Izaro Antxia

Garaipenik ederrena

Areto futbolean partida ofizial bat jokatu duen lehen transexuala da Izaro Antxia portugaletetarra. Herenegun bete zuen «ametsa», Bilbon, Leioa Maia taldearekin.

Julen Etxeberria.
2016ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Ez zen beste norgehiagoka bat gehiago. Gorputzak eta buruak gogorarazi zioten. «Oso urduri pasatu nuen bezperako eguna, dardarka, eta buruko min handiarekin». Kosta zitzaion urduritasun hori gainetik kentzea. «Pistara irtendakoan apur bat lasaitu nintzen, baina oso gutxi iraun zidan; aulkira itzulitakoan berriro dardarka hasi nintzen. Bigarren aldian, ordea, lasaiago atera nintzen. Eta orduan hasi nintzen benetan barneratzen egiten ari nintzena, eta orduan hasi nintzen gozatzen. Ingurukoen animoek egin zuten bestea. Sekulakoa izan zen, oso berezia, ahaztezina».

Izaro Antxiarena da kontaketa (Portugalete, Bizkaia, 1981). Egun bat pasatu da jada, baina ez da gai igande arratsaldean Bilboko San Ignazio auzoko kiroldegian bizi izandakoa kontatu eta ez hunkitzeko. Ametsa hitza du ahoan etengabe. «Ametsa» bete baitzuen, Leioa Maia areto futbol taldearekin jokatuta. Aurretik jokatutakoa zen hainbat taldetan txapelketa ofizialetan, baina inoiz ez emakume izanda. Hain zuzen ere, hura da areto futbolean norgehiagoka ofizial bat jokatu duen lehen transexuala.

«Iazko uztailean hasi zen kirol prozesu guztia», azaldu du. Haren jaioterriko Iraultzaileak taldeko koordinatzailea zen Antxia, baina horrek ez zuen asetzen haren nahia. «Entrenatu bakarrik ez, jokatu egin nahi nuen nik ere». Bizkaiko Areto Futbol Federazioaren atea jo zuen, eta galdera zehatza egin zien hango arduradunei. «NAN berria izandakoan, jokatzeko aukera izango ote nuen galdetu nien». Erantzunik ez zuen jaso. «Ez zuten jakin nola erantzun, nire eskaeraren antzekorik ez zelako sekula izan aurrez». Denbora gutxira, ordea, ate bat ireki zitzaion. «Nire egoera berean zeuden bi lagunek eskaera egin zuten, Oscar Martinez espainiarrak futbol amerikarrean jokatzeko eta Antia Fernandez espainiarrak boleibolean aritzeko. Baiezkoa eman zieten biei ala biei. Aurreko gertakari horiek ikusita, Bizkaiko Federazioak berdin jokatzea erabaki zuen».

NAN berria lortzea. Horra guztiaren koska. «Hori gabe, ahaztu ezer lortzeaz», azpimarratu du, haserre. «Ez luke horrela izan behar, baina, egun dagoen araudiarekin, beharrezkoa da NAN berria izatea. Oso argi dut beste moduren bat egon beharko litzatekeela gure egoeran dagoen jendeak halakorik egin gabe aukera izan dezan. Baina gaur-gaurkoz, ezinezkoa da. Ez da justua».

Duela bi aste eskas lortu zuen berea Antxiak. Martxoaren 30ean. Ez du sekula ahaztuko egun hori. «Bi lagunekin batera joan nintzen NAN berria jasotzera. Ezin dut hitzez azaldu zer sentitu nuen, hura eskuetan izan nuenean. Sekulako poza hartu nuen, bi urteko borrokaldi luze eta gogor baten saria baitzen. Eta hala ospatu nuen lagunekin batera, sari baten moduan. Eskutik heldu, eta Munduko Kopako garaikurra balitz bezala altxatu genuen. Zirraragarria izan zen».

Gorako bidean

NAN berria eskuetan zuenerako hiru aste zeramatzan entrenatzen Leioa Maiarekin. Aurretik beste bi talderekin proba egindakoa zen, Zornotzako Betigolekin eta Durangoko Sasikoarekin. «Betigolekin hasi nintzen. Han jokatzen du Iraide Leginak, nire lagunak, eta nire bidea hartuko duen hurrengoa. Oso gustura aritu nintzen, baina taldearen mailak ez ninduen asetzen. Sasikoak, ordea, maila handiegia zuen». Horrela iritsi zen Leioa Maiara. «Oso gustura» ari da, eta nabarmendu du ez duela ez taldekideekin ez aurkariekin arazo bakar bat ere izan. Horregatik, sasoi hau amaitutakoan ere haiekin jokatzen segitzeko asmoa du, baita Donostiako Gehiturekin ere, Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexualen Elkartearen taldearekin. «Denbora luze daramat haiekin jokatzen, eta beti izan dut haien babesa. Asko zor diet».

Zoriontasunaren adibide da Antxia. Urruti geratu dira iraganeko aldi txarrak. «Orain bi urte hasitako prozesu luze baten geltoki bat da hau. Zorionez, niretzat, ez da prozesu gogorra izan. Batetik, aurrerapausoa eman nuenean, putzu beltz eta sakon batean nengoen, eta oso argi izan nuen bizirik irauteko modurik onena pauso hau ematea zela. Horregatik jarri nintzen harremanetan Aldarte elkartekoekin. Ordutik, gorako bidea egin dut etengabe. Bestetik, bide honetan beti izan dut gertukoen laguntza eta babesa. Zorionez, inork ez dit oztoporik jarri».

Eskertuta dago azken egunetan jaso duen babesagatik, baita haren kasuari oihartzun eman dioten komunikabideekin ere. Halere, kritika zorrotza egin du. «2016. urtean gaude. Oso tristea da hau albiste izatea. Baina, zoritxarrez, beharrezkoa da horrelako kasuek oihartzuna izatea. Pena da, baina halakoa da gizarte hau. Espero dut nireak norbaiti balio izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.