igotzeko aukera. Ez dakit zuzenean izango den, baina garbi dut gutxienez kanporaketetan sartuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.