Amaya Sport San Antonio.Ristanovic, Sevaljevic (6), Guardiola (6), Victor (3), Sluijters (4), Crowley (2), Agirrezabalaga (3, 1p)—hasierako zazpikoa —; Lucau, Peciña (1), Rasic (4), Meoki (1), Curkovic (4), Jimenez (1) eta Luisfe (1).
Ademar Leon. Losert, Cabanas (1), Candau (3), Carou, Garcia (5), Stranovsky (6, 2p), Ferrer (2) —hasierako zazpikoa—; Alamo, Goñi (1), Baena, Krivotxlykov (3), Borges (4), Ruesga (7) eta Cutura (3).
Markagailua. 3-3, 5-6, 9-12, 14-18, 18-21 (atsedenaldian); 22-23, 26-24, 28-29, 31-31, 34-33,
Epaileak. Garcia eta Rios. Bi minutuz kanporatuak: San Antonioko Peciña, Meoki, Rasic, Curkovic; eta Ademarreko Cabanas (2) eta Stranovsky (2).
Bestelakoak. 800 ikusle inguru NUPeko pabiloian. Bi taldeak geldirik geratu ziren lehen minutuan, duten egoera larria salatzeko.
Azken unean. Ademar Leoneni 36-35 irabazi zion Amaya Sport San Antoniok atzo, bere pistan, Agirrezabalagak azken segundoetan lortutako golari esker. Protesta eginez hasi zuten partida nafarrek, taldeak irudi eskubideak eta hilabete bateko soldata zor diela salatzeko. Norgehiagoka hasi bezain pronto, baloia lurrean utzi, eta pistan mugitu gabe gelditu ziren jokalari iruindarrak. Epaileek partida gelditu zuten. Ia minutu batez eutsi zioten nafarrek protestari, jarraitzaileen txaloen artean. Zuzendaritzaren dimisioa eskatzen zuen pankarta bat ere erakutsi zuten.
Partida kontra jarri zitzaion San Antoniori lehendabiziko zatian. Ademarrek hartu zuen jokoaren kontrola bere esku. Etxeko taldea, gainera, ez zen fin ibili defentsan. Intentsitatea falta zitzaion, eta horrek errazago bilakatu zuen Ademarren kontraerasoa.
Abantaila horri esker, 18-21 amaitu zen lehendabiziko zatia, Ademarren alde. Bigarrenean gauzak aldatu ziren. Atsedenaldiak on egin zion San Antoniori, eta defentsa estutzen asmatu zuen. 38. minutuan, lehendabiziko aldiz, aurretik jarri ziren etxekoak, 24-23.
Bigarren zatian oreka izan zen nagusi markagailuan; bai eta jokoan ere. Nafarrei, hala ere, sumatzen zitzaien partida irabazteko gogoz zirela. Garaipena lortzeko grina erakutsi zuten pistan, eta gogo horrek on egin zien haien jokoari.
Norgehiagoka berdinduta ailegatu zen azken txanpara. 35-35 zegoen markagailua, amaitzeko minutu eskas falta zenean. Ristanovicen geldiketa batek San Antoniori eman zion erasoan aritzeko aukera, eta Agirrezabalagak ez zuen aukera galdu. Bere golari esker, 36-35 etxekoen alde.
San Antonio 36. Ademar Leon 35
Garaipenaren gola, azken unean
Amaya Sport San Antoniok Ademar Leoni irabazi dio, eta mailari eusteko urrats ia erabakigarria egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu