Garaipenek baino ezin dute sendatu

Alaves partida bakarrean nagusitu da Coudeten esanetara dagoenetik. Taldearen estatistika onek ez dute islarik emaitzetan, batez ere Mendizorrotzan. Arabarrek Vila-real hartuko dute gaur (16:15, Movistar).

Eduardo Coudet haserre, partida batean. ZIPI / EFE
Eduardo Coudet haserre, partida batean. ZIPI / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko martxoaren 8a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Liga bukatzeko hamabi partidaren faltan, Bigarren Mailara jaisteko postuetan dago Alaves. Denboraldia osasuntsu abiatu zuen, lehen sei jardunaldietan hiru partida irabazita. Bada, ordutik, bi garaipen besterik ez du lortu. Agorraldiak hezur eta azal utzi du Arabako taldea, eta, oraingoz, entrenatzaile aldaketak ez du suspertu. Luis Garcia Plazarekin emaitza hobeak lortu zituen Eduardo Coudetekin baino. 11 lehia jokatu ditu orain arte teknikari argentinarraren agindupean, eta bakarra irabazi du. Agintariak pozik daude Coudeten lanarekin: taldearen jokoak hobera egin duela iruditzen zaie. Alabaina, datu hotzak baino gehiago, puntuen berotasuna behar dute arabarrek.   

Ezinean etxean

Gozokia aurkari zuzenentzat

Etxean dago galbidetik ateratzeko giltza. Coudetek bost neurketa zuzendu ditu Mendizorrotzan, eta bakarra ere ez dute irabazi gasteiztarrek: puntuak banatu zituzten Athletic eta Celtarekin, eta esku hutsik gelditu ziren Gironaren, Getaferen eta Espanyolen aurka. Azken bi horiek Alavesen aurkari zuzenak dira jaitsiera saihesteko borrokan, eta haien aurkako estropezuek min handia egin zuten. Aurrez, Valladolidek ere garaipena eskuratu zuen Mendizorrotzan, eta Leganesek puntu bat urratu zuen. Berdinketa horrekin amaitu zen Garcia Plazaren aroa. Alabaina, Alavesek ezinean jarraitu du etxean sailkapeneko talderik apalenen aurka. Bisitari bezala puntu bakarra lortu zuen Valentzian eta Leganesen.

Defentsa hauskorra

Kolpe ugari azken txanpan

Sasoi osoan, gaitz nagusi bat izan du Alavesek: sendotasun falta. Atzetik aurrera eraikitako taldea izan da beti, baina sasoi honetan pitzatu egin zaizkio zimenduak. Soilik hiru bider utzi du atea hutsean, eta duela lau hilabete izan zen, etxean, Mallorcaren aurka (1-0). Geroztik hamalau partida jokatu dituzte arabarrek, eta aurkari guztiek zulatu diote atea. Coudetek hainbat saiakera egin ditu defentsako egitura irmotzeko: Diarra eta Mouriño ipini ditu Abqarren bikotekide gisa, zenbaitetan bost atzelariko lerroa erabili du… Haatik, Alavesek oso hauskor jarraitzen du, eta partiden hondarrean gol gehiegi sartu dizkiote Coudetekin; lau sartu dizkiote 85. minututik aurrera, eta sei puntu galdu ditu horren ondorioz.  

Iturri lehorra

Jaurtiketa asko, gol gutxi

Golak errazegi ari zaizkio sartzen Alavesi, eta, kontrara, asko kostatzen zaio baloia kontrarioen atean sareratzea. Azken lau partidetan aurkariek baino jaurtiketa gehiago egin ditu, orotara nahiz atera. Garaipenek, halere, ihes egin diote. Baloi jabetzari eta aurkariaren arean izandako presentziari ere ezin izan dio etekinik atera Gasteizko taldeak. Getaferen aurka, adibidez, %66ko jabetza izan zuen, eta kontrarioak baino 26 aldiz gehiago ukitu zuen baloia kontrako arean. Coudetek joko landua egin nahi du, eta horrekin zerikusia du Aleñaren fitxaketak eta Jordan hamaikakoan ipintzeko apustuak. Eraginkortasuna behar du taldeak. Etxeko azken partidetan bi aurrelarirekin aritu da Alaves, baina joa falta izan zaio halere. Kike Garcia da ate aurrean asmatzen ari den bakarra. Aurrelariak zortzi gol daramatza Coudetekin. 

Ez du amore eman

Salbazio postuak gertu

Gasteiztarrek azken-aurreko postuan hasiko dute gaur etxean Vila-realen aurka jokatuko duten partida. Baina puntu bakarrera dituzte Valentzia eta Las Palmas. Jokalarien jarrerak ere taldea bizirik dagoela erakusten du, Mallorca eta Leganesen aurka izandako erreakzioa kontuan izanda. Gaurko partidaren ondoren, final kutsuko lehia jokatuko dute Las Palmasen zelaian datorren astean. Hain justu, Las Palmas da orain arte menperatu duten aurkari zuzen bakarra. Gainera, Coudetekin lehia bakarra galdu dute etxetik kanpo. Hori bai, epe laburrean emaitza onak lortuta ere, salbazioa lortzeko bide malkartsua izango du Alavesek. Egutegi zaila datorkio apiriletik aitzina: jarraian Girona, Real Madril, Sevilla, Reala, Atletico Madril eta Athletic izango ditu aurkari.

OSASUNAK ESTU HARTU NAHI DU GAUR BARTZELONA

Plaza zailean ariko da gaur talde gorritxoa: Bartzelonari, Ligako liderrari egingo dio bisita (21:00, Dazn). Aspaldian irabazi ezinik dabil –garaipen bakarra azken hamalau partidetan–, eta joan zen igandean bi puntuk oso modu mingarrian egin zioten ihes Valentziaren kontra. Ez da Montjuicen jokatzeko momenturik aproposena. Hala ere, nafarrek badakite zer egin behar den Hansi Flickenak estu hartzeko: lehen itzulian 4-2 menderatu zuten Bartzelona, artean Ligako partidarik galdu gabe zegoela. Sei aldiz irabazi du Osasunak talde blaugranaren etxean, eta beste balentria bat egiten saiatuko da gaur. Litekeena da Vicente Morenok bost atzelariko sistema erabiltzea, Herrandori hamaikakoko atea zabalduta. Aimar ezingo du zelairatu, min hartuta baitago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.