Historikoki herri pilotazalea izan da Arrasate (Gipuzkoa); besteak beste, makina bat pilotariren sorlekua izana baita bere garaian: Mondragones, Arriaran anaiak, Bolinaga… Ordea, 45 urte atzera egin beharra dago herriko pilotari batek debuta egin zuen azken aldia aurkitzeko. Estatistika txar hori hautsiko du Ander Muruak (Arrasate, 2000), gaur izango baitu profesionaletako estreinaldia, herrian bertan, Uarkape pilotalekuan. 24 urte betetzear dela iritsiko zaio onenekin jokatzeko aukera, heldutasun betean, eta lasai dagoela aitortu du.
Iritsi da debutaren eguna. Zer moduz joan da astea?
Luze samar egin zait, baina berezia izan da, eta gozatu ere egin dut. Jendeak etengabe geratu nau kalean, zer moduz nagoen galdetzeko eta animoak emateko, eta asko eskertzen dut hori. Herrian pilota zaletasun handia dago, eta lagunei eta familiakoei ere ilusioa piztu zaie. Ondo lo egin dut aste barruan, eta debuterako desiratzen nago. Pare bat entrenamendu egin ditut kantxan, eta bikain nabaritu dut neure burua. Ea dena ongi ateratzen den.
Arrasaten Santamas egunean leporaino bete ohi da pilotalekua. Ze giro espero da zure debuterako?
Espero dut jendea animatuko dela. Nik enpresari 150 sarrera eskatu dizkiot konpromisoak betetzeko, eta badakit salmenta txukun doala. Santamasetako jaialdiak arrakasta itzela izan ohi du, eta beste jaialdi bat edukitzea albiste ona da herriarentzat eta pilota eskolarentzat. Niretzat, debuta herrian egitea motibazio bikoitza da.
Halere, azken urteetan Arrasatetik kanpo ibiltzea tokatu zaizu.
15 urte nituela beste pilota eskola batera joan beharra izan nuen, taldekiderik gabe geratu nintzelako. Lehenik Bergaran eta gero Soraluzen ibili naiz. Uztailera arte, zortzi urte neramatzan Uarkapen partidarik jokatu gabe. Uztailean omenaldi moduko bat egin zidaten amateur moduan izan ditudan emaitza onak direla medio. Ez nuen pentsatuko ordutik hain denbora gutxira debuta egiteko aukera izango nuenik.
«Espero dut jendea animatuko dela. Nik enpresari 150 sarrera eskatu dizkiot konpromisoak betetzeko, eta badakit salmenta txukun doala»
Beraz, ustekabekoa izan al zen Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialaren deia?
Bai, guztiz. Badakigu aspaldian zein izan den enpresen filosofia. Joseba Aldaberen salbuespena alde batera utzita, enpresek nahiago izan dute 18 urte inguruko jendeari aukera eman, eta ezusteko galanta izan da Aspek nire alde egitea. Egia da denbora neramala enpresarekin entrenatzen eta itxaropena beti nuela barruan, baina deia ez nuen espero. Orain niri dagokit enpresari konfiantza hori itzultzea.
Heldutasun betean iritsi zaizu debuta.
Garairik onenean, nire ustez. Pilotari guztiok ezberdinak gara, eta esango nuke nahiko berantiarra naizela ni. 18 urterekin ez nuen oraingo mailarik; hurbildu ere ez nintzen egiten. Amateur moduan makina bat partida jokatu dut, eta emaitza onak lortzeko oso ondo prestatuta egon behar da. Sasoi onean nago orain, eta esperientzia pilatuta edukitzea onuragarria da.
Nolako pilotaria zara?
Ausarta, erasoan jokatzea gustatzen zaiona. Nire kolperik onena ezker airea da. Lanik handienak defentsan ditut, batez ere zabaletik pilotak biltzeko garaian. Profesionaletan beste erritmo batean ibiltzen da pilota, eta beharrezkoa da defentsa ona izatea. Hobetu dut arlo horretan, baina oraindik ere tartea badut gehiago hobetzeko. Jokin Etxanizekin etengabe aritzen naiz lanean.
«Epe laburrera begiratzen dut, eta debut ona egitea besterik ez daukat buruan. Irailean beste hiru partida ere baditut, eta ongi etorriko zaizkit ikasteko»
Jokin Altunarekin ere laguntzaile moduan ibilia zara, ezta?
Bai, iazko lau eta erdiko txapelketarako laguntzaile moduan eraman ninduen Altunak pare bat aldiz. Izugarria izan zen harekin kantxan egotea. Niretzat, erreferente nagusia da, eta saiatzen naiz harengandik ikasten. Arlo fisikoa ere elkarrekin lantzen dugu Lizartzan, eta maisu bikaina da. Aholku onak ematen ditu.
Bi urterako kontratua sinatu duzu. Zer helburu dituzu?
Epe laburrera begiratzen dut, eta debut ona egitea besterik ez daukat buruan. Irailean beste hiru partida ere baditut, eta ongi etorriko zaizkit ikasteko. Gero, Promozio Mailako lau eta erdikoa helduko da, eta ea lan ona egiteko gai naizen. Gustatzen zait lau eta erdiko jokamoldea.
Gauzak oker joango balira ere, ikasketak eginak dituzu.
Badakigu pilotatik ez garela biziko, eta gradu bikoitza egina daukat: Soin Hezkuntza eta Irakasletza. Gustuko dut haurrekin lanean aritzea. Arrasateko pilota eskolan irakasle aritzen naiz, eta Gipuzkoako Pilota Federazioan ere ibiltzen naiz, teknifikazio saioak ematen.