Futbola

Garazi Muruak futbola utziko duela iragarri du

Atzelari getxoztarrak erretiroa hartuko du, 29 urterekin, Athleticen hamahiru urtez aritu eta gero, horietatik hamar lehen taldean. Bi urte daramatza lesionatuta, jokatu ezinda.

Garazi Murua San Mamesen jokatutako partida batean. ATHLETIC
Garazi Murua San Mamesen jokatutako partida batean. ATHLETIC
pettan uralde
2024ko ekainaren 4a
14:00
Entzun

Bizitza osoa Athleticen eman ostean, Garazi Muruak futbol ibilbideari amaiera ematea erabaki du. 2011n Lezamara iritsi zenetik kadete mailan, hamar denboraldi eta 178 partida jokatu ditu, eta 2015-2016ko ligako azken txapeldunetako bat da. Penalti jaurtiketetan espezializatu zen, eta zortzi gol sartu ditu bere ibilbidean.

Muruak Andra Mari Ikastolan eta Bizkerre futbol taldean ekin zion futbolari. 15 urte zituela, Athletic B taldean hasi zen jokatzen. Lehen taldera heldu baino lehen, bost hilabetez Ameriketako Estatu Batuetako ligan ibili zen, East Tennessee State Unibertsitatearen taldean.

Ondoren, 2014-2015eko denboraldiko bigarren itzulian egin zuen debuta Espainiako Lehen Mailan, Juanlu Fuentesen eskutik, Collerenseren kontra. Hurrengo sasoian, talde zuri-gorriak, denboraldi bikaina eginda, liga irabazi zuen. Bide horretan, Muruak norgehiagoka guztiak jokatu zituen, eta Lehen Mailan egonkortu zen.

Geroztik, Athleticeko lehen taldeko kapitaina izan da urte askoan, harik eta disko hernia baten ondorioz 2023ko martxoan ebakuntza egin zioten arte. Azken partida 2022ko maiatzaren 15ean jokatu zuen, Lezaman, Sevillaren aurka. 

«Sinetsi ametsetan»

Klubak sare sozialetan jarritako bideo batekin eta futbolariaren mezu batekin jakinarazi du Muruaren erretiroa: «Kalean, eskolan, herriko taldean. Garai batean neska eta emakumeentzat pentsaezina zen horrekin egiten nuen amets. Gure aitzindariek zabaldu zizkiguten ateak, oztopoak gorabehera. Segituan ikasi nuen gure errealitatea oso bestelakoa izango zela, baina etxeko taldean Lehen Mailan jokatzea posible nuela sinetsita nengoen, beste batzuek erakutsi zidatelako bidea».

«Nire ametsik ederrenetan ere ez nuen imajinatuko bizi izan dudana, hamalau urtez Athleticen jokatu, hamar denboraldiz Lehen Mailan, Txapeldunen Liga jokatu eta Liga titulu bat irabazi. Hemen hazi eta hezi naiz, garaipenak ospatu ditugu, eta unerik gogorrenetan negar egin dugu. Zorionekoa ni, ibilbide honetan zehar izan ditudan bidelagun paregabeengatik».

Agur esango dio futbolari, baina harro: «Nire futbol ibilbide profesionala hemen bukatzen da, beste emakume gazte kementsuek hartuaz nire lekukoa. Sinetsi ametsetan, izan gobernaezin. Botak ez dira eskegitzen, oinordetu egiten dira. Ni karezko marraren bestaldean, harmailan, izango nauzue bidelagun, jendartean».

Ekainaren 16an, San Mamesen, Muruari omenaldia egingo diote Sevillaren aurkako partidan (17:00). Denboraldiko azken partida izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.